Hilabeteak dira Zestoako Bainuetxea itxita dagoela, eta etorkizunari ziurgabetasunez begiratzen diote langileek. Izan ere, martxoan hasten da urtero bainuetxeko denboraldia, baina ELA sindikatuak Urola Kostako Hitzari azaldu dionez, ez dakite datorren urtean zer gertatuko den. Gaur-gaurkoz, bainuetxeko beharginak langabezian daude, horiek kontratu finko etenak dituztelako eta bainuetxea sasoi honetan itxita egon ohi delako –abenduan, urtarrilean nahiz otsailean egoten da itxita–.
COVID-19aren pandemia hasi zenetik, egoera lazgarria ari dira bizitzen bainuetxeko 25 bat langileak. Hala azaldu du ELAko Maria Uriak. "Aurretik ere arazoak zeuden bainuetxea kudeatzen duen Tres Mares enpresarekin, eta pandemiarekin, areagotu egin dira horiek". Haren arabera, hainbat bainuetxe ditu enpresa horrek, eta "axolagabekeriak ekarri du gertatzen ari dena". Izurria hastean, beharginei etxean gelditzeko eskatu zien enpresak, eta halaxe egin zutela dio Uriak. "Iazko martxotik aurtengo ekainera arte langabezia kobratzen aritu dira horretarako aukera zuten langileak".
Ekainean, baina, aldatu egin zen langileen egoera. Izan ere, Tres Mares enpresak enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea ezarri zuen. Dena den, neurri hori iritsi arteko bidea izan du gogoan ELAko ordezkariak, haren aburuz, neurriak hartzerakoan kontratu finko etena zuten langileen egoera ez dutelako kontuan izan erakundeek. Uriak salatu duenez, lan kontratu finko etena izatea oztopo izan da beharginentzat. "Enpresak jarduna etetea erabaki zuenean, ez zuen enplegua aldi baterako erregulatzeko dosierra aplikatu. Langabezia kobratzen aritu ziren beharginak hainbat hilabetetan, eta gero, kontratu finko etena zuten eta baldintzak betetzen zituzten langile batzuek laguntza berezi bat jaso zuten; beste batzuek, berriz, subsidioa. Hilabeteetara etorri zen lana erregulatzeko txostenaren aplikazioa".
Hilabete horietan guztietan, langile bakoitzak bere egoeraren araberako diru sarrerak izan dituela azaldu du Uriak, baina laguntza horiek ez direla nahikoa salatu du. "Kontua da, pandemia hastean eta lana erregulatzeko txostenak aplikatzean, kontratu finko etena duten langileen egoera ez zuela aurreikusi Espainiako Gobernuak. Gerora aritu dira dekretuak onartzen, haien egoera erregulatu nahian, baina beti berandu ibili dira, eta eskas".
Atzera buelta
Joan zen ekainetik oraintsu arte enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientearen pean izan dira bainuetxeko langileak, baina abenduaren 9an, txostena bertan behera gelditzen zela zioen Lanbideren komunikatu bat jaso zuten. "Beren lantokia aktibitate ezera igaro zela eta txostena bertan behera gelditu zela esan zieten langileei, berez hilabeteotan langabezian egongo liratekeelako. Egoera berezia izanik, aparteko lan sari bat aplikatu nahi diete beharginei, nahiz eta langabezia kobratzeko aukera baduten batzuek eta langabeziaren zenbatekoa handiagoa den".
ELAk joan zen abenduan erreklamazio bat sartu zuen Zestoako Bainuetxeko langileek jaso zituzten dirulaguntzak haiei zegozkienak ez zirela argudiatua, eta Uriaren arabera, prozesua martxan da oraindik ere. Hala eta guztiz, "esperantza handirik ez" duela azaldu du.
Orain martxora begira daude sindikatua nahiz langileak. Izan ere, gauzak ondo, Zestoako Bainuetxeak orduan zabaldu behar lituzke berriz ateak. Uriak dioenez, ordea, ez dakite zer etorriko den. "Ez dakigu enpresak lana erregulatzeko txostena aplikatuko al duen edo lanera normaltasunez itzuliko al diren. 2020ko martxotik miseria egoera ari dira bizitzen beharginak; dirulaguntzei dagokienez, batetik bestera saltoka jarri dituzte, zenbateko dezenterik ez dute jaso…".
22 hilabete dira Zestoako Bainuetxeak ateak itxi zituenetik, eta ordutik, 25 bat egunez izan da zabalik. Joan zen udan egon zen irekita, abuztuan zehazki, baina ELAko ordezkariak azaldu duenez, orduan ere ez ziren behargin denak itzuli lanera. Ordutik bainuetxea kudeatzen duen enpresarekin bildu izan dira sindikatuko kideak, baina Uriak adierazi duenez, ostatua ez irekitzeko "arrazoi objektiboak" dituela esan izan du Tres Maresek. "Imserso programa ez dagoela martxan esaten du behin eta berriz, bere enpresak adineko pertsonen bidaiekin egiten duela aurrera argudiatuta. Egoera samingarria da, asaldatzekoa". Dena den, argi utzi nahi izan du Uriak enpresaren erantzukizuna soilik ez dela. "Erakundeek ezarri dituzten arauek eta lege dekretuek ez dituzte ondo babestu kontratu finko etena duten langileak, eta horrek ikaragarri eragin die, ez zaielako laguntzarik bermatu hilabeteotan".