Xabier Amurizak Uztapide, bertsotik prosara izeneko hitzaldia eskaini du gaur, asteartea, Zestoako Kultur Etxean. Mikel Arregi Ertxin Zestoako alkateak aurkeztu du Amuriza, eta hark nabarmendu du Aizarnan egin zuela bertsolari bizkaitarrak jendaurreko lehen saioa. Era berean, 1959an Uztapidek Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa irabazi osteko hurrengo txapelduna Amuriza bera izan zen.
Amurizak hartu du ondoren hitza, eta jendaurrean zutik Uztapideren zenbait anekdota eta bizipen kontatu ditu haren irakurtaldietan, sarritan haren ahotik ariko balitz bezala. Hain zuzen, Uztapideren etxeari, haren inguruari eta familiari buruzko errezitaldiak egin ditu. Dena den, Uztapideri bertsotarako afizioa nondik sortu zitzaion ere azaldu du, hango eta hemengo kanta paperen kontuak azalduta. Irakurtaldi horiek guztiak herri hizkeran egin ditu Amurizak, eta azkena, Bizkaiko Natxituari buruzkoa, euskara batuan.
Desberdintasun hori oinarri hartuta, Kultur Etxean bildu diren herritarrei proposamen bat egin die Amurizak amaieran, herri hizkeran jasota dauden Uztapideren testuak euskara batuan jaso beharra dagoela azpimarratuz. Amurizaren iritziz, Uztapideren kontakizunak "zuzenak" eta "zehatzak" dira, eta hori "baliatu behar" da, hezkuntzarako zein bertsolaritzarako "baliagarria" izan baitaiteke.