Hamahiru euskal abesti tradizionali ukitu pertsonal bat emanda osatutako disko-liburua da Zaharrak berri, Arineketan taldearen azken lana. Jagoba Astiazaranek (Zestoa, 1986) eta Iñar Sastrek (Irura, Gipuzkoa, 1986) osatzen dute taldea. Urtarrilaren hasieran aurkeztu zuten lan berria lehendabizikoz jendaurrean, Donostian, eta bihar egingo dute Zestoan. Kultur Etxeko aretoan izango da ekitaldia, 19:00etan hasita. Biharko aurkezpenera joaten direnek, zuzeneko musika entzuteko aukera ez ezik, proiektuaren inguruko solasaldiaz gozatzeko aukera ere izango dute musikariekin batera.
Zaharrak berri disko-liburua ondu duzue, Arineketan taldearen bigarren lana. Zer dakar proiektu berriak?
JAGOBA ASTIAZARAN: Berritze bat da, aspaldiko kantak gaur egunera ekarri ditugu. Abesti batzuei estiloa aldatu diegu, beste batzuei erritmoa, beste batzuei hitzak... Arineketan taldearen lehen diskoan euskal dantza tradizionalak izan genituen oinarri, eta horiek berritu genituen; bigarren honetan, berriz, euskal kanta zaharrak berritzea izan da gure asmoa.
Donostiako San Telmo museoan aurkeztu zenuten lana jendaurrean, urtarrilean. Zer-nolako harrera izan zuen lanak?
IÑAR SASTRE: Oso harrera ona izan zuen, harrituta geratu ginen. 150 pertsona inguru espero genituen aurkezpen ekitaldi hartan, eta azkenean, bikoitza baino gehiago bildu ginen. Txiki geratu zitzaigun espazioa. Guztiz eskertuta gaude aurkezpen ekitaldian bizi genuenagatik, baita ondoren handik kanpo lanak izan duen harreragatik ere.
Noiz hasi zineten bigarren lana prestatzen?
J. A. : Diru laguntza bat eskatu genuen lehendabizi. Gero, 2023ko otsailean hasi ginen grabaketa lanekin, eta 2024ko urtarrilean aurkeztu genuen emaitza San Telmo museoan. Aitzitik, esan beharra daukagu bigarren diskoa egiteko ideia aspalditik geneukala buruan. Prozesu guztiak bi urte inguruko iraupena izan du.
Hamahiru euskal abesti tradizional berritu dituzue, elkarren artean antzik ez dutenak. Nola hautatu dituzue abesti horiek?
I. S. : Interesgarriak iruditzen zitzaizkigun doinuak hautatu genituen lehendabizi; euskal kulturari lotuta zahartzat dauzkagun horiek hartu ditugu, gure eskuetatik pasatzeko eta aldatzeko. Betikotasunetik gurera ekartzea izan da helburua. Ez gara saiatu abestiek elkarren artean lotura bat izan dezaten, bakoitzak bere ezaugarriak eta berezitasunak baititu. Halaber, nahasketa hori oso aberasgarria dela deritzogu, eta eman ditugun kontzertu guztietan kontraste hori eskertu egin du publikoak.
J. A. : Alde batetik, esan dezakegu hitz bereziak eta gure gustukoak dituzten abestiak aurkitzen saiatu garela. Bestetik, txisturako eta pianorako egokiak izan zitezkeen piezak hautatzen saiatu gara. Adibidez, batzuek, fandango izaera dute; beste batzuk, berriz, zortzikoak dira. Abestiak berritzeko prozesu horretan joko gehiena eman zezaketen abestiak nahi genituen: zer egina edo zer aldatua zutenak, alegia.
Euskal abesti tradizionalak berritu dituzue. Hortik dator diskoaren izena, beraz.
I. S. : Hitz joko bat da guztia azkenean, eta horri heldu diogu, lehen singlearekin batera –Zaharrak berri–. Zaharrak, berriak, harremana, tradizioa... uztartu nahi izan ditugu proiektuarekin. Beraz, euskal esaera zahar hori ezin hobeto zetorkigun diskoaren izenerako.
J. A. : Horrez gain, izen horrekin Arineketan taldearen irudia sortzea ere izan da gure asmoa. Lehenengo diskoari ez genion izenik jarri, eta bigarren honekin esan nahi izan dugu ez gatozela ezer berria egitera, aurrez egindakoari jarraipena ematera baizik.
2021ean Euskal Herriko Musika Bulegoa saria eskuratu zenuten lehen lanaren zuzenekoagatik. Aitortza horrek eman al dizue bigarren lana aurrera ateratzeko bultzada?
J. A. : Sariak askotan espero gabekoak direla uste dut, eta noski jarraitzeko indarra ematen dutela. Halere, saria bera baino garrantzitsuagoa izan da publikoarengandik jaso dugun feedbacka, eta plazetan sentitu dugun babesa. Zuzenekoak ematen hasi ginenean, dantzariei bizpahiru saio egingo genituela esan genien, eta azkenean, 30etik gora izan dira. Hori guztia publikoari esker izan da, ikusentzuleek eman digute indarra bigarren lan bati ekiteko. Uste dut, azkenean, euskal folklorea egiteko txoko bat topatu dugula gure publikoan.
Xabier Zeberiok, Agate Amilibiak eta Jone Biolabarrek ere parte hartzen dute zenbait abestitan.
J. A. : Hori da, eta zuzeneko batzuetan ere gurekin izan dira agertokiaren gainean.
Diskoarekin batera, liburu bat ere argitaratu duzue, abestien inguruko hitz, partitura eta abarrekin. Zergatik?
I. S. : Garrantzi handia dute abestien hitzek eta istorioek, eta hori idatziz liburu batean eskaintzea garrantzitsua izan da guretzat.
J. A. : Liburu horrek egindako lan guztia mahai gainean jartzeko aukera eman digu; hau da, abestiek kontatzeko duten guztia eman ahal izatekoa diskoa eskuratzen dutenei. Eta nahi duten guztiek erosi ahal izango dute disko-liburua Zestoako emanaldian.