Zestoako Gaztetxeak eta Defentsa Komunitateak Erresistentzia Jaialdia antolatu dute maiatzaren 17rako Zestoan, eta dena prest dute dagoeneko. 18:00etan hasita, Kaparrak, J Martina, Rodeo, La Txama, Ke lepo + Felix Buff, Hazas&Jagoba, Malakias MX3, Mutiko eta Eire taldeen kontzertuak izango dira herriko plazan, eta kontzertu batetik besterako tarteak Mali DJak girotuko ditu. Gunea bera jaialdia hasi baino ordubete lehenago zabalduko dute, 17:00etan hain zuzen, eta 04:30ak arte egongo da zabalik, eta bertan afaltzeko aukera egongo da. Jaialdirako sarrerak Zestoako Mollergi eta Azpeitiko Haginpe tabernetan daude eskuragai, 18 euroren truke; eta online ere eros daitezke, 19 euro ordainduta.
Euskal Herriko toki askotako jendea espero dute larunbatean Zestoan. Batzuk autobusez bertaratuko dira, hainbat eskualdetan antolatu baitituzte Erresistentzia Jaialdira joateko autobusak; eta beste batzuk, autoz. Antolatzaileek jakinarazi dute autoz doazenek Sorazu industrialdea erabil dezaketela ibilgailua aparkatzeko.
Erresistentzia Jaialdiari esker ateratzen duten dirua "aurtengo ikasturtean Euskal Herriko langile kontrolpeko espazioek izandako kolpe errepresiboei erantzuteko" izango dela aurreratu dute antolatzaileek. "Bereziki gaztetxeak izan dira aurtengo ikasturtean jopuntuan egon direnak: Zestoako Gaztetxearen borrokak utzitako kostuekin ireki zen ikasturtea eta, besteak beste, Lizarrako [Nafarroa] Gaztetxearen aurkako isunak, Durangoko [Bizkaia] Gaztetxe berriaren desalojoa, Irungo [Gipuzkoa] Mosku gaztetxearen desalojoa edota aurreko hilabetean izandako Etxarri gaztetxearen aurkako desalojo bortitzak osatu dute aurtengo kurtsoa". Horrez gain, Zornotzako (Bizkaia) Matrailu gaztetxea desalojatzeko agindua ere edozein momentutan irits daitekeela ohartarazi dute, eta Burlatako (Nafarroa) Gaztetxeak gaztetxe zaharraren eraistearen aurrean alternatiba bat bilatzeko abiarazitako borroka ere nabarmendu dute.
Hain zuzen ere, Defentsa Komunitatea hainbat gaztetxe, zentro sozial, zentro sozialista eta abarrek osatutako sarea da, eta haren izateko arrazoia honakoa: "Espazioek modu isolatuan erantzun ezin dieten erasoei modu antolatuan erantzutea, espazio horiek bizirik jarrai dezaten". Eta Erresistentzia Jaialdia antolatzeko arrazoia ere ildo beretik doala zehaztu dute: "Langile kontrolpeko espazioek jasandako kostu errepresiboei aurre egiteko antolatutako dinamika bat da. Horren bitartez, Defentsa Komunitateko erresistentzia kutxa hornitu eta espazioek jasandako isunei, espazioen defentsatik eratorritako gastuei, prozesu judizialen kostuei eta abarri erantzuten zaie".