Antton Ao povo! herri ekimena sortu dute Zestoan, Antton Olaizola deportatu zestoarraren "etxeratzea" eskatzeko herrian hainbat egitasmo egiteko asmoz. Atzo egin zuen taldeak aurreneko agerraldia, eta iragarri zuten sinadura bilketa hasiko dutela, zestoarra "herrian eta libre" egon dadin aldarrikatzeko eta herritarrek beren atxikimenduak egiteko.
Antton Ao povo! herri ekimenaren arabera, Euskal Herrian "urte oso gogorrak" bizi izan dira "gatazka politikoaren eta armatuaren" ondorioz: "Gerra zikina, tortura kasuak, indarkeria armatua, errepresio gordina, kartzela, erbestea, dispertsioa, deportazioa... Hainbat dira gordintasun horren adibideak". Taldeak gogoratu zuen joan zen mendeko 80ko eta 90eko hamarkadetan hainbat "euskal militante atxilotuak eta deportatuak" izan zirela Ameriketara eta Afrikara, eta horien artean dagoela Antton Olaizola zestoarra; Cabo Verdera deportatua izan zen hura, 1989an. Hain zuzen ere, dispertsioaren "besorik luzeena" deportazioa dela salatu zuten herritarrek, eta zera gaineratu: "Gaur da eguna ETAk desagertu eta eragindako mina aitortu eta gertatutakoa berriro ez errepikatzeko borondatea erakutsi duenean, presoek kartzelan eta Anttonek deportatuta jarraitzen dutena".
Hori hala izanik, taldearen helburua da deportazioaren gaia gizarteratzea. Horretarako, hainbat ekimen egingo dute aurrerantzean, eta aurrenekoa izango da sinadurak biltzea. Abendura bitartean, herritarren atxikimenduak biltzen arituko dira, eta besteak beste, herriko zein auzoetako festak baliatuko dituzte horretarako. Era berean, kamisetak salduko dituzte datozen hilabeteetan.
Bestalde, Zestoako Udalean mozioa aurkezteko asmoa ere badu Antton Ao povo! herri ekimenak, sinadura bilketan zehazten dituzten eskaera berberekin. Hain zuzen ere, honako lau eskaera hauek plazaratu dituzte deitzaileek sinadura bilketarako: "Bizi osorako zigor guztiak" ezabatzea; gertatutakoaren "aitortza, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermeak" izatea eta horretarako "konponbide demokratikoa" bultzatzea zein "salbuespen neurriak" amaitzea; Olaizola "Zestoan eta libre" izatea; eta gatazkaren ondorioak "ikuspegi integral batetik" kontatzea eta konpontzea.