Amillubi Lurra Taupaka proiektuaren arduradunek udaberriari ongietorria emateko jaia antolatu dute larunbaterako Iraetako Amillubi baserrian, baina festarako ez ezik, lehen sektoreari buruz hausnartzeko tartea ere hartuko dute egun horretan bertaratzen diren herritarrek. Izan ere, egun osoko egitaraua prestatu du taldeak, herritarren gozamenerako eta ekoizleek zein herritarrek elkartrukerako espazio bat edukitzeko helburuarekin.
Nork ekoiztuko du etorkizuneko janaria? lelo hartuta gauzatuko dute larunbateko egitasmoa, eta hain justu, galdera horren pean ekingo diote aurtengo Udaberriko Jaiari. 09:30ean, parte hartzaileei ongietorria eginda hasiko dute Udaberriko Jaia Amillubin, eta bi mahai inguru egingo dituzte segidan. Antolatzaileen arabera, Amillubiren geroari so egingo diote goizean zehar, eta han gara daitezkeen proiektuak diseinatzen hasi aurretik, sektorearen erronkak eta horiei aurre egiteko irtenbideak landuko dituzte solasaldietan. Hain zuzen, txanponaren bi aldeak jorratuko dituzte, erreleboa eta kolektibotasuna izango baitituzte ardatz saio horiek: "Errelebo falta eta errelebo prozesuak gauzatzeko zailtasunak sektorearen erronka nagusietako bat dira egun, eta horiek landuko ditugu mahai inguru batean. Zailtasun horiei erantzuna ematera datorren kolektibotasuna da, berriz, beste mahai inguruan landuko duguna. Izan ere, gero eta adibide gehiago daude modu kolektiboan antolatzen diren egitasmoek sektoreko erronkei erantzun diezaieketela erakusten dutenak, eta proiektu horien sustatzaile batzuk gonbidatu ditugu mahai inguruan parte hartzera", esan du Ane Rivas Amillubiko koordinatzaileak.
Saioen ondotik, bazkari agroekologikoa egingo dute, 14:30ean. Sustatzaileek azpimarratu dute etorkizuneko janariak "ekoizpen duinean oinarrituta" egon behar duela, eta horren aldeko apustua egingo dute otorduaren bidez ere, bertako produktu ekologikoak sustatuko baitituzte.
16:00etan, berriz, kultur saioak hasiko dituzte, eta besteak beste, umeentzako ipuin kontaketak, bakarrizketak, poesia musikatuak zein kontzertuak eskainiko dituzte. Antolatzaileek umeen txokoa ere egokituko dute Udaberriko Jaiak irauten duen bitarterako, eta goizean, gainera, zaintza zerbitzua eskainiko dute.
Azoka ere prest
Antolatzaileen beste helburuetako bat da proiektuak martxan jarraitu ahal izateko dirua biltzea. Izan ere, azaldu dute "kopuru txiki bat" falta zaiela baserria erosten amaitzeko, eta horretarako zein egunerokoan sortzen zaizkien gastuei aurre egiteko diru iturri gisa ere baliatu nahi dute larunbateko eguna. Ildo horretan, nekazaritza material eta produktuen bigarren eskuko azoka ere egingo dute 12:00etatik 19:00etara bitartean, eta herritarrei dei egin diete beren alea jar dezaten: "Etxean erabiltzen ez dituzten baina erabilgarri edo zaharberritzeko moduan dauden tresnak eta baserriko produktuak azokara eramatera animatzen ditugu herritarrak, Amillubirentzako dohaintza moduan. Guk azokan salgai jarriko ditugu, eta dirua Amillubiren erosketara bideratuko dugu".
Azokara zerbait eramateko asmoa dutenek aurrez koordinazioa@amillubi.eus helbide elektronikora mezua idatz dezatela eskatu dute antolatzaileek, zer eramango duten adieraziz eta, ahal bada, produktu horren argazki bat bidaliz. Azokaren egunean, berriz, produktuak 12:00etarako eraman ditzatela galdegin diete herritarrei.
Sarrerak salgai
Bazkarira zein arratsaldeko saioetara joateko sarrerak salgai daude dagoeneko, entradium.com atarian. Helduek 10 eurotan izango dute bazkaria, eta arratsaldeko emanaldietan parte hartzeko, beste horrenbeste ordaindu beharko dute. Umeek, berriz, arratsaldeko saioak doan izango dituzte, eta bazkaria, 7 euroren truke.
Horrez gain, beste hainbat datu ere helarazi dituzte larunbaterako: baserrian aparkatzeko espazioa "oso mugatua" izanik, Iraetan dagoen futbol zelaian utzi beharko da autoa, gero oinez joateko Amillubira. Seinaleak jarriko dituzte horretarako, eta bide batez herritarrek "Urolako meandroaz gozatzeko aukera" izango dutela aurreratu dute antolatzaileek. Dena den, asfaltatu gabeko lurrezko pista da bidea, eta jakitun dira ez dagoela "oso baldintza egokian". Hori horrela, behar dutenentzat garraio zerbitzua eskainiko dute, eta hori erabili nahi duenak aurrez taldearekin jarri beharko du harremanetan, 943-76 14 47 telefono zenbakira deituta edo helbide elektronikora idatzita. Jaia ere Amillubiko baserriaren lurretan izango da, zelaietan batez ere. Beraz, mugikortasun arazoak dituztenei ere antolatzaileekin harremanetan jartzeko eskatu diete.