Zestoako Gaztetxearen kontra Donostiako Gotzaindegiak uztailean jarritako salaketak epaitegietan dagokion bidea egiten jarraitzen du, eta epaileak jarri du epaiketaren atariko bista egiteko eguna: irailaren 14a. Epaileak egun horretan erabakiko du Elizak eskatutako kautelazko neurriak onartzen dituen ala ez; alegia, auzia ebatzi bitartean gazteek Zentroko lokalean jarraitu ahal izango duten ala ez. Epaileak Gotzaindegiaren eskaera onartuko balu, gazteek berehala utzi beharko lukete Elizondo eraikina, eta beren kabuz irtengo ez balira, indarrez kanporatuko lituzkete.
Gazte Asanbladako kideak berehalako kanporatze hori saihesten edo gutxienez atzeratzen saiatuko dira, Elizak jarritako salaketaren kontra helegitea aurkeztuta. Berez, salaketa jarri eta hamar eguneko epean egin behar izaten da hori, baina abuztuan epaitegiak itxita egon direnez, irailaren 7ra arteko epea dute errekurtsoa sartzeko.
Oraingoz bi data horien berri dute gazteek, eta epaiketa etorriko da gero, nahiz eta oraindik epaileak ez duen horretarako egunik jarri. Dena dela, gazteek dagoeneko aurreikus dezakete prozedura judizialari aurre egiteak sortuko dizkien gastuak eta epaileak ezar diezaizkiekeen isunak "kolpe errepresibo handia" izango direla Gazte Asanbladarentzat eta asanbladako kideentzat.
Horiek horrela, eta beste behin, Elizaren jarrera gaitzetsi dute. "Ekintza honekin, beste behin, elizak bere izaera erreakzionarioa erakutsi du. Bere burua bakearen eta zapalduen ondoan kokatzen duen arren, instituzio kapitalista atzerakoi horrek, praktikan, bere jabetza pribatua defendatzen du beste edozein balioren gainetik". "Jabetza pribatu santuaren izenean", erortzen ari zen eraikin bati "benetako funtzio soziala" ematen ari zaion Gaztetxea desalojatu nahi izatea egotzi diote Elizari, "eta horretan laguntzeko prest izango du estatuaren indarkeria, bere polizia eta epaileekin, herriko gazteak eraikinetik kolpeka bada ere ateratzeko". Zertarako, eta berriz ere eraikina hutsik izateko, "egunen batean etor daitekeen operazio espekulatiboren baten zain".
Eta Zestoako Udalak auzi honetan izan duen jarrera ere gogor kritikatu dute Gazte Asanbladako kideek. "Berak irekitako arazoaren aurrean era arduragabean jokatu du, hitz politen gainetik Zentroko Gaztetxearen egonkortzearen aurka egin baitu bere ekintzekin. Garbi geratu zaigu EH Bildu bere eraginpetik at eta bere ezkerretara kokatzen den edozein mugimendu neutralizatzen saiatuko dela. EH Bilduk badaki Zentroko Gaztetxeak herriko gazte langileon antolakuntza politiko, sozial eta kultural independenterako baldintza ezin hobeak ezartzen dituela, eta ez da arriskatuko bere eraginpetik alde egin dezakeen herriko gazte mugimendua hauspotzen". Eta adibide batzuk zerrendatu dituzte: "Ikusi besterik ez dago azken asteetan Gaztetxea festetan irekitzeko izan ditugun oztopoak, propaganda politikoa egiteko eskubide arazoak edota kalean gurekiko eta gaztetxearekiko zabaltzen dabiltzan gezur eta manipulazioak".
Baina oztopoak oztopo, lanean jarraitzeko asmoa berretsi dute gazteek. "Estatutik eta politika instituzionaletik at kokatzen den antolakuntza independente hori da Zentroko Gaztetxearen kausa eta ondorioa, eta horretan berresten gara. Gaztetxearen egoera ezegonkorrak muga eta oztopo ugari ezartzen badizkigu ere, jada erakutsi dugu eraikin honek zentzu horretan duen potentzialitatea, hilabete luzeetan bertan gauzatu ditugun izaera ezberdineko ekintzekin. Eta, hain zuzen, antolakuntza independente hori izango da gaztetxearen jarraipena ziurtatu dezakeena".
Gazte Asanbladako kideen esanetan, Gaztetxearen defentsa irmo eta antolatua izango da Elizari atzera egitera behartu eta desalojoa eta epaiketa geldiarazi ditzazkeen indar bakarra. Horiek horrela, Asanbladan zein hark antolatzen dituen ekintzetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei; "etorriko diren ekintza berriei adi egotera, gaztetxera gerturatzera eta gaztetxearen defentsan parte hartzera animatzen zaituztegu".