"Harrituta" eta "errespetu" eske erantzun die Zestoako Udal Gobernuak EAJren Osinbeltzerako asmoei

Mailo Oiarzabal 2023ko urt. 30a, 19:06

Nerea Odriozola, Mikel Arregi eta Marga Eizagirre, Zestoako Udal Gobernuaren gaurko agerraldian. (Mailo Oiarzabal)

Udalak harrobi zenaren eremuak eguzki plaken instalazioak jartzeko "inolako baldintzarik ez" duela betetzen dioten txostenak dituela esan du Mikel Arregi alkateak. Udala eta herritarrak lantzen ari diren energia berriztagarrien komunitatea aintzat ez hartzea leporatu die jeltzaleei, eta erakunde publikoak "patrimonializatzea" ere bai. Udalak EEEri "kexa formala" adieraziko diola aurreratu du, Iñigo Ansolak Zestoako EAJren agerraldian izandako parte hartzea tarteko.

"Barregarri geratu nahi duenak gera dadila, baina mesedez, begirune eta errespetu pixka bat izanda". Hitz horiekin bukatu du Mikel Arregi alkateak Zestoako Udal Gobernuak EAJk Osinbeltzerako aurkeztu dituen asmoei erantzunez gaur eguerdian egindako agerraldia.

Garikoitz Mendizabal EAJren Zestoako alkategaiak EEEren zuzendari nagusi Iñigo Ansolarekin egindako agerraldian esandakoek "zehaztasun batzuk eskatzen" dituztela esan du hitzartzearen sarreran Arregik. Lehen zehaztasuna, harrobi zenaren lurren jabetzaren gainekoa izan da. "Oso larria iruditzen zaigu udal honek agintaldi honetan kudeatutako txostena oposizio buruak [Mendizabalek] oraindik irakurri ere egin ez izana", esan du alkateak. Udalak harrobia ustiatu zuen enpresarekin hitzartutakoaren arabera, enpresak "lehengoratze lanak" bukatu eta "Udal Bulego Teknikoak oniritzia emandakoan" itzuliko dizkio lurrak udalari, Arregik azaldu duenez.

Energia berriztagarrien bidez argindarraren horniketa lortzeko proposamenaren ingurukoak dira, hala ere, EH Bilduren Udal Gobernuaren "harriduraren muga guztiak hautsi" dituena, Arregiren esanetan. Udalak harrobia izandako eremuaren "gaitasun energertikoaren gaineko txostenak" eskatu zituela argitu du alkateak, eta txosten horien edukia azaldu du. "Ingeniariek egindako txostenak dira, 2021ean, eta txosten horietan argi eta garbi agertzen da harrobi horrek ez duela inolako baldintzarik hor eguzki plaken instalazio bat egiteko". Kokapen desegokia, azpiegituraren kostu garestia sortuko lukeen energia kopuruarekin alderatuta... "Laburbilduz, eremu horretan balizko eguzki plaken instalazioa egiteko azterketan dirua gastatzeak ere ez duela merezi, hori da guk garai hartan adituen aldetik jasotako ondorioa". Horregatik, Udal Gobernuaren iritziz, Osinbeltzen horrelako instalazio fotovoltaiko bat jartzea "sekulako astakeria eta zentzugabekeria" litzateke".

EAJk eguzki plaketan oinarritutako energia komunitate bat sortzeko aukeraz esandakoekin ere "benetan harrituta" daude Udal Gobernuan, Zestoan hilabete luzeetan lantzen ari diren proiektua ez dutelako aipatu. "Ez dakit EAJren alkategaia enteratu den Zestoan energia berriztagarrien komunitate bat sortzear dela. Prozesu horrek denbora asko darama martxan: badakigu dagoeneko estatutuak eginda daudela, badira bi urte udalak Goienerrekin hitzarmen bat sinatu zuela. Orduan, ez dakit, zer sortu nahi dute? Egitura paralelo bat?", galdetu du Arregik, proiektu hori bultzatzen ari diren herritarrentzat zein udalarentzat "errespetu pixka bat" eskatzearekin bat.

"Kexa ofiziala" EEEri

Iñigo Ansola EEEren zuzendari nagusiak EAJren alkategaiaren agerraldian parte hartzea eta erakundeak hauteskundeen atariko proiektu bat aztertzeko erakutsitako prestutasuna ere hizpide izan ditu Arregik. "Alderdi politiko batek ardura eta erakunde publiko batzuk horrela patrimonializatzeak ez du izenik", harentzat, eta beste galdera bat bota du: "Zestoan oposizioak egindako proposamenak aztertu behar baditu EEEk, udala kontuan hartu ere egin gabe, gainontzeko herrietan oposizioan dauden gainerako talde politikoek egindako proposamenak ere aztertu beharko lituzte Eusko Jaurlaritzak, ezta?", EEE Jaurlaritzaren mendeko erakundea dela gogora ekarrita. Osinbeltzeko joan den asteko agerraldia dela-eta, "udal gisa EEEri kexa formala" adieraziko diotela aurreratu du Udal Gobernuak gaurko agerraldian.

Mendizabalen izena aipatu gabe, baina hari zuzendutako hitzok izan ditu agerraldiaren azkenera Arregik: "Bakarren batek Zestoako alkate izateko obsesio handiegia dauka, eta obsesioak ez dira bidelagun batere onak izaten, ez norbere bizitza pertsonalean, ez politikan. Oraindik lau hilabete gelditzen dira [udal hauteskundeetarako], uste dut herritarrak gehiegi endredatzea ez dela ona, eta herritarrak tontotzat hartzea ere ez".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide