2023ko udal eta foru hauteskundeak

Mikel Arregik berritu du alkatetza Zestoan, zumea berreskuratuta

Mailo Oiarzabal 2023ko eka. 17a, 13:23

EAJk hautagaitzarik ez aurkeztea erabaki du 2023-2027 agintaldiko Udalbatza osatzeko udalbatzarrean, Zestoako Udalean inoiz indar politiko batek izandako ordezkaritza handiena izango duen EH Bilduren alkategaiak beste lau urterako hartu du kargua.

Mikel Arregi (EH Bildu) izango da berriro Zestoako alkatea. Maiatzaren 28ko hauteskundeen emaitzak ezusterako aukerarik ez zuen ematen, eta Arregik beste lau urterako berritu du alkatetza gaur, 2023-2027 udal agintaldiko Udalbatza eratzeko udalbatzarrean. Horrenbestez, azken hiru hamarkada pasatan jarraian bigarren agintaldiari ekingo dion Zestoako lehen alkatea izango da Arregi; Xanti Sagarzazu (HB) izan zen azkena, 1991n.

Zestoako Udalbatza osatzen duten 11 zinegotzietatik EH Bilduk zortzi eta EAJk hiru izango dituzte gaur hasi den agintaldian. Gaur, prest zuten udaletxeko areto nagusian zinegotziek alkate berria aukeratzeko boto kutxa, baina ez dute erabili. Izan ere, EAJk gaurko udalbatzarrean alkatetzarako hautagaitzarik ez aurkeztea erabaki du; eskuak altxatuta eman dituzte Arregiren hautagaitza onartzeko botoak.

Udal Gobernuan errepikatuko duen EH Bilduko Arregik berak eta Lorea Ilundainek osatu dute udal berria eratzeko adineko mahaia, hautetsi zaharrena eta gazteena direlako, hurrenez hurren. Eta Ilundainen eskuetatik jaso du Arregik gaurko berrikuntzetako bat izan den aginte ikurra. Izan ere, zumitz borobildua berreskuratu dute gaur Zestoako Udalean, aginte makilaren ordez. Arregik azaldu du zumitza izan dela Zestoan, beste udal batzuetan bezala, "historikoki" udal agintearen ikurra. Duela 24 urteko kargu hartze ekitaldian erabili zuten azkenekoz zumitzezko uztaia, ondoren "galdu" egin baitzen. Harrezkero, makila erabili izan dute Zestoan, baina gaurtik zumitza izango da berriro udal agintearen ikurra; Patxi Goenagak egin du ikur berria, duela ia mende laurden galdutako zumitz historikoa ez baitzen inoiz berragertu.

Aginte ikur berriaren ezaugarri nagusiak, "malgutasuna eta neurria", aipatu du Arregik, berriro tokatu zaion ardura aurrera eramateko beharrezko izango dituen balioen artean.

Erronkak eta adostasunak

Aginte ikurraren aldaketarenak azalduta, berriro oposizioko buru izango den Garikoitz Mendizabalik eman dio hitza Arregik. EH Bilduren hautetsiak "zoriontzeko" izan dira EAJren bozeramailearen lehen hitzak, hauteskundeak "nagusitasun handiz" irabazi dituztelako. EAJ bost zinegotzi izatetik hiru izatera pasatu da, eta udaleko indar galera horrek oposizio "arduratsua eta apala" egitera bideratuko dituela esan du Mendizabalek, oposiziotik "eskua luzatuta" eta lanerako prest jarraituko dutela gaineratuta.

Arregik bere hitzartzean gogora ekarri duenez, Zestoan indar politiko batek orain arte inoiz ez ditu horrenbeste zinegotzi izan. Gehiengo oso osoena izan arren, ordea, EH Bildun "triunfalismoa" baztertzen dutela esan du alkateak, azken hauteskundeek utzitako indar banaketak ez duelako islatzen "Zestoako soziologia". Hori dela eta, eta Zestoak datozen lau urteetan "erronka izugarriak" izango dituela kontuan hartuta, "kontsentsua biderik onena" izaten dela gogoratu du alkateak; eta indarren eta kopuruen aldeak alde, Udal Gobernuaren ardurak "ahal den neurrian" partekatzea. Zestoako panorama ez ezik, Euskal Herrikoa ere hizpide izan du Arregik gaur. Besteak beste, politikagintzan "balioen gainetik kromo aldaketak lehenesten" direla iruditzen zaio Zestoako alkateari, eta hori ez dela "batere eredugarria". Ildo beretik, ezker abertzaleari jarritako "betoak" nabarmendu ditu, esanez "herri honetan oraindik iragana erabili nahi dela sektore politiko bat ahultzeko".

Memoria historikoa, aldaketa klimatikoa eta horri aurre egiteko proiektuak eta indarkeria matxista aipatu ditu Zestoako alkateak aurrez aipatutako erronken artean, eta azpimarra egin nahi izan dio Antton Olaizolaren egoerari. 34 urte daramatza Olaizolak Cabo Verden deportatuta. "Ez da zilegi eta ez da parte onekoa, bi gobernuk gure herritar bat Afrikara eramatea erabaki eta gero, ETAk borroka armatua uztea erabaki zuenetik hamalau urte pasatu eta gero, Antton Olaizola bere herrira etorri ezin izana", esan du Arregik.

Hitzartzearen amaieran, gaur bertan jazo den gertaera tamalgarri bat jakinarazi du alkateak; Zestoako Ibilaldi Neurtuan 56 urteko mendizale bat hil dela, bihotzekoak jota.

Udalbatzarra bukatuta, zorion hitzak, besarkadak eta argazkiak etorri dira azkenik: Udalbatza zein Udal Gobernu berrien argazkiak, eta Udal Gobernu berriko eta aurrekoaren kideena ere. Izan ere, udalbatzarrera joan diren herritarren artean zeuden aurreko agintaldian Udal Gobernuan egon eta jarraituko ez duten EH Bilduko kideak; baita Josetxo Mendizabal eta Joseba Azpeitia alkate ohiak ere, besteak beste.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide