Alaitz Imaz eta Julen Gabirondo, Gipuzkoako Sega Txapelketan garaile

Ihintza Elustondo 2021ko ira. 4a, 15:16

Gipuzkoako Sega Txapelketa jokatu dute eguerdian Aizarnan. Emakumeetan Alaitz Imaz nagusitu da, eta gizonetan Julen Gabirondo. Estreinakoz, modalitate berri batean egin dute txapelketa.

Gipuzkoako Herri Kirolen Federazioak antolatuta eta Zestoako Udalaren laguntzarekin, Gipuzkoako Sega Txapelketa jokatu dute eguerdian Aizarnan. 12:00etan hasi da proba Aranburu landetxearen pareko belardian, eta saioan, hiru emakume eta lau gizon aritu dira nor baino nor.

Emakumeetan, Alaitz Imaz, Malou Henriksen eta Ainara Otamendi lehiatu dira; Ainhoa Mazkiaran ere parte hartzekoa zen, baina azkenean ezin izan du bertaratu. 400 metro koadro belar ebaki behar izan dituzte hiru segalariek, eta Imaz izan da lan horiek egiten azkarrena; 23 minutu eta 31 segundo behar izan ditu. Haren atzetik sailkatu da Otamendi, 27 minutu eta zazpi segundoko denborarekin. Henriksenek eskuratu du hirugarren postua, 28 minutuko eta hamar segundoko denborarekin.

Gizonetan, Julen Gabirondok, Jon Otegik, Mikel Lizartzak eta IƱigo Mercaderrek neurtu dituzte indarrak. Haiek mila metro koadro belar ebaki behar izan dituzte, eta aise gailendu da Gabirondo; 35 minutu eta bederatzi segundo behar izan ditu lanak amaitzeko. Haren atzetik, Lizartzak eta Mercaderrek amaitu dituzte lanak; batera samar bukatu dituzte egin beharrekoak, eta ez da argi gelditu nork eskuratu duen bigarren postua. Dena den, epaimahaiak adierazi du Lizartzak lehenago bukatu duela proba, bi segundoko aldeagatik; 38:40 denbora egin du hark, eta 38:42 Mercaderrek. Azkenik, Otegik eskuratu du laugarren postua, 43:12 denborarekin.

Segan hainbat modalitate daude, eta gaur, estreinakoz, modu berri batean jokatu dute Gipuzkoako Sega Txapelketa. Hain zuzen ere, antolatzaileek ebaki beharreko sailak zehaztu dituzte, eta lanak aurrena amaitu dituzten segalariak izan dira irabazleak. Hori bai, ondo ebaki behar izan dute belarra, eta epaimahaiak guneren batean lanak ondo egin gabe zeudela ikusten bazuen, segalariak atzera berriro leku horretara itzuli behar izan du belarra hobeto moztera. Zaleei gustatu zaie txapelketa jokatzeko modu berria.

Hona hemen gaurko argazkiak:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide