Gaztetxearen lekualdatze prozesua luze jotzen ari da. Desalojo arriskua ate joka daukagun honetan beharrezkoa iruditzen zait prozesu luze honetatik ateratako irakaspenak eta ondorioak argitara ateratzea. Izan ere, esan ohi da denborak gauzak bere lekuan jartzen dituela, eta uste dut prozesu hau esaera horren adibide ezin argiagoa izango dela.
Gazte Asanbladako kideok espazio berriak zekartzan onuren jakitun eta antolakuntzarako baldintza hobeen bila jardun gara borrokan espazio berria eskuratu genuenetik. Izan ere, udalak mahai gainean jarritako proposamenaren gainean eraiki da lekualdatzeko asmoa, hasiera batean, bera baitzen lekualdatzearen interesatu nagusietako bat. Gerora, garbi geratu da promesa elektoral bat baino ez dela izan, egoerak eskatu duenean ez duelako inolako pausorik eman ez borondaterik erakutsi lekualdatzea gauzatzeko: ez gotzaindegiarekin negoziazioak aurrera eramateko ezta gaztetxearen defentsa publikoa egiteko ere. Alternatiba ezberdinez ere ahoa bete zitzaien garai batean, baina guk asmo konkretuez hitz egiterakoan azkar asko egin zuten atzera. Urrutiko intxaurrak hamalau gerturatu eta lau.
Gerora, prozesua luzatu ahala, herrian zabaldu diren informazio faltsuak, gezurrak, manipulazioak eta interesatutako errelatoak gaztetxearen eta bertako kideon (izen-abizen eta guzti) aurkako erasoak izan dira, eta oso larria da herri txiki honetan geure azalean horrelakoak jasan behar izatea. Nik argi daukat, herrian halako klima sortzeak eta hori ez mozteak ere erantzuleak ditu. Festetan ere, gaztetxea irekitzeko trabak jasotzea, edonolako manipulazio eta gezurrak jasan behar izatea, alkateak berak gure propaganda politikoa kentzea nahiz udal langileak horretara bideratzea sortu den testuinguru horren ondorio izan dira.
Kautelazko desalojo arriskua aurreikusi genuenean ere, udalak berak eskaini zigun hasieran laguntza, dokumentu bat (eraikinaren erabileraren ingurukoa) sinatuko zigula esanez berehalako desalojoa saihesteko eta denbora irabazteko. Guk laguntza, nola ez, onartu egin genuen, gaztetxearen biziraupena luzatzeko aukera ezin hobea zelako. Baina, beste behin, borondate hori ez zen gauzatzera iritsi, eta asteak alkatearen atzetik ibili ondoren, sinatuta behar genuen dokumentua erabat itxuraldatuta eman zigun, aukera hori baliogabe utzita.
Aipatutako gertakariok prozesu luze honen gertakari argigarriak baino ez dira; eta nire iritziz, bi gauza erakusten ditu nabarmen: borondate falta ez ezik, gure aurkako jarrera daukala udalak; eta, bestetik, gainera, instituzioak ematen dizkion erraztasunak aprobetxatzen dituela jarrera hori gauzatzeko.
Alferrik da gero kontu eske etortzea egindako adierazpenengatik edo ekintzengatik. Guk aurpegia eman dugu orain arte, egindako batzarretan eta ekimenetan, eta ematen jarraituko dugu herria poliziaz betetzen zaigun egunera arte ere. Eliza instituzio kapitalista espekulatzaile bat izaki, ezer gutxi espero genezakeen jabetza pribatua jokoan den auzi honetan. Baina, udala hain aurrerakoi eta herrikoia bada, aukera du, enegarrenez, egoera hori eman aurretik herriko gazteen alde egin, eta zentroko gaztetxearen desalojoa eta prozedura legalak geldiarazteko pausoak emateko. Hori ez egiteak, hau da, urgentziazko egoera honi entzungor egiteak, de facto, etsaiaren lubakian lerratzea dakar, elizak espazio horrekin espekulatzeko aukera babestea dakar. Denborak jarriko ditu gauzak bere lekuan.