2023ko udal eta foru hauteskundeak

Garikoitz Mendizabal: "Konformatzen ez den herri bat nahi dugu"

Mailo Oiarzabal 2023ko mai. 17a, 11:00

Garikoitz Mendizabal (Zestoa, 1973) bigarrengoz aurkeztuko da alkatetzara. Zestoak "aldaketa merezi eta behar" duela dio EAJren zerrendaburuak.

Bigarrengoz aurkeztu zara alkatetzara. Erraz hartutako erabakia izan al da?

Bai. Uste dut pausoa lehen aldiz eman nuenean gehiago kostatu zitzaidala. Bigarren aldi honetan, ez dut inongo zalantzarik izan; neure, geure proiektu gehienak gauzatzeko daudelako, eta herriarekiko eta alderdiarekiko dudan konpromisoarekin, iruditzen zaidalako baietz esan behar nuela. Ilusioz, zalantzarik egin gabe, baiezkoa eman nuen lehen momentutik.

Nola definituko zenuke Zestoako EAJk hauteskunde hauetarako osatu duen zerrenda?

Oso egokia. Uste dut alderdi guztioi kostatzen zaigula zerrenda osatzea, baina oso pozik nago. Lan esparru desberdinetako jendea bildu dugu, adin desberdinetakoak. Gizarte zerbitzuetan, energiaren arloan edo hirigintza eta arkitektura teknikoaren arloetan lanean ari direnak dauzkagu taldean, ni neroni kulturatik nator... Sentsibilitate desberdinak batzen dituen taldea gara. Eta zerrendatik kanpo ere, erraza ez den gauza bat lortu dugu: babes taldetxo bat. Uste dut horrek izugarrizko balioa eta indarra dauzkala, eta oso pozik nago.

Azken lau urteotan, oposizioko talde bakarraren bozeramailea izan zara udalean. Nolakoa izan da agintaldia?

Zaila eta, hasieran, batik bat, pixka bat deserosoa; autokritika eginda, neu politikan sartu berria nintzelako ere bai, agian. Espektatibak neuzkan, oposizioan egon arren, elkarrizketaren eta proposamenen bidez malgutasun gehiagorekin aurkituko ote nintzen. Denbora joan ahala ikusi dut, eta ikusi dugu, ez dela posible izan eduki dugun Udal Gobernuarekin; eta batez ere, pertsonak garelako azkenean, alkateak jarri duen arrastoarekin eta dituen ezaugarriekin. Ez da erraza izan agintaldia, egia esan, nahiko zaila izan da.

Agintaldi honetan zeresana eman dute hainbat gaik, eta horietako hiru aukeratu ditugu, bakoitzerako EAJk zer proposamen duen jakiteko. Batetik, kultur azpiegiturak. Kexu agertu zara zeu behin baino gehiagotan kontu horrekin.

Orain dela lau urte proposatu genuen gauza bera proposatzen dugu: gaur egun Kultur Etxea dagoen leku berean kultur eragile eta erabiltzaile guztiei leku emango dien kultur etxe berri bat egitea, dantza, musika eta antzerkia modu duin batean egiteko. Eta hau ez da Garikoitz kulturatik datorrelako okurritu zaiola eta tematuta dabilela. Honek badauka beste iragan bat. Horregatik, are kezkagarriagoa iruditzen zait oraindik horrela egotea. Egin da galdeketa bat agintaldi honetan, dauden beharren argazkia oso garbia izan da. 2018an, aurreko agintaldian, gaur egungo alkatea oposizioburu zela, kiroldegiko obrak hasi zirenean –eta haiekin oso kritiko azaltzen ziren EH Bildukoak–, udalbatzar batean esana da Zestoak agian badituela beste lehentasun batzuk, esaterako, kultur azpiegiturak. Orduan ja, gelditzen zara... Ados, orduan oposizioa egin behar zen, kontra agertu behar zen eta makroazpiegitura hori ez zuten baleko ikusten. Onargarria da oposizioa egitea, baina koherentzia? Non da koherentzia? Guk orain dela lau urteko jarrera bera mantentzen dugu. Eraikin berria egingo genuke, auditorium batekin: 150-250 pertsonantzako areto txukun bat, balioanitza, behar-beharrezkoa da. Horrekin batera, lur azpian, aparkaleku publikoak egingo genituzke. Orain garaje pribatu batzuk daude, urte askotarako esleituta; horiek mantendu egin behar dira eta erantzuna eman behar zaie obrak dirauen bitartean, baina beste solairu bat aterako genuke, arratsaldeetan, batik bat, oso zaila egiten delako denoi gustatzen zaigun erdigunean aparkatzea.

Kultur Etxeko eraikinarekin lotuta, Gaztetxearen lekualdatzea ere ari da ematen zeresana, bereziki azken hilabeteetan.

Gure proposamena baino, nola bizi izan dugun esatea nahiko nuke. Normala den ala ez, ez dakit, baina guk hasiera-hasieratik aldamenetik bizi izan dugu hau guztia, Udal Gobernuan ez geundelako eta sumatzen genituelako Gazte Asanbladakoak, agintaldi hasieratik, "gureaz zer?" galdezka. Gutxienez lau aldiz galdetu izan diet osoko bilkuran Udal Gobernukoei, "aizue, bola handitzen ari da, zertan da kontua?", eta inork ez zigun ezer esaten, ez baldin bazen esateko "Gazte Asanbladakoei esan genien zaila zela, eta hor ezin dela beraiek aldarrikatzen duten zerbait egin". Harrituta gelditzen ginen. Alde batetik, Gazte Asanbladakoak ari dira agindu zitzaienaz –kakotx artean– gazldeka; eta beste alde batetik, Udal Gobernuak esaten digu esan dietela garbi hor [Elizondon] ez dela erraza. Azkenean, begiratu zer pasatu den. Presio modu gisa, okupatu egin dute. Ez dugu ontzat jotzen okupazioa, noski. Elizak elkarrizketa guztiak eten ditu. Baina une horretara iristeko, jakina, izan dira gurutzatutako gutunak Gazte Asanbladaren eta EH Bilduren artean. Hori dena gertatu ondoren, bilera batera deituak izan ginen, ea lortzen genuen EAJkook Elizarekin bitartekari lanak egin eta harremanak berregitea. Bildu ginen, ez da posible izan. Eta honen guztiaren erdian, esan beharra daukagu bildu garela Gazte Asanbladarekin, eta esan geniela gure apustua ez dela okupatu duten Elizarena den leku hori gaztetxe bihurtzea, guk beste leku batean aurreikusten genuela eta dugula gaztetxea. Beste kultur talde asko daude modu prekarioan, aipatu dugun bezala, eta beraiek ere ez badaude eroso, ez badaude gustura orain dauden lekuan, zilegitasun guztiz, beste leku bat bilatu behar zaie; eta aipatu genien estazioko gunea izan zitekeela aproposena, egin beharrekoak eginda. Baina ez orain dauden lekuan; eta gutxiago, gauzak egin diren moduan. Iruditzen zait EH Bilduk oso-oso trakets jokatu duela hasieratik. Bakoitza da esandakoaren jabe, guk honen guztiaren bukaeran hartu dugu parte, baina gauzak ez dira horrela egiten. Guk garbi esan diogu zein den gure iritzia Gazte Asanbladari.

Piaspe proiektu eolikoa ere zeresana ematen ari da, herrian eta eskualdean. Zestoako EAJk zer du esateko kontu honetan?

Gure posizioa agertu genuen mozioak aurkeztu ziren udalbatzar hartan. Esan genuen momentuz proiekturik ez dagoela, baina gu eolikoen alde gaudela. Gertatzen dena da "bai, baina ez nire lorategian", eta hori ere egia handia da. Denok gaude, hitzez, trantsizio energetikoarekin sentsibilizatuta, eta normala da kezkatzea, ekologian eta bestelako eremuetan duen inpaktuagatik. Guk horrekin bat egiten dugu, ez genuke edozer egingo edozer preziotan. Hori aipatu genuen. Horrekin batera, gure proposamena da, eta datozen egunetan espero dut zerbait konkretua jakitea, Osinbeltzeko harrobian, eremu zabal horretan, eguzki plaken proiektu handi bat garatzea; eta era horretara, auzoren bat, eta nola ez, herrigunea, energia berriztagarriz hornitzea eta energia sortzea. Bidegarria baldin bada, asko poztuko ginateke; ez bada bideragarria, herritarrei esango genieke ez dela posible, eta zergatik. Laster jakingo dugu zerbait, EEErekin [Energiaren Euskal Erakundea] eta Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan gaudelako. Piaspekoaz, esandakoa da gure jarrera. Eta hor ere, nire kritika EH Bilduri; aingirak bezala ibili da, batetik bestera, eta gauzak argi eduki behar dira, eta klientelismoz ez jokatu. Egiak esan behar dira, eta sentsibilizatuta bazaude, ba esan; baina ez ibili diren bezala ibili, herritarrei gauza bat esan, desmarkatu, eta gero esan orain kezkatzen gaituena bidea dela.

Osinbeltzerako aurkeztu duzuen proiektu horrek izango al luke harremanen bat herrian sortu den energia kooperatibarekin?

Eduki beharko luke, eta izan ginen aurkezpenean. Energia komunitateak sortzen ari dira, eta beharrezkoak dira; hainbeste da, izan ere, egiteko dagoena. Haiekin harremanak izan behar ditugu bai ala bai, baina aurkezpenean entzundakoen arabera, momentuan zalantza asko daude: autokontsumo kolektiboa bai, baina sarera eramanda ala sarera eraman gabe erabakitzeko zegoen aurkezpenearen egunean; inbertsioa komunitatean egiteko behar-beharrezkoak izango diren bazkideak; esan zen, nire ustez aho bete samar, Zestoako teilatuen %80k ahalbidetzen dutela eguzki plakak jartzea, eta gero galdetu dugu eta esan zaigu ez direla %80 izango, ez dakite zenbat izango diren... Ez dakit zenbat aurreratu den, laster jakingo dugu. Horiek denak argitzen direnean, noski, energia komunitatearekin bat egin beharko genuke. Haiek Goienerrekin ari dira lantzen, guk EEErekin landu dugu proposamena; baina ahalbidetzen bada, ikusi beharko da zeinekin eta nola, Momentuz, horrela dago kontua. Baina bai, egon behar gara energia komunitatearekin. Espero dut beraiek ere zalantza hauek poliki-poliki argitzen joatea, Izan ere, oso guaia da: energia komunitate bat sortuko dugu, ezaugarri hauekin, gu jabe izango gara... Bai, baina gero, errealitatean, askotan horma batekin aurkitzen zara; ez dute zenbakiek ematen, edo ez dute nahi adina sortzen gure sabaiek... Horiek guztiak argitzen joango ahal dira. Gu Udal Gobernuan baldin bagaude, dudarik gabe, elkarlanerako prest.

Zuen hauteskunde programaren zer puntu nabarmenduko zenituzke?

Hamar proiektu estrategiko izendatu ditugu, txiki gehiago ere badauden arren. Lehenengo biek pertsonekin dute harremana. Politikak pertsonentzako egiten direla askotan esaten da, eta hala behar du izan gainera; politikak pertsonentzako eta pertsonak erdigunean direla egiten dira. Gure politikak izango dira zaurgarritasun egoeran dauden pertsonentzat, covidak jo eta zailtasunen bat dutenentzako, etorkinentzako, herritar xumeentzako... Pertsonentzako. Horrekin batera, memoria ere landu beharra daukagu, bai memoria historikoa eta bai gertuko memoria deitzen dugun hori; horretan ere eduki dugu halako talka bat EH Bildurekin, baina egin beharreko lan bat da, zor diegulako gure iraganekoei. Auzoak ere oso garrantzitsutzat jo ditugu gure proposamenetan. Seguru aski, aldaketa nabarmenena aurrekontuen planteamenduan etorriko da. Auzo bakoitzak adostutako bere aurrekontu propioa izango du, eta ez da egongo prozesu parte hartzaile baten ondoren aukeratua izan den inbertsio baten baitan, edo momentuan eta urgentziaz sortzen diren beharrei erantzuteko; auzo bakoitzak aurrekontu bat izango du beretzako propio, eta uste dut hori badela zerbait. Aipatu dugun energia komunitatearena ere jarri dugu gure hamar puntu horietan. Bestea, noski, kultur etxea da; kultur etxeak egia bat izan behar du eta hori egitera joango ginateke kultur eragile eta talde guztiekin adostuta, hori garbi daukagu. Era berean, Kultur Mahaia berpizten saiatuko ginateke. Txalotzen dut, eta flipatzen nuen hasieran, Azpeitian duela urte asko sortu zenarekin, eta oraindik harrituta jarraitzen dut, zorionez, nahiz eta EAJkoa izan. Ematen du gure munduan adinekoen, kirol edo kultur mahaiak sobran daudela, gu beste dimentsio batean gaudela. Nik ez dut horrekin sinesten, bat egiten dut, eta Zestoan ere eduki beharko genuke kultur mahai sendo bat. Izan ere, herri honek zerbait baldin badauka, kultur ekintzailetza izugarria da; daukagun eremu txikirako, izugarria da. Futbol zelaia izan zenaren eremuak ere izan zuen zeresana. Gure aurreko hauteskunde programan zegoen hor aisialdi gune bat egitea; eta hara non, EH Bildukoak azkenean doaz aisialdi gune bat, bizikletentzako zirkuitu bat eta ondare arkeologikoarekin bat egingo duen horrelako zerbait egitera. Iruditzen zaigu motz gelditzen dela, eta guk beste modu bateko eskaintza egingo lukeen leku batekin osatuko genuke. Gero, Aldundiarekin lanean egin behar diren bi puntuak daude. Bata da bide berdearen osatzea; esleituta dago, eta berandu, baina badihoa.

Luze ari da jotzen.

Bai, baina ez dakit azken lau urte hauetan nahikoa zirikatu den. Nik esango nuke ezetz, politikoki eta herritik, ez da presiorik egin: ez pankartak, ez lehen Arroako biribilgunean zegoen izugarrizko pankarta... Dena epel-epel egon da. Egin beharra dago, eta badakit aurten zerbait egingo dela. Horrekin batera, herrian bertan, eta 2019an ere gure programan zetorren bezala, irisgarritasun eta mugikortasun plana, herriguneko sarrera-irteerak eta barruko distribuzioa ordenatzeko. Lana egin du enpresak eta gauzatzea falta da. Gauza batzuk Aldundiaren Errepide Sailarekin egin behar direnez, lau urte hauetan ez da osatu. Hori ere, egingo genuke. Eta azken puntua, aipatzea falta zaidana, garbitasunarena da. Askotan sumatu ditugu auzoetako eta herriko hainbat txoko zikinak, eta garbitasunari berebiziko garrantzia emango genioke.

Udal Gobernura iritsiz gero, aipatu dituzunen artean lehentasunak markatzekotan, zeintzuk lirateke?

Sartu orduko erabakiak hartzen hasi beharko genuke; lasaitasunarekin eta modu patxadatsuan hasten bazara, ikusita dago denbora joan egiten dela. Bai hala bai, lehendabiziko tramiteak egin beharko genituzke eragileekin eta erakundeekin, ikusteko Kultur Etxearen kontuarekin nola jokatu. Eta bestea, hura ere obra handia litzatekeelako, Osinbeltzekoa, ahalbidetzen bada; egia bihurtzeko denbora joango denez, hori martxan jartzea litzateke gure lehentasuna. Etxebizitza, alokairuak, etxebizitza sozialak, hutsik dauden lokalei irtenbide bat eman... Orain atera egin gara, baina Iraurgi Berritzen garapen agentzian sartuko ginateke, uste dut beharrezkoa zaigula horrekin lan egitea. Baina bi esatearren, Kultur Etxearen proiektua martxan jartzea eta energia berriztagarrien inguruan egin beharko litzatekeena ere bai. Eta gero besteak, noski, ere bai.

Nola ikusten dituzu udal hauteskundeak? Zer esperantza dituzue?

Nik esperantza badaukat. Benetan. Iruditzen zait Zestoak aldaketa merezi duela eta aldaketa behar duela, lidergo zintzoago eta kudeaketa txukunago batekin. Sinetsita nago. Iruditzen zait lau urte hauetan urgentziaz eta inprobisazioz gobernatu dela, argi eta garbi. Eta pentsatu nahi dut EH Bilduren boto emaile potentzial hori ere horretaz kontura dela eta balantzea egingo duela, baloratuko duela azken lau urte hauetan zer egin den eta, batik bat, nola egin den. Guk, esandako hauek guztiak modu apal batean egingo genituzke. Apala, forma aldetik, zeren eta gure proiektu batzuek anbizio puntu bat badaukate, baina konformatzen ez den herri bat nahi dugulako. Askotan normaltzat jotzen dugu, adibidez, Bandaren kontzertu bat udaletxe azpian, toldo beltza jarrita egitea, igoal da zer eguraldi egiten duen; eta aulkiak betetzen direnez, atzean 40-50 bat lagun zutik, entzuten. Eta ez da ezer pasatzen. Niri horrek izugarrizko kaltea eragiten dit. Uste dut EH Bilduk egin dituen politikak sobera daudela, lidergo zintzoago bat eta kudeaketa txukunagoa behar dira, herritar guztiak aintzat hartuta, auzotarrak ere aintzat hartuta, eta naturaltasun edo umiltasun pixka bat gehiagorekin. Eta gero, nahiko nuke, herrian boto sozialista bat egonda –zerrenda ere badago–, horiek boto baliagarriaren alde egitea eta hortik ere zerbait jasotzea; eta egiten den balantzearekin, aldaketa gauzatzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide