GUTUNA

Tenkatzen ez den sokak ez du tira egiten

Eider Agirre eta Aitor Arsuaga eta Ortzi Alberdi Zestoako Gazte Asanbladako kideak 2023ko mar. 8a, 10:00

Zestoako Elizondo (Zentroa) antzoki zaharra.

Martxoaren 2an Eider Agirrek UROLA KOSTAKO HITZAko Puntuka atalean idatzitako Hitzetatik benetako konpromisora artikuluari gutun bidez erantzun zioten atzo Nerea Odriozola Zestoako Udaleko zinegotzi eta Gazte Asanbladako kide ohiak eta Aitor Salegi Zestoako Udaleko zinegotziak. Orain, gutun bidez, azken horiei erantzun diete Eider Agirrek eta Aitor Arsuaga eta Ortzi Alberdi egungo Zestoako Gazte Asanbladako kideek.

Atzo idatzitako artikuluan diozuen modura, hainbat eragilek iritziak eman dituzte auzi honen harira; harrigarriena zera da, ordea, EH Bilduk Gaztetxearen okupazioaren ondorengo lehen posizio hartzea modu honetan egitea: Gazte Asanbladaren adierazpen publikoei entzungor egin ostean, pertsona baten aurka oldartuz eta gezurretan ari dela esanez. Dudarik gabe, hainbat arrazoi egon daitezke horren atzean: Gaztetxearen inguriko iritzi batasun falta, barne kohesio falta, posizionatzeko beldurra… Dena dela, zuen borondate eta esku hartze faltaren beste ebidentzia bat besterik ez da testu hori.

Iritzia ematea zilegi dela diozue, baina pertsona zehatzen seinalamendua, zuen interesetara erabiltzea zein gazte andanaren aurka egitea guretzat ez dira zilegi, gezurra zilegi ez den modu berean. Gaur egun Zestoako Gaztetxea arriskuan dagoela baieztatzea ez da, ordea, inondik inora, gezurra. Alde batetik, ez dago epe luzean Gaztetxea ziurtatuko digun inolako berme legalik edota politikorik (ez okupatu berri dugunean, ezta zaharrean ere). Edozein momentutan Gaztetxea gal dezakegu, izan daiteke udal aldaketagatik edo okupazioaren aurka dagoen erasoaldi orokortuaren ondorioz (lege aldaketa ezberdinak, esaterako). Bestetik, EAJk zein EH Bilduk bertan hainbat proiektu egiteko asmoez espekulatu izan duzue egin ditugun bileretan, horrek dakartzan tentsioarekin eta ezegonkortasunarekin. Horrek guztiak Zestoako Gaztetxea arriskuan jartzen du, eta, beraz, Gaztetxe berri baten urgentzia mahai gaineratzen digu. Zestoako gazteok bermeak behar ditugu gure jardun politiko eta kulturala aurrera eramateko.

Zuen testuak Gaztetxea lekualdatzeko prozesuan zehar izan duzuen borondatea du ardatz, baina hori ere gezurra dela azpimarratu nahiko genuke; hitz politez haratago, dituzuen baliabide politiko, tekniko eta ekonomikoak erabiltzea da benetako babesa eta borondatea egikaritzea. Hau da, Gazte Asanbladaren ekimenak babestea, herriko iritzian eragitea edota negoziazioen blokeo garbiaren aurrean Elizari presio politikoa egitea da behar genuena. Eta ez bake sozialaren babeslerik, ezta enpresa bat bailitzan udalaren gestioetara mugatzerik ere. Zuek zarete prozesu hau Elizaren eta Udal Gobernuaren arteko negoziaziora murriztu duzuenak, dituen inplikazio politikoez ihesi; azken finean, zuek zarete, hain zuzen ere, auzia dirura murriztu duzuenak.

Galdera hau luzatu diguzue: zer da baliabide guztiak erabiltzea; altxortegi publikotik prezio espekulatuan sekulako dirutza ordaintzea Elizari? Batetik, badakigu hainbat baliabide juridiko existitzen direla diozuen prezio espekulatibo horien aurrean instituzio publikoek higiezin ezberdinak dagokien prezioan eskuratzeko. Eta bigarrenik, eta bereziki, ziurtasun osoz diogu: ezer ez dutenen alde eta etorkizun berri baten alde antolatzen den gazteriak edozein baliabide merezi duela, horiek eta askoz gehiago.

Testu horrek gainera, Gaztetxearen aldeko aurrerapauso bat izatetik urrun, Gaztetxearen aukera bera eta Gazte Asanbladaren jarduna erasotu eta oztopatzen ditu. Idatzi duzuen testuaren eta antzerako ekintzen baturak gazteen antolakuntza politikoa arriskuan jartzen du: Gazte Asanblada multetara, esklusiora eta karikaturizazioetara kondenatzen du.

Horregatik, Udal Gobernuari eta EH Bilduri zein horren zinegotziei egoerak eskatzen duen seriotasuna eskatzen diegu, eta, beraz, atzoko testua, azken burugabekeria izan dadila espero dugu. Bestalde, zuen ekintzen eta esanen ondorioekin arduratsu jokatu beharko zenuketela esan nahi dugu, Gaztetxea baitago jokoan, antolakuntza eredu bat, isunak, errepresioa…

Ez dakigu Elizarekin egin beharko litratekeen lan guztiak eginez gero zertan bukatuko litzatekeen auzia, akordiora iritsi eta zesioa lortuko litzatekeen edo ez, baina garbi daukagu hiru urteko negoziazio eta prozesu burokratiko amaigabea muturreraino eraman dela eta Gaztetxe berria agindu digun Udal Gobernua hitza bete gabe agintaldia agortzera zihoala, aurrerapauso nabarmenik gabe. Prozesu instituzional horren porrotaren adibide garbia da, esan bezala, Udal Gobernuak hiru urteren ondoren aurtengo urtarrilean egin izana lehen eskaintza garbia, eta oraindik ere eraikina tasatu gabe egotea.

Bi posizio hartu ditzazkezue, nahiz eta balantza jada alde batera doan: bake sozialaren kudeatzaile izan zaitezkete eta Elizari jokoa egiten jarraitu, edo gazteei antolatzeko bermeak eskaini.

Tenkatzen ez den sokak ez du tira egiten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide