Gaztetxearen defentsan, manifestaziora dei egin dute igande eguerdirako

Aitziber Arzallus 2024ko urt. 29a, 16:02

Zestoako Gazte Asanbladako kideek Gaztetxearen alde borrokan jarraituko dutela berretsi dute gaur eguerdian, Donostiako Gotzaindegiaren atarian egindako agerraldian. Horren ostean, azken asteotan bildutako 720 apostasia eskaerak Gotzaindegian entregatzen saiatu dira, baina ez dizkiete onartu.

Zestoako Gazte Asanbladako kideek Gaztetxearen defentsan manifestaziora dei egin dute igande eguerdirako. Horrela berretsi dute Gaztetxearen alde borrokan jarraitzeko asmoa, ostiralean kaleratutako euren kontrako epaia gaitzestearekin batera. Epaiaren arabera, gazteek hogei eguneko epea dute Elizaren jabetzakoa den Elizondo eraikina beren kabuz uzteko eta jabeari entregatzeko, bestela handik "bota" egingo dituztelako. Sententzia ez da irmoa, eta gazteek helegitea aurkezteko asmoa iragarri dute. Epaiketa Elizak irabaztera, bi gazteak 70.000 eurora arteko isunak jasotzeko arriskuan leudeke.

Gaur eguerdian Donostiako Gotzaindegiaren atarian egin duten prentsaurrekoan jakinarazi dituzte horiek guztiak, eta beste behin, gogor egin dute Elizaren eta Zestoako Udalaren kontra. Gazteen esanetan, Elizak nahiago du espazio hori hutsik eduki, gazteei beren proiektu politiko, sozial eta kulturalak garatzeko utzi baino. "Elizak dio handik atera arte ez duela negoziatuko, baina badakigu elizaren hitz egiteko balizko prestutasun hori itxurakeria hutsa dela. Horren erakusle da espaziora sartu aurretik ere ezer negoziatzeko prestutasunik ez izana, eta are gutxiago okupazioaren berri izan zuenetik. Prozesu guztian entzungor egin dio guk egindako edozein proposameni".

Duela bi asteburu Zestoako meza nagusian Gaztetxearen alde egindako elkartasun ekintza "aitzakiatzat" darabiltela adierazi dute Gazte Asanbladako kideek. "Orain ez du balio igandeko elkartasun ekintza aitzakiatzat hartu eta gure irudia zikintzeak, beraiek direnean egoera honetaraino heltzea eragin dutenak". Eliza egiten ari dena ondorengoa dela esan dute: "Lan desinteresatuan, kontzientziazio politikoan eta ardurak hartzen eta antolatzen ari diren gazteen aurkako mendekua ezartzea". Elizondo eraikinaren okupazioa gazteen jarrera horren erakusle izan dela adierazi dute, eta horren aurrean, elizak "lezio bat" ematea nahi diela orain; "gazteen antolakuntza kolpatuta eta isunez itota".

Sermoietan balio etiko eta moralak azpimarratzen dituen arren, "kupidarik gabe" jokatzen aritzea egotzi diote Elizari, herriko bi gazteren aurka 70.000 eurora artekoak izan daitezkeen isunak eskatuta. "Biolentziaz hitz egiten duten berberak dira herriko gazteak milaka eurotako isunez ito nahi dituztenak".

Elizaren jarrera ez ezik, Zestoako Udalarena ere hizpide izan dute gazteek eguerdiko agerraldian. "Gotzaindegiak oharrean aipatu bezala, udala izan zen gaztetxearen lekualdatzeko lehen interesatua, bertan bestelako proiektuak jarri nahi zituelako martxan. Gerora, ordea, blokeo egoerari eta denbora administratiboei egotzi die aurrerapausorik ez ematearen ardura. Gainera, nahiz eta publikoki adierazi beste espazio batzuk eskaini zizkigula, beraiek izan ziren proposamen horien aurrean atzera egiten lehenak". Gazte Asanbladako kideen ustetan, "garbi ikusi da" udalaren nahia: "Gaztetxe berriaren bueltako gatazka aprobetxatzea Elizaren espazioak esku publikoetara pasatzeko, eta horietan udal proiektuak martxan jartzeko, eta ez gaztetxe bat. Udalak edonolako mugimendu sozialak instituzionalizatzea bilatzen baitu etengabe, edozein antolakuntza independente deuseztatuz. Gertaera hau da interes horien adibide garbiena".

Apostasia eskaerak atzera bota dizkiete

Adierazpenak egin ostean, azken hilabeteetan bildutako 720 apostasia eskaerak Gotzaindegian entregatzen saiatu dira gazteak, baina oztopoa oztopoaren atzetik topatu dute. Bi sarrerak ertzainek itxita zituzten, eta Gazte Asanbladako kide bakarrari utzi diote barrura sartzen. Gotzaindegiko idazkariarekin hitz egiteko aukera izan du hark, baina idazkariak ez dizkio apostasia eskaerak onartu, eskaera egin nahi duten herritar horiek paper gehiago aurkeztu behar dituztela argudiatuta. Asanbladako kideekin negoziatzera esertzeko eskaerari ere uko egin dio idazkariak, eraikinetik ateratzea horretarako ezinbesteko baldintzatzat jarrita.

Gazte Asanbladako kideek eskerrak eman dizkiete protesta gisa apostasia eskaera egin duten herritarrei, prozesu guztian zehar alboan izan dituzten gaztetxeei nahiz bestelako eragileei eta herritarrei, eta baita Defentsa Komunitateari ere. "Mordoxka izan dira jasotako elkartasun eta babes keinuak, eta borroka hau ez litzateke posible izango beraiek gabe". Zailtasunak zailtasun, Gaztetxearen aldeko borrokan jarraituko dutela berretsi dute, "inoiz baino beharrezkoagoa" ikusten dutelako "pobretze orokortuko eta gizartearen biraje autoritarioko garaiotan, elkartasun printzipiotan eta kritikotasunean oinarritzen diren proiektu sendoak martxan jartzea".

Horiek horrela, beste behin eskatu diote Elizari negoziatzera esertzeko eta "gazte antolatuen aurkako mendeku politika gelditzeko", eta igande eguerdirako manifestaziora dei egin dute, 12:30ean Zestoako plazatik abiatuta. "Guztiok gonbidatzen zaituztegu parte hartzera, sententziaren aurkakotasuna nahiz gaztetxearen beharrezkotasuna aldarrikatzeko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide