Zestoako Udalarentzat "ez da bidezkoa" grebalariek negoziazio mahaia uztea eta elkarrizketak etetea

Andoni Elduaien 2022ko abu. 1a, 12:12

Udalak adierazi du "zur eta lur" gelditu direla greban dauden udal langileek negozioazio mahaia utzi eta elkarrizketak eten dituztelako. Dena den, Udal Gobernuak eta ordezkaritza sindikalak "mahaian eserita" jarraitzen dutela nabarmendu du, akordioa "grebalariek esaten dutena baino gertuago" dagoela sinetsita baitaude.

Zestoan greban dauden udaleko langileek negoziazio mahaia utzi eta elkarrizketak eten dituztela jakinarazi du Zestoako Udalak. "Hainbat bilera egin eta gero eta udalaren aldetik grebalarien hainbat eskari onartu ondoren, zur eta lur utzi gaitu negoziazio mahaia utzi eta elkarrizketak eten izanak. Aurreko agerraldietan adierazi bezala, ezer negoziatzen hasi aurretik greba deitu izana gure ustez bidezkoa izan ez zen bezala, ez zaigu bidezkoa iruditzen grebalarien ordezkaritza mahaitik altxatu izana ere", azaldu du udalak ohar bidez.

Erakundeak nabarmendu du "arazo edo talka" nagusiena "lan esperientzia baloratzerakoan" gertatu dela, baina "marra gorria argi jarrita" zegoela zehaztu du. "Nahiz eta Zestoako Udalean inoiz lanik egin ez dutenek bertakoek baino zailagoa eduki, gutxienez bertakoak adina lortzeko aukera matematikoa izan beharko lukete. Aukeren berdintasuna eta publikotasuna aintzat hartu behar dira; alegazio nahiz demanda zaparradari aurre egiterako orduan, gurea bezalako udal txiki batek arazoak izan ditzake etorkizunean".

Azken proposamenaren arabera, udalak epe motzean aterako dituzten lanpostuak eskuratzeko "aukerarik handiena, askogatik, bertako langileek" izango luketela adierazi du udalak. Horretarako, ordea, lanpostu bakoitzean eskatzen diren gidabaimenak eta ikastaroak eginak izan beharko lituzkete hautagaiek. "Onartezina da hiru urteren ondoren brigadako langileek kamioiko gidabaimena oraindik atera gabe izatea, bereziki puntuatuko zela jakinda. Eskatzen ari zaizkigun moduan zuzenean lanpostua emateak gidabaimenak guztion diruarekin finantzatu behar izatea suposatuko luke".

Udalak adierazi du, grebalarien adierazpenetan azken bileran izandako "errespetu falta" aipatzen dela. "Errespetu falta alde guztien partetik eman ohi da horrelakoetan, askotan tentsio uneak izan ohi direlako. Jakin behar da alde emozionala bileretan uzten; tentsioari eusten guztiok ikasi behar izan dugu. Izan ere, udalak ez ezik, ordezkaritza sindikalak eta greban ez dauden langileen gehiengo zabalak ere pairatu behar izan dute errespetu falta". Era berean, udalak nabarmendu du ez dela "parte onekoa" Mikel Arregi Zestoako alkatearen aurka "deskalifikazio pertsonalekin" espazio publikoan pankartak jarri eta besteei errespetu eza leporatzea. Udalak lanpostu horien oinarriak abuztuaren lehen hamabostaldian bidali behar ditu, eta adierazi du greba irailaren 11ra arte luzatzeak "eraginik ez" lukeela izango; horregatik uste du "zentzugabekeria" dela greban jarraitzea. "Helburua udalari ahalik eta kalte gehien eragitea dela dirudi, eta herritarrek ez dute errurik".

Dena den, Zestoako Udal Gobernuak eta ordezkaritza sindikalak "mahaian eserita" jarraitzen dute. "Akordioa grebalariek esaten dutena baino gertuago dagoela sinesten dugu. Horretarako, bakoitzak dituen erantzukizunak zeintzuk diren jabetzeko esfortzua egin beharko luke. Erakunde publiko bat ezin da enpresa pribatu bat bailitzan tratatu". Bestalde, udalak eskerrak eman dizkie "grebak eragindako lan karga gehigarria" hartu behar izan duten udal langileei, Arroabeko nahiz Arroagoiko herritarrei eta festa batzordeei "jaiak auzolanean" antolatzeko egin duten lanagatik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide