Egitaraua aurkeztuta, "zapalkuntzarik eta torturarik gabeko festen alde" jarraituko du Gurea Kulturak

Maialen Etxaniz 2024ko eka. 21a, 14:54

"Zezenketen aurkako talde gisa" aurkeztu du bere burua Gurea Kulturak. "Animalien eskubideen errespetuan" oinarritutako festak aldarrikatu dituzte, eta norabide horretan lanean jarraituko dutela azpimarratu. Gurea Kultura egitasmoaren barruan, Zestoan arituko dira, besteak beste, Viva Belgrado, Nakar eta Pelax musika taldeak.

Gurea Kultura proiektuko kideek hitzordu berezia izan zuten atzo, ostegunez, Zestoan; izan ere, Amabirjin jaietarako antolatu dituzten kontzertuen berri emateko ekitaldia egin zuten plazako arkupetan. Aurkezpena, ordea, ez zen musikara mugatu. Gurea Kulturako kideak haien hautuan berretsi ziren, eta taldearen jardunaren zentzua eta norabidea azpimarratu; izan ere, kultur taldearen iritziz, Zestoako "zezenketak indarra hartzen" ari dira urtez urte. Hori dela eta, gaia gizarteratzeko eta "zapalkuntzarik eta torturarik gabeko festak" aldarrikatzeko, Gurea Kultura Loratzen dinamika abiatu dute. 

"Gurea Kultura zezenketak errefusatzen dituen herritarrontzat espazioa izatea nahi dugu. Animalien sufrimenduari buruzko hausnarketa sakona sustatu nahi dugu, ekintza horiek geldiarazten saiatu eta gure tradizioek izan dezaketen bilakaerari buruzko eztabaidak piztu", azaldu zuten kultur taldeko kideek. Haien iritziz, zezen, behi eta zekorren festak "krudelkeria eta indarkeria modu bat dira", eta, era berean, "tradizioak justifikatutako entretenimendu modu bat, animalia horien bizitzak arriskuan jartzen duena". Halaber, animalien eskubideen "defentsa irmoa" egin dute: "Ulertzen dugu eskubide urraketa bat dagoen momentutik, praktika honek ez lukeela tokirik izan behar gure herrian".

Hori dela eta, Euskal Herriko beste hainbat lekutan egin den bezala, Zestoan ere "animalien erabileraren inguruko eztabaida"  piztea nahi du taldeak, eta aldaketarako urratsak eman; Lekeitio jarri dute adibide gisa. Era berean, diru publikoa zezenketara bideratzea "ulergaitza" zaie: "Ez dugu ulertzen nola oraindik gure herrian zezenketak diru publikoarekin finantziatzen dituen udalak, animalenganako torturan oinarritutako ekimen bat izanda". Hori dela eta, Zestoa "aldaketa positiboaren, bizitzarekiko errespetuaren eta ospakizun inklusiboaren adibide" izan daitekeela iritzita, horren alde borrokatuko dutela azpimarratu dute Gurea Kulturako kideek. 

Atzoko aurkezpena borobiltzeko, bakarkako kontzertu akustikoa eskaini zuen Pelaxek. 

Aurtengo kontzertuak, itxita

Azken urteetan bezala, zezenketek irauten duten bitartean, musika izango da protagonista Zestoako tren geltoki zaharrean. Hori da Gurea Kulturaren etxea eta plaza, eta han egiten dute zezenketen aurkako jaialdia. Aurtengorako bertako eta kanpoko askotariko taldeak lotu dituzte, eta horien berri ere eman zuten atzoko aurkezpenean.

Irailaren 6an, ostiralez, Viva Belgrado, Pinpilinpussies eta Nakar taldeak ariko dira zuzenean. Irailaren 8an, igandez, Ke Lepo eta Pelax arduratuko dira geltoki zaharra musikaz blaitzeaz. 

Gurea Kultura Loratzen izenarekin egingo dute aurtengo aldia, eta leloari so egiten dion irudia sortu du Ander Sorazuk. Modu horretan, afixak zabaldu ez ezik, kamisetak egin dituzte, haien aldarria ahalik eta gehien zabaltzeko. Kamiseta horiek salgai jarri dituzte, eta interesa dutenek taldearen Instagram kontutik egin dezakete eskaera. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide