Zestotik Mahaira izeneko zikloaren bigarren edizioa antolatu du Zestoako Udalak. Agroekologiaren inguruko hainbat ekintza izango dira abenduan eta urtarrilean zehar herrian. Jarduera guztiek agroekologia izango dute ardatz, eta, udalaren arabera, "elikadura sistema modu jasangarriago eta osasuntsuago baterantz begirada jartzea" izango dute helburu.
Zikloarekin hasteko, Koxinatu sukaldaritza tailerrak izango dira abenduan, Maitatu, koxinatu, eraldatu lelopean. Garaiko eta bertako barazkiekin sukaldatzen ikasiko dute parte hartzaileek, eta Maitane Cabezak gidatuko ditu saioak.
Hiru saio
Abenduaren 13an –ostirala– izango da lehen saioa, Arroabean, LH 3 eta LH 6 mailen arteko haurrei zuzenduta. 17:00etatik 18:30era egingo dute tailerra, Arroabeko Elkargunean. Abenduaren 10a da izena emateko azken eguna; 943 14 70 10 telefono zenbakira deituta –5 luzapena– edo ingurugiro@zestoa.eus helbidera idatzita eman daiteke izena.
Abenduaren 17an –asteartea– egingo dute bigarren saioa, Zestoan, bigarren zikloko gaztetxoei zuzenduta. 17:00etatik 18:30era artean izango da saioa, Gaztelekuan. Abenduaren 14a da izena emateko azken eguna; 688 68 40 29 telefonora deituta edo gazteria@zestoa.eus helbidera idatzita eman daiteke izena.
Hirugarren eta azken saioa abenduaren 18an –asteazkena– izango da, Zestoan, helduei zuzenduta. Gabonetako errezetak landuko dituzte tailerrean, eta jubilatuen tabernan elkartuko dira, 18:00etatik 20:00etara. Abenduaren 15a da izena emateko azken eguna; 943 14 70 10 telefono zenbakira deituta –5 luzapena– edo ingurugiro@zestoa.eus helbidera idatzita eman daiteke izena.