Iñaki Azkune idazleari goraipamen aitortza egitea adostu du Zestoako Udalbatzak

Ane Olaizola 2023ko abe. 29a, 10:24

Iñaki Azkune, artxiboko irudi batean. (Urola Kostako Hitza)

Mikel Arregi alkatearen hitzetan, Zestoako herriak "zor handia" du Azkunerekin, "ekarpen handia" egin diola iritzita. Datozen hilabeteetan egingo diote aitortza ekitaldia, baina idazlea ez da presente izango, osasun arazoak medio.

Iñaki Azkune Mendia (Zestoa, 1945) idazleari goraipamen aitortza egingo dio udalak datozen hilabeteetan, Zestoako Udalbatzak atzo egin zuen ezohiko bilkuran aho batez onartu ondoren. Mikel Arregi alkatearen hitzetan, Zestoako herriak "zor handia" du Azkunerekin, hark hamarkadaz hamarkada egin duen "obra oparoa" aintzat hartuta.

Zestoarrak industria-peritazioa ikasi bazuen ere, batez ere euskalgintzan ondu du bere ibilbidea: Donostiako Santo Tomas Lizeoa Ikastolan irakaslea izan zen, eta 80ko hamarkadaren erdialdean Elhuyar elkartean lan egiten hasi zen, zientzia eta teknologia euskaraz zabaltzeko. Hain zuzen, Elhuyar euskara-gaztelania hiztegiaren lehen edizioaren zuzendari teknikoa izan zen. Horrez gain, askotariko liburuak idatzi ditu: ikasmateriala, narrazio historikoak, hiztegi teknikoak... Zestoako herriari ere "ekarpen handia" egin diola azpimarratu zuen alkateak, herriko historiari buruzko hainbat lan ondutakoa baita: izan ere, 1975etik 2011ra artean Zestoako amabirjinetako egitarauan historia artikuluak idatzi zituen. 2009an, berriz, Zestoa mendeetan zehar liburua ondu zuen, eta 2020an, berriz, Zestoako historia liburua argitaratu zuen.

Arregiren hitzetan, "begi bistakoa" da Azkunek "merezi" duen aitortza. Datarik zehaztu gabe, datozen hilabeteetan egingo diote ekitaldia, baina Arregik aurreratu zuen Azkunek ezin izango duela han presente egon, osasun arazoengatik. Garikoitz Mendizabal Zestoako EAJren bozeramaileak ere berretsi egin zuen Azkuneren lana, idazleak "sekulako informazioa" utzi duelako ondare gisa. "Ikaragarria da egin duen inurri lana. Maitasun osoarekin, ekitaldi xume eta hunkigarria egitea merezi du", azaldu zuen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide