Jon Artano: "Gerrak zeharkatutako biografia familiar bat da ‘Juana’ liburua"

Iraia Oteiza eta Urtzi Oteiza 2024ko ots. 2a, 12:00

Hego Amerikan bildu zuen istorio indartsuena kontatuz, idazle moduan estreinatu da Jon Artano. Euskal jatorria zuen Juana Pereari eta haren familiari gertatuak idatzi ditu.

Jon Artano (Zestoa, 1978) kazetariak Juana liburua ondu du Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak ematen duten Tene Mujika Bekari esker. "Kazetaritza su geldoan" egin nahi zuen Artanok, eta bekak eman dio horretarako aukera. Hasierako asmoa Hego Amerikan gertatutako istorio multzo bat kontatzea bazuen ere, azkenean istorio bakarrarekin osatu du 160 orrialdeko lana: Juana Perea Platarenarekin. Gizon armatu batzuek erail zuten Perea 2020an, Kolonbian.

Sei hilabetez Hego Amerikan barrena ibili zinen bertako istorioak jasotzen; baina bereziki horietako batek harrapatu zintuen, Juanarenak.

Denbora horretan Andeak zeharkatu nituen hegotik iparrera. Sei herrialdetan izan nintzen, Argentinan, Txilen, Bolivian, Perun, Ekuadorren eta Kolonbian, eta zakukada istorio ekarri nuen. Horiek liburu batean biltzea zen nire hasierako asmoa, baina nonbaitetik hasi behar, eta azkena landu nuenetik hasi nintzen; batetik, potentzia handiko istorioa zenez, xurgatu egin ninduelako, eta bestetik, oso fresko nuelako, huraxe zelako azkena bildu nuen kontakizuna. Juanaren istorioa idazten hasi nintzenean editoreak esan zidan istorio horretan neukala liburua. Halaxe idatzi nuen Juana.

Nor zen Juana Perea?

Juana oso-oso noizbehinka sortzen den emakume horietakoa zen. Aparteko andre bat, oso ausarta, mugarik ezagutzen ez zuena, ezeri beldurrik ez ziona eta bihotzean zein buruan sentitzen edo pentsatzen zuena lortzeko edozer egiteko gai zena. Bere familiakoek esaten dute "urakan" bat zela, eta hura ezagutu zutenekin hitz eginda, arrazoia ematen diet. Bere mundualdian gauza asko egin zituen: etxetik nerabetan alde egin zuen, urpekari profesional bihurtu zen gero, Karibeko urak korritu zituen belaontzi baten kapitain, pirata ere izan zen eta baita zinema nahiz telebista ekoizlea ere. Afganistango gerran ere aritu zen karanbola bat tarteko, eta Kolonbian azken urteetan izan den mugimendu ekologista handieneko liderra izan zen. Pazifikoko herrixka batean hotel txiki bat eraikitzen ari zen azkena, baina erail egin zuten.

"Juana oso-oso noizbehinka sortzen den emakume horietakoa zen"

Nolatan iritsi zinen bere istorioa ezagutzera?

Kasualitatez. Anderik Ande proiektua egiteko aurrez dezenteko lanketa egin nuen hemen. Askotan, baina, emankorra dirudien gaia ustela suertatzen da, eta Kolonbiarako pentsatua nuena ez zen atera.

Nire bidaian, hegoaldetik iparrera nindoala, sartu-irten bat egin nuen Kolonbian, hauteskundeak zirelako eta kazetaritza lan pittin bat egin nahi nuelako. Aurretik hiru urtez bizi izan nintzen Kolonbian, korrespontsal lanetan aritu nintzelako han, eta hango lagun zaharrak bisitatzen izan nintzen. Gai faltan nenbilela eta, lagun haietako batek Juana Perea Plataren gaia proposatu zidan. Arreta deitu zidan. Sareetan begira aritu nintzen eta konturatu nintzen merezi zuela hor haztaka hasteak. Berehala jakin nuen istorio indartsu baten aurrean nengoela.

Zergatik erail zuten ere ikertuko zenuen.

Bai, esango nuke Juana nork, zergatik eta nola erail zuen ikertzea dela liburuaren muina. Kolonbian astero hiltzen dituzte giza eskubideen, ingurumenaren edo komunitatearen defentsan ari diren herritarrak, eta horiek ez dira albiste izaten, ez da ikerketarik egiten. Baina Juanaren kasua bestelakoa izan zen. Kolonbiako Fiskaltzak ikerketa bat egin zuen, batik bat, Juanak Espainiako pasaportea zuelako, euskal herritarren ondorengoa zelako, eta espainiarrek akuilatu zituztelako kolonbiarrak. Beraz, badago erailketaren bertsio ofizial bat. Alde batetik, bertsio hori jaso dut liburuan, baina, bestetik, Juana zergatik erail zuten ulertzen saiatu naiz, hura ezagutu zutenekin eta bere bizitzako azken egunetan inguruan izan zituenekin hitz eginda.

Jon Artano. (Urtzi Oteiza)

Aipatu duzu Juanaren aurrekoak euskal herritarrak zirela. Bere familiakoekin ere hitz egin duzu istorioa ezagutzeko.

Horixe izan zen egin nuen aurreneko gauza. Orduantxe harrapatu ninduen istorioak, konturatu nintzelako Juanaren izaera eta biografiaz gain, bere familiaren istorioa ere txundigarria zela. Familia hori Espainiako Gerran, 1937an, Bilbotik ihes egindako familia bat izan zen. Gerratik ihesi doazen familia guztiek, bai orduan eta bai gaur egun ere, odisea bat bizi dute.

Kasu honetan, partikularra den odisea hori hitzez hitz jasota dago, xehetasunik xeheena ere kontatuta. Juanaren aitaren arreba nagusia idazlea izan zen helduaroan, eta familiaren istorioa eta ihesa zein gerra aurreko kontuak, gerra betekoak eta gerra ondorengoak liburu batean jaso zituen. Liburu hori ez dago publikatuta, baina familiak niri eman dit, eta horri esker kontakizunean murgildu naiz. Ez sinesteko moduko pasarteak ditu.

Juanaren aitona, Andres Perea, euskal politikari ezaguna izan zela diozu liburuan.

Eusko Jaurlaritzako goi kargu bat izan zen hura, goi agintaria Ogasunean, eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren kolaboratzailea eta laguna. Ez dut spoiler-ik egin nahi, baina orain arte ezezaguna zen gerrako pasarte bat kontatu dut liburuan. Euskadiko altxorra Kolonbiara ebakuatu zuten faxismoaren atzaparretan eror ez zedin, eta ebakuazio horren aurreneko arduradunetako bat izan zen Andres Perea, Juanaren aitona. Hori horrela, bi istorio txirikordatzen saiatu naiz: batetik, familiarena, aspaldikoa, gerra garaikoa; eta, bestetik, Juanaren istorioa, ofizialki ez bada ere, Kolonbiako gerraren biktima izana, eta tartean, Afganistango gerran ere egona. Gerrak zeharkatutako biografia familiar bat da Juana liburua.

"Arreta deitu zidan. Berehala jakin nuen istorio indartsu baten aurrean nengoela"

Juanaren istorioarekin ez fikziozko lana egin duzu. Hasieratik garbi al zenuen liburuaren egitura nolakoa izango zen?

Irakurterraza den liburua egin nahi nuen, irakurlea harrapa- tzen duena. Senari jarraituz idatzi dut, ez dagoelako nola idatzi esaten duen gidarik. Irakurleari ez nion dena erraztu nahi, suspensea landu nahi nuen, hasieratik dena argitu gabe.

Idazle bezala estreinatu zara Juana liburuarekin, eta hirugarren edizioa atera berri da saltokietan. Gustura al zaude harrerarekin?

Aste honetan atera da hirugarrena. Harrera zein kritika onak izan ditu lanak eta tarteka iristen zaizkit irakurleen mezu pribatuak ere, liburua zenbat gustatu zaien esanez. Horiek jasotzea handia da. Aurkezpenak egiten ere banabil batean zein bestean, eta, ez dago ongi nik esatea, baina tarte atsegina pasatzen dugula uste dut. Aurreneko aldia da eta ez dakit zer espero zitekeen, baina ni oso pozik nago.

Hego Amerikan izan zinen garaian Juanarenaz gain beste istorio mordoxka bat ere bildu zenituen. Horiek ere kontatzeko asmorik ba al duzu?

Juanaren zirriborroa amaitzean idazten jarraitu nuen, eta baditut beste kontu batzuk ere idatzita. Hilabete asko daramatzat jada honi dagokionez atsedenean, baina liburuak zer-nolako harrera zuen ikusi nahi nuen aurrena. Hala ere, argitaratu nahi baditut noizbait heldu beharko diot berriro. Uste dut garaia iristen ari zaidala.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide