Zestoako musikarien kabia

Anartz Izagirre 2021ko uzt. 28a, 10:36

Orain dela gutxi sortu dute Zestoako musikariek Fundizio elkartea. Musika taldeen lokala kudeatzeaz haratago, herriko musika grina sustatzea du helburu taldeak.

Estazio zaharraren aldamenean dago Zestoako musika taldeen lokala. Alde bakoitzean ate bat du eraikinak, baina erraz antzematen da eraikinaren zein aldetan dauden musikariak. Displasy taldea ari da entseatzen, larunbatean estazio zaharraren kanpoaldean egingo duten Fundizio Fest jaialdian lehen kontzertua emango baitute. Tarte batean geldialdia egin dute horiek, Rodeo taldeko Ortzi Alberdirekin (Zestoa, 1996) eta Manitu taldeko Julen Irurerekin (Zestoa, 1999) elkarrizketa egin dezan hedabide honek. Aurten sortutako Fundizio musika elkarteko kideak dira biak.

Urte mordoa dira Zestoan musika taldeen lokala dagoenetik, baina duela urtebete inguru hasi ziren musikariak lokala asanblada bidez kudeatzen. "Saiakera bat baino gehiago egin ditugu lokal hau kudeatzeko. Zazpi-zortzi talde eta DJak aritzen gara hemen entseatzen, eta elkarren artean komunikaziorik eta antolakuntzarik ez badago, gain hartzen du egoerak", azaldu du Alberdik. Hileko azken igandeetan elkartzen dira taldeetako ordezkariak lokalean, eta hitzordu hori aprobetxatzen dute entseguen egutegiaz nahiz bestelako gaien inguruan hitz egiteko.

Irurek ez daramatza urte asko lokala erabiltzen, Manitu taldea oraintsu sortu baitute; horiek ere lehen kontzertua Fundizio Festen emango dute. Lokala asanblada bidez antolatzeko erabakia "momentu onean" iritsi dela aitortu du: "Hiru talde berritako kideak hasi gara lokala erabiltzen, eta gauzak hasieratik ondo egiteko aukera izan dugu. Gu gune honetara iritsi ginenerako martxan zen asanblada, eta talde berriak lokalera batzen direnean, egokia da haiek ikustea lokala kudeatzeko biltzen garela. Izan ere, balio handiko musika tresnak ditugu hemen".

Elkartea, elkarlanerako

Musikarien lokala kudeatzeaz gain, baditu beste helburu batzuk Fundizio elkarteak. "Lokalaren elkarbizitza antolatzeko helburuarekin sortu genuen elkartea, baina zestoarren musika grina indartzearen erronka ere jarri genion geure buruari. Zestoak duen biztanleria kontuan hartuta, musika talde asko daude proportzioan, eta gure ekarpena egin nahiko genuke eremu horretan", azaldu du Alberdik. Bat dator Irure: "Herritarren aurrean apur bat zabaltzeko ere aukera ona dela iruditzen zaigu, eta jendeak ikusteko ez garela bi anakleto hona musika egitera etortzen garenak. Jende asko mugitzen duen kontu bat da".

Ildo horretatik, biek ala biek diote herritarrak musikara hurbiltzeko asmoa ere badutela. "Musika talde berriak sortzeko bultzada izan daiteke elkartea, eta musikarekin saltseatzea nahi duen edonork lokalaren bidez aukera hori izan dezan nahi dugu", dio Alberdik. Horrez gain, gehitu du musika taldeen arteko elkarlana ere bultzatu nahi dutela, elkarri lagundu ahal izateko: "Elkarte formal bat sortu nahi dugu, aurrera begira edozein taldek laguntza beharko balu horretarako aukera izateko. Esaterako, kontzertu baten antolatzaileak taldeari faktura eskatzen badio, horrelakoak egiten laguntzeko babesa eskaini nahi diogu elkarri".

Bestalde, Zestoako Gazte Asanbladarekin ere lotura estua du Fundizio elkarteak. "Talde berrientzat bultzada handia izan da Zestoako Gaztetxea, eta bi eragileen arteko hartu-emana ona izan daitekeela iruditzen zaigu. Gure taldea, adibidez, Gaztetxean egindako azken Bertsio Gautik sortu zen", adierazi du Irurek. "Fundizio Fest, esaterako, Fundizio elkartearen eta Gaztetxeko rock komisioaren emaitza da", gehitu du Alberdik.

Bigarren lokalaren eske

Zestoako panorama musikala "osasuntsu" ikusten dute Alberdik eta Irurek, eta horren adierazle da musikarien lokalean gero eta talde gehiagok entseatzen dutela. Horrek, ezinbestean, eragina du lokalaren kudeaketan eta egutegian, eta udalari eraikin bereko bigarren lokala eskatu diote. "Udalarekin harremanetan gaude beste aldeko lokala eskuratzeko, orain jende mordoa biltzen baikara hemen eta arazoa baitugu espazioarekin". Koronabirusak eragindako izurria dela-eta kontua "atzeratu" egin dela dio Alberdik, baina badutela lokala eskuratzeko esperantza: "Udalak gauzak gordetzeko erabiltzen du lokal hori, eta husten dutenean guretzako geldituko dela esan digute".

Bestalde, ekintzak antolatzeko asmoa agertu du elkarteak. "Guk areto propiorik ez daukagunez, intentzioa da Gaztetxeko musika egitaraua osatzen laguntzea datorren ikasturtetik aurrera", dio Alberdik. Hala eta guztiz, aurrena Fundizio Fest dute buruan, eta herritarrentzako aisialdirako abagunea eskaintzeaz gain, elkartea aurkezteko asmoa dute, Irureren arabera: "Herritarrei Fundizio musika elkartearen berri emateko aitzakia bikaina izango da Fundizio Fest".

Fundizio Fest jaialdirako prest dira musikariak

Fundizio musika elkarteak eta Zestoako Gazte Asanbladak elkarlanean antolatuta, Fundizio Fest jaialdia izango da larunbatean estazio zaharrean, eta herriko hainbat taldek kontzertua eskainiko dute bertan.

12:00etan hasiko dira kontzertuak; Displasy eta Hellwatch taldeek eskainiko dituzte lehenak. 14:30etik 17:00etara, berriz, atsedenaldia egingo dute, eta 17:00etatik 20:00etara, Manitu, Rodeo eta talde sorpresa baten kontzertuak entzuteko aukera izango da. Eguna ondo amaitzeko, berriz, HGZ eta Triki DJen txanda izango da, 23:00etara arte.

Kontzertu guztiak estazio zaharrean izango dira, eta hamar euroren truke eros daitezke egun osoko txartelak Portalen, agortzen diren arte.

Alberdi eta Irure musikarien lokalean. (Anartz Izagirre)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide