Agroekologia ardatz izango duen Zestotik Mahaira zikloa antolatu du Zestoako Udalak abendurako eta urtarrilerako. Antolatutako ekimen guztiek agroekologia izango dute ardatz, eta egitasmoaren helburua da "elikadura sistema jasagarriago eta osasuntsuago baterantz begira jartzen hastea". Besteak beste, tailerrak, hitzaldiak, mahai inguruak eta dokumental emanaldiak antolatu dituzte datozen asteetarako.
Abenduaren 12an hasiko da Zestotik Mahaira egitasmoa, Zure platerean hasten da mundua dokumentalaren emanaldiarekin. Kontsumo ohitura arduratsuen inguruan hausnartzeko eta Euskal Herriko zenbait proiektu ezagutzeko aukera eskaintzen du ikus-entzunezkoak. Dokumentalaren ostean, solasaldia egingo dute Zestoako eta inguruko ekoizleekin. Alondero aretoan eskainiko dute emanaldia, 18:30ean hasita.
Teoria ez ezik, praktikarako aukera ere eskainiko dute egitasmoaren barruan. Hain zuzen, Koxinatu izeneko sukaldaritza agroekologiko tailerra eskainiko du Maitane Cabezak Zestoan eta Aizarnan. "Sukaldaritza jasangarri eta naturalean trebatzeko" tailer praktikoa izango da Koxinatu. Zestoako ikastaroa abenduaren 14an, 19an eta 21ean izango da Alonderon, eta Aizarnakoa urtarrilaren 16an, 18an eta 23an egingo dute, Herri Etxean. Sukaldaritza tailerrean parte hartzeko aurrez izena ematea ezinbestekoa da. Horretarako azken eguna abenduaren 11 izango da, lekua mugatuta baitago. Izen-ematea Zestoako udaletxeko Ingurumen Sailean egin beharko da, eta horretarako hiru aukera daude: hara bertaratuta, 943-14 70 10 zenbakira deituta (5 zenbakidun luzapenarekin) edo ingurugiro@zestoa.eus helbidera idatzita.
Urtarrilaren 10ean emakume baserritarren solasaldia izango da 10:00etan hasita, Arroagoiko Herri Etxean. Hitzez elkartearen bidez antolatu dute hitzaldia. Urtarrilaren 24an, jardunaldiei bukaera emateko, Biolur elkarteak sustatutako Amillubi lurra taupaka proiektuaren aurkezpena izango da Alondero aretoan, 18:30ean hasita.
Iraetako meandroan dagoen Amilibia baserria eta bere lurrak ditu oinarri eta abiapuntu Biolurrek sustatu eta beste hainbat eragilek babestutako proiektuak. Tokian tokiko nekazaritza ekologikoa bultzatzea eta eskualdeko elikadura sistema indartzea ditu helburu Amillubik.