Garikoitz Mendizabal: "XXI. mendean, proposamen zabal bat egin behar du txistuak"

Mikel Lizarralde / Berria 2020ko mar. 9a, 14:52

Tradizioarekiko errespetuak ez dio bide berrietan arakatzeko mugarik jartzen Garikoitz Mendizabali. Xabier Zabalarekin eta hainbat musikari lagunekin osatutako 'Ibili munduan' diskoa du horren adibide. 'Berria' egunkariak zestoarrari egindako elkarrizketa da honako hau.

Txikitan afizio zuena ofizio izan du Garikoitz Mendizabal txistulariak (Zestoa, Gipuzkoa, 1973) azken mende laurdenean. 1995. urtean, eta ikasketak amaitu berritan, Gasteizko Udal Txistulari Bandan hasi zen lanean, eta 2004az geroztik Bilboko bandaren zuzendaria da. Horrek betetzen du bere txistulari jardunaren parte handi bat. "Orkestra profesionalek bezala, hiru ordu eta erdiz entseatzen gara goizez, eta, horrez gain, udaleko ekitaldi instituzionaletan parte hartzen dugu eta auzoetako beharrei ere erantzuten diegu. Gainera, txistu kontzertuak antolatzen ditugu Euskalduna jauregian".

Baina ofizioa eta afizioa elkarrekin doaz Mendizabalentzat, eta azken hamabi urteetan txistua molde eta joera askotara egokitzen dela erakutsi nahi izan du. Bihurrikerietan (2008) izan zuen lehen diskoa, eta gerora etorri dira, besteak beste, Sosegua, Txistu Symphonic —Bratislavako Orkestra Sinfonikoarekin grabatua— eta Aitor Furundarenarekin ondutako 2 poliedro. Xabier Zabalarekin elkarlanean prestatutako diskoa, Ibili munduan, du azkena, herri musikaren hamaika aurpegi «playlist batean bezala» azaleratu nahi dituen lana.

Diskoko lehen doinuak hasi eta gitarra elektriko distortsionatu bat entzuten duenak pentsatuko du nahastu dela diskoz...

Bai, bai [barrez]. Xabierrek eta biok asko hitz egin genuen ekoizpen prozesuan: zer eta nola aurkeztu nahi genuen. Disko osoan fusio handia dago; nabaria da, eta propio egin dugu hori. Abesti batek ez du zerikusirik hurrengoarekin, eta fusio horretan azaltzen dira metal kutsuko musika gogorra, doinu zeltak eta bestelakoak. Eta iruditu zitzaigun polita zela Metal Madness horrekin hastea.

Xabier Zabala eta Garikoitz Mendizabal. Hau da, akordeoia eta txistua. Baina hori baino askoz gehiago ere bada Ibili munduan. Non dauka abiapuntua?

Xabierrekin denbora asko daramat elkarlanean. Enkarguak egin izan dizkiot Bilboko txistulari bandarako, baita nire proiektu propioetarako ere. Aspaldiko laguna dut, eta gustatzen zait betiko lagunekin egiten dudan lana disko batean islatzea, Aitor Furundarenarekin eta beste batzuekin egin izan dudan bezala. Orain dela bost urte hasi nintzen ideia honekin, baina Xabierrek lan asko ditu, eta garbi nuen bere denborak errespetatu behar nituela. Ondorioz, atzeratuz joan da, baina iaz bete ziren 25 urte txistulari profesional hasi nintzela, eta iruditzen zitzaidan ordua zela proiektuari heltzeko.

Diskoak ahaire balkanikoak ditu, Andeetakoak... baita raggamuffinetik gertu dagoen kantu bat ere, Juantxo Arakamak kantatua. Egileei eskatzean, ideia jakinak ematen zenizkien?

Bai. Ni interpretea naiz beste ezeren gainetik, eta nire esfortzuak horretan garatu ditut. Momenturen batean edo bestean zerbait egin nahi dut, baina hori garatzeko konpositore baten beharra daukat. Zorionez, ulertzen nauen jende asko izan dut ondoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide