Beñat Etxabe: "Musikaz gozatu nahi duen oro gonbidatuko nuke emanaldira"

Iraia Korta 2024ko aza. 20a, 09:45

Beñat Etxabe. (Iraia Korta)

Santa Zezilia egunerako, ostiralerako, kontzertu "berezia" prestatu du Zestoako Musika Bandak; Rockalean taldearekin ariko dira. Kiroldegian izango da emanaldia, 20:00etan. Txartelak Turismo Bulegoan eta Laiak dendan eskura daitezke, 5 euroren truke.

Beñat Etxabek (Zestoa, 1994) txiki-txikitatik izan du musikarekin lotura estua, eta gaur egun musika "ezinbesteko elementua" du bere bizitzan. Azpeitiko Musika Bandaren ordezko zuzendari gisa ibilitakoa da, eta Zestoako Musika Bandaren zuzendari gisa dabil azkenaldian. Santa Zezilia egunaren harira, ostiral iluntzerako emanaldi "berezia" prestatu dute Zestoan, eta haren inguruko azalpenak eman ditu zestoarrak.

Zer da musika zuretzat?

Musika afizioa eta ofizioa da niretzat. Musika ikasketak egin nituen, orain lanbidea dut, eta zaletasuna ere betidanik izan dut. Nire bizitzako parte handi bat da musika.

Noiz piztu zitzaizun musikarekiko grina?

6-7 urte nituela hasi nintzen musika eskolan, baina kontserbatorioan ikasten ari nintzela hartu nuen musikaren inguruko ikasketak egiteko erabakia.

Inoiz pentsatu al zenuen bandako zuzendari izatera iritsiko zinenik?

Pandemia garaian hasi nintzen pentsatzen zuzendari gisa prestatzeko ikastaroren bat egin nezakeela, egunen batean Zestoako Bandako zuzendari kargua besteren batek hartu beharko zuela eta. Hala ere, ez nuen espero aukera horren goiz iristea.

Zer alde nabaritu dituzu bandako kide eta zuzendari izatearen artean?

Kargua bera da aldea. Bandako kide zarenean, bat gehiago zara; zuzendari postuan, aldiz, ardura handiagoa duzu eta taldea aurrera eramateko erantzukizuna. Giroaren aldetik, baina, ez da ezer aldatu.

Bietako rol bat aukeratu beharko bazenu, zein eta zergatik?

Zaila egiten zait bat aukeratzea. Zuzendaria baino lehen musikaria naiz, eta bandan jotzea asko gustatzen zait. Zuzendariaren lana, aldiz, oso desberdina da. Egia da, erantzukizun aldetik, bandako kide izanda libreago zarela eta eginkizun gutxiago dituzula; eta zuzendari zaren momentutik, bandaren aurpegi bihurtzen zarela. Hala ere, momentuz, biak ditut oso gustuko.

Azkenaldian Zestoako eta Azpeitiko banden zuzendari jardun zara. Noiztik?

Uztailetik ari naiz Zestoako Udal Banda zuzentzen, baina ez naiz zuzendari ofiziala, ordezkoa baizik. Azpeitian, berriz, Unai Frantsesenaren aitatasun baimena ordezkatzen aritu izan naiz pare bat aldiz.

Urtero bezala, Santa Zezilia egunaren bueltan kontzertua emango duzue Zestoan, eta herritarrei zerbait "desberdina" eskaintzekoak zarete. Zehazki, zer?

Aurten gai espezifiko bati buruzko kontzertuak eman ditugu; Jacob De Haanen kontzertu monografikoa eta Hans Zimmerren soinu bandak, besteak beste. Santa Zeziliako kontzerturako bi ideia nituen: alde batetik, rock euskalduna ardatz izango duen emanaldia egitea; eta bestetik, Rockalean taldearekin batera kontzertua eskaintzea. Eta azken hori aukeratu nuen. Talde hori elektrotxaranga gisa ezagutzen du jendeak, baina, izatez, ez da elektrotxaranga bat, geldian ere jotzen baitute. Beraiekin hitz egin ostean, udalarekin adostuta lotu genuen ikuskizuna. Nik lehenagotik ezagutzen ditut taldekideak, eta, beraz, ideia ona iruditu zitzaidan herriko bandari pizgarri bat emateko eta motibazioa areagotzeko. Zerbait berezia egin nahi nuen, eta uste dut lortuko dugula.

Emanaldi horretan zer motatako musika entzun ahal izango dute herritarrek?

Euskal musika eta nazioarteko rocka; Xalbadorren heriotzean zein ACDCren Highway to hell.

Nondik sortu zitzaizuen ideia?

Taldeko kideak ezagutzen nituen eta banekien horrelako emanaldiak egindakoak zirela beste herri batzuetako bandekin. Errenteriako [Gipuzkoa] jaietan beraien kontzertua ikustera joan ginen, eta orduan erabaki nuen aurrera egitea. Lehendabizi bandakoak jarri ginen Rockaleanen kontuak kudeatzen dituen Zozongo enpresarekin harremanetan, eta baietza eman zigutenean, udala arduratu zen kontratuak ixteaz eta.

Zenbat musikarik parte hartuko duzue emanaldian?

Zestoako Udal Bandako 40 bat musikarik eta Rockaleaneko bost taldekideek parte hartuko dute.

Kontzertuaren eguna ere aldatu duzue aurten; beti larunbatetan egin ohi duzue, baina aurten, ostiralean egingo duzue. Zer dela eta?

Santa Zezilia egunaren bueltako kontzertua normalean beti larunbatean izan ohi da. Aurten, ordea, Santa Zezilia eguna, azaroaren 22a, ostirala da, eta pentsatu genuen egunean bertan egiteak bere xarma izango zuela. Zalantzak izan genituen, larunbatean emanaldira jende gehiago etorriko zela uste baikenuen, baina egun berean Kintoen Eguna ere badenez, eta horregatik kontzertura jende gutxiago etorriko litzatekeela iritzita, azkenean ostiralean egitea hobetsi genuen.

Zergatik gomendatuko zenieke herritarrei emanaldia ikustera joatea?

Kontzertura joateko esango nieke estilo askotako musika entzun ahal izango dutelako, nahiz eta rock estiloa gailendu, kanta ezberdin eta ezagun asko joko baititugu. Horretaz gain, horrelako emanaldi berezirik aspaldian ez zuten ikusiko eta entzungo herritarrek, eta guretzako ere izugarria izango litzateke kiroldegia beteta ikustea. Musikaz gozatu nahi duen oro gonbidatuko nuke emanaldia ikustera.

Hurrengo hilabeteetan horrelako beste emanaldirik egiterik aurreikusten al duzue?

Bai; hurrengo urtera begira zerbait pentsatzen ari naiz, Zestoako Udal Bandaren 115. urteurrena izango baita. Beraz, gustatuko litzaidake kontzertu bereziren bat egitea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide