Azaroan kaleratu zenuten Hybris, zuen lan berria. Zer-nolako harrera izan du momentuz?
Aurten atera dugun bigarren diskoa da Hybris, martxoan Moira kaleratu baikenuen. Lan bikoitza da, eta bi estudio desberdinetan grabatu dugu; izan ere, azken diskoa Zestoako Gaztain estudioan egin dugu. Moira Bonberenea estudioan grabatu genuen, eta oso desberdina gelditu zen; soinu desberdina du disko hark. Gainontzeko disko guztiak Gaztain estudioan ondu ditugu, beti grabatu dugun moduan eta betiko teknikariarekin. Beraz, Hybris diskoak gure disko zaharren soinuaren eta produkzioaren antz handiagoa du Moirarena baino.
Moira diskoaren jarraipena da, beraz. Zer dute bi lanek komunean?
Bi disko horien aurretik lan digital bat plazaratu genuen: Prometheo I eta Prometheo II abestiak. Horiek Moira eta Hybris diskoen artean kokatzen dira, eta horrekin guztiarekin subjektu baten istorioa ari gara kontatzen. Hain zuzen ere, Moira diskoaren hasieratik Hybrisen amaierara arte, langile klasearekin lotura duen istorio bat kontatzen da. Beraz, kontzeptualki lotuta daude bi lanak, nahiz eta musikalki oso desberdinak diren. Moirak soinu gordinagoa du, punkiagoa. Hybris diskoak, aldiz, soinuaren ekoizpen modernoagoa dauka.
Azkenaldian mitologia greziarrera jo duzue diskoen eta abestien izenak aukeratzerakoan. Ba al dago arrazoi berezirik horren atzean?
Kontzeptu eta izen mitologikoei gaur egungo errealitatearekin antzekotasuna topatzen saiatzen gara, metaforikoki zerbait adierazteko. Dilmun diskoa atera genuenean, sumertarren lehen zibilizaziora jo genuen. Kantu bati hitzak egin behar dizkiogunean, gustatzen zaigu zerbait sakona egitea. Azkenean, egiten duzun musika betirako gelditzen da, eta horregatik ematen diogu garrantzia abestiek mezu indartsua izateari. Izan ere, sarritan oso hitz panfleteroetara ohituta gaude, eta oso hitz zuzenak entzun ohi ditugu.
Urtebetean bi disko atera dituzue; guztira, hemeretzi abesti. Ez da zifra makala.
2019an, 56 kontzertu eman genituen Dilmun diskoaren biran. 2020rako ez genuen pentsatuta beste disko bat ateratzea, baina kantu batzuk bagenituen, eta lau abestiko EPa atera genuen. Kontua da pandemia etorri zela; kontzertu mordoa genituen lotuta EP hori aurkezteko, baina bertan behera gelditu ziren horiek. Gure frustrazio guztia sormenera bideratu genuen, eta konfinatuta geunden garaian, bakoitza bere etxean geundela, abestiak grabatzen eta taldekideon artean elkarbanatzen hasi ginen. Ondoren, kalera ateratzen hasi ginenean, lokalera joateko aukera izan genuen, eta asteburu askotan hantxe pasatzen genuen denbora. Beraz, COVID-19aren garaian abesti ugari konposatu genituen. 2021eko uztailean Moira grabatzen ari ginen, eta ordurako Hybris ia guztiz konposatuta geneukan. Beraz, sormenaren ondorioa izan da aurten bi disko kaleratu izana.
Disko fisikoa ateratzeko hautua egin duzue, gainera.
Bai, gainera biniloak ere atera ditugu. Musika kontsumitzaileak gara lau taldekideok, eta gure inguruko jendea ere bai. Gure musika estiloa entzuten duen jendeak balio handia ematen dio disko fisikoa edukitzeari. Ezin da konparatu sarean dagoen musika disko bat eskuetan hartzearekin. Askotan defizitarioa da, jendeak ez baititu disko asko erosten, baina guri gustatu egiten zaigu lanak formatu fisikoan izatea.
Dagoeneko izan duzue disko berriko abestiak jotzeko aukera. Azkena, gainera, zeuen herritarrak diren Lin Ton Taun taldearekin, Azpeitian. Zer-nolakoa izan da biraren hasiera?
Diskoaren aurkezpenean Lin Ton Taunekin batera kontzertua ematea, etxe alboan, Sanagustin kulturgunea beteta ikustea… ohorea izan zen. 2021. urtea arraroa izan zen, eta 2022. urtea zoramena izan da. Nahi genuena eta gehiago jotzeko aukera izan dugu. Orduan, abestiak nahiko berde jotzera iritsi gara, gustatuko litzaigukeena baino gutxiago entseatuta. Orain topera ari gara entseatzen, datozen kontzertuetan ahalik eta ondoen aritzeko.
Orain, gainera, herriko beste talde batekin hasiko duzue bira, Ezpalak taldearekin. Zer-nolako kontzertuak izango dira datozenak?
Durangoko Azokan joko dugu orain, eta gero, bost kontzertu ditugu programatuta Ezpalak taldearekin. Zuzeneko horiek oso bereziak izango dira, herri bereko bi talde baikara, denok lagunak, eta askotan jo izan baitugu elkarrekin. Kontzertu oso bereziak dira lotu ditugunak, eta aurreneko hirurak Gasteizen, Bilbon eta Donostian izango dira. Ondoren, berriz, Bergaran eta Tolosan joko dugu. Tolosan, gainera, Lin Ton Taun ere arituko da gurekin batera; zestoarren festa izango da. Beti du xarma puntu bat jende ezagunarekin kontzertuetara joateak.
2014an sortu zenuten taldea, eta 2017an heldu zen zuen lehen diskoa: Rodeo. Orduz geroztik, hainbat izan dira atera dituzuen diskoak. Hasi zinetetik hona, zer nolako bilakaera izan du Rodeok?
2014ko abenduaren amaieran egin genuen lehen entsegua, eta ordutik hona asko aldatu da gure lan egiteko era. Garai batean askoz gehiago entseatzen genuen eta lokalean askoz ordu gehiago sartzen genituen; ez genuen gehiegi begiratzen zein momentutan geunden talde moduan. Egun helduagoak gara, eta lokalera joaten garenean plan zehatz batekin joaten gara. Fase desberdinetatik pasatzen dira taldeak, eta lana egiteko dinamika aldatu egin dugu. Gustu aldetik ere eboluzionatu dugu, baina ez gara asko aldendu gure estilotik.