Amillubi proiektuaren lehen urteurrena ospatuko dute igandean

Maialen Etxaniz 2024ko aza. 29a, 16:00

Amillubi Lurra Taupaka proiektuaren sustatzaileak. (Amillubi)

Igandean auzolana eta ekitaldia egingo dituzte, lehen urtemugaren aitzakian. Lehen urtearen errepasoa egin eta ospatu ez ezik, "erreleboa irudikatuko duen espazio polit bat" sortuko dute. 

Urtebete da Biolur elkarteak Amillubi Lurra Taupaka egitasmoa aurkeztu zuenetik, aurrez bi urteko aurrelanketa egin ostean. Amillubi proiektuaren bidez, Zestoako Iraeta auzoko Amillubi baserria eta bere lurrak modu kolektiboan erosteko ibilbideari ekin zioten, "lurra espekulaziotik zein artifizializaziotik babesteko asmoz, eta lehen sektorea eta gure elikadura sistema indartzeko helburuarekin". Orain, urtebete beranduago, lehen urtemuga ospatuko dute, eta horretarako hitzordua jarri dute igandean. 

Abenduaren 1ean, igandez, egingo dute lehen urteurreneko ekitaldia, Amillubin bertan. Ekitaldiaren aurretik auzolana egingo dute baratzeko lurretan, 10:00etan hasita, eta, ondoren, 13:00ak aldera, egingo dute urtemugari lotutako ekitaldia. Bertan, lehen urteak eman duenaren errepasoa egin ez ezik, Amillubin topatu eta zaharberritu duten goldea jarriko dute ikusgai. Aurreratu dutenez, "erreleboa irudikatuko duen espazio polit bat" sortuko dute. 

Lehen urtea "gogorra bezain polita" izan dela azaldu dute proiektuko kideek; izan ere, lehen hilabeteetan lurra ezagutzen eta prestatzen ibili ziren. Uztak ez dira haiek espero bezain onak izan, baina oraindik "bide osoa egiteko" dutela azaldu dute. Hori dela eta, herritarrei dei egin diete proiektua babes dezaten eta ekarpena egitera animatu dituzte. 

Agroekologia mugimenduari dituen beharrak asetzen laguntzea da Amillubi proiektuaren helburuetako bat. Aurten, esaterako, porru mintegia osatu dute, eta bertan hazitako 120.000 porru landarek Gipuzkoako nekazariei eman zizkieten. Aste honetan garia sartu dute, okin-taldearen beharrei erantzuteko.

Amillubiren lehen urteurrenaren harira, proiektuaren inguruko erreportajea kaleratuko du Gukak datorren astean. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide