Koronabirusaren agerraldia hasi zenetik 28 positibo baieztatu dituzte Zestoan

Mailo Oiarzabal 2020ko ira. 21a, 17:20

Gaur PCR gehiago egin dituzte. Horien emaitzen zain, agerraldia "zantzu guztien arabera" baretze bidean dela dio Mikel Arregi alkateak, baina "transmisio komunitariorik ez dagoela ziurtatu eta egoera kontrolpean izan arte" mantenduko dituzte azken egunetan ezarritako neurriak. 40 haur konfinatuta daude asteburutik eta LH4ko gela bat itxi dute herri ikastetxean, ikasle batek positibo eman ondoren.

Koronabirusaren agerraldiari aurre egiten jarraitzen dute Zestoan. Gaur jakinarazi ditu Osakidetzak PCR proben herriz herriko asteburuko emaitzak, eta Zestoan hamasei kasu baieztatu dituzte: zazpi ostiralean, zortzi larunbatean eta bat atzo. Guztira, joan den irailaren 15etik atzo bitartean, 28 PCR positibo zenbatu ditu Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak herrian eta Euskal Herrian 100.000 biztanleko zazpi eguneko tasa altuenetakoa duen udalerri da, gaur-gaurkoz, Zestoan: 730ekoa da tasa hori, Osasun Sailak gaur emandako datuen arabera.

Transmisio komunitariorik ez dute izendatu Zestoan, baina birusaren agerraldia eragin zuzena izaten ari da azken egunetan herrian. Asteburuan nabaria zen dagoeneko eragina: jende gutxi kalean eta taberna batzuk itxita. Gaur, astelehenarekin, udalak asteburuan iragarritako neurriak ezarrita, eraikin eta zerbitzu publikoak eta taberna guztiak itxita, are nabariagoa izan da ohikotasunaren etena Zestoako herriguneko kaleetan.

Baretze bidean, baina adi

Mikel Arregi Zestoako alkatearentzat, "garrantzitsua" da atzo jakinarazitako emaitzetan positibo bakarra azaldu izana. "Osasun adituek esan ziguten behin hiru egun igarota normalena izango zela kasuen beherakada nabarmena ematea, eta badirudi horrela izan dela", adierazi du; gaineratu du, hori bai, gaur bertan "beste 50 bat PCR" egitekoak zirela herrian, eta horien emaitzak ere "adi jarraitu" beharko dituztela.

COVID-19aren agerraldia baretzeko bidean dihoala dirudi "zantzu guztien arabera", Arregiren hitzetan, baina "transmisio komunitariorik ez dagoela ziurtatu eta egoera kontrolpean izan arte" mantendu egingo dituzte azken egunetan hartutako neurriak. Horrela, bihar ere itxita egongo dira herriguneko eraikin eta zerbitzu publikoak, eta tabernak ere bai.

40 haur konfinatuta

Arregik baieztatu du, halaber, herriko 40 haur konfinatuta daudela joan den larunbatetik. Herriko ikastetxeko ikasle batek positibo eman zuen joan den astean, eta haren ikaskideak -LH2ko gela bat itxi dute- eta eskolako autobuseko kideak dira, hain zuzen ere, konfinatuta daudenak, Osakidetzak jarraibideak emateko zain.

Jarrera "eredugarria"

Herrian sortu den egoeraren aurrean zestoarrek emandako erantzuna nabarmendu nahi izan du gaur alkateak. Herritarren jarrera "eredugarria" izaten ari da Arregirentzat. "Ostegunean, agerraldiaren lehen zantzuak antzematen hastearekin bat, kaleak husten hasi ziren", azaldu du bere udal talde osoa bezala konfinatuta jarraitzen duen Arregik. Tabernarien jokabidea ere goraipatu du alkateak, beren negozioak ixteko eta horrekin harreman sozialak murrizten laguntzeko izan duten "borondateagatik".

Hondakin bilketan aldaketak

ondakin bilketan ere eragina izan du koronabirusaren agerraldiak. Zestoan hondakinak jasotzeko eredu mistoa dute, hondakin batzuk atez ate jasotzen dituzte eta beste batzuk edukiontzietan.

Koronabirusarekin kutsatuta daudenen edota agerraldiaren ondorioz berrogeialdian daudenen hondakinak, ordea, protokolo berezi bat jarraituta jasoko ditu egunotan Urola Erdiko Mankomunitateak. Egoera horretan dauden herritarrek mankomunitatearekin hitz egin behar dute –943-85 73 19 telefono zenbakira deituta edo ueue@urolaerdia.eus e-posta helbidera idatzita–, eta "zorrotz bete" beharko dituzte mankomunitateak emandako aholkuak eta aginduak.

Mankomunitateak azaldu du birusagatik berrogeialdian daudenek ez dituztela hondakinak bereiztu behar, eta ezohiko egoera honetarako prestatu dituzten bost puntu hauetako batean utzi beharko dituztela beren hondakinak: Zubimusuko ekarpen gunea; Bidezarra auzoa, 2; Arteaga auzunea, 10; Portale kalea, 3; eta Gurutze kalea, 1. Iluntzero jasoko dituzte berrogeialdian daudenen hondakinak toki horietan. Gainerako herritarrentzat «ohikoa» izango da hondakinen bilketa.

Aldaketa horiek urriaren 9a arte mantenduko ditu mankomunitateak, "agerraldia ordurako amaitzen bada, beti ere". Bolumen handiko hondakinen bilketa zerbitzua ere etenda izango da Zestoan urriaren 9a arte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide