Adiel Zabala: "Gauza berriak ikasten jarraitzeko aukera ona dira argazki rallyak"

Mailo Oiarzabal 2020ko mar. 4a, 09:27

XI. Gau Txori argazki rallya irabazi du Adiel Zabalak (Zestoa, 1970). Amak etxean zuen argazki kamerarekin txikitan hasitako bideari eusten dio. "Anbizio hori ez" badu ere, sariak jasotzen hasia da.

Azpeitiko XI. Gau Txori argazki rallya irabazi duzu. Nola hartu zenuen albistea?

Oso gustura. Azpeitian dagoen mailarekin eta hango argazki elkarteak duen indarrarekin, haiek antolatutako rally batean lehen saria irabaztea oso pozgarria izan da niretzat. Gainera, argazki rally bat irabazi dudan lehen aldia da. Soraluzen [Gipuzkoa] bigarren sari bat eta Zestoan hirugarrena lortua nintzen, baina lehen saririk inoiz ez, orain arte.

Argazki rallyetan asko ibiltzen al zara?

Urtean hirutara edo lautara behintzat joaten gara. Badaude Gipuzkoan herriz herri antolatzen diren guztietan parte hartzen ahalegintzen direnak, urte bukaeran rally guztietako sailkapenak kontuan hartuta ematen duten makila irabazteko. Baina guk ez daukagu horrelako anbiziorik.

Gau Txori rallyan lehen aldia izan al duzu aurtengoa?

Ez, bigarrena. Iaz parte hartu nuen lehen aldiz, giroa asko gustatu zitzaidan, eta errepikatzea erabaki nuen. Rallyan parte hartzen dutenei elkarrekin afaltzeko aukera ematen zaie; denek ez dute ematen izena afaritarako, baina joan den urtean hogeitaka lagun elkartu ginen mahaiaren bueltan eta oso giro polita sortu zen. Aurten, aldiz, oso gutxi ginen afaltzen, eta hori izan da txarrena. Azkenean, disfrutatzeko ez ezik, ikasteko modu bat ere badira horrelako juntadizoak eta hor sortzen diren elkarrizketak.

Gauez egiten da Gau Txori rallya, hori du berezitasun nagusia. Aparteko erronka al da hori argazkilarientzat?

Bai, erronka handia da. Argirik ez daukazu eta tripodearekin egin beharreko rallya da. Argazki gehienek ohi baino denbora gehiago eskatzen dute, gehiago landu behar dituzulako; ezin duzu klik egin eta kito.

Zer gai jarri zizkizueten aukeran?

Farola, itzala, kalea, erakusleihoa eta eskua dira argazkietan landu behar genituen bost gaiak. Eskuarena, adibidez, Frontoi Txikian pilotan ari ziren umeei pilotak eskuan hartu eta erakusteko eskatuta atera nuen. Erakusleihoarena, berriz, optika batean ikusi nuen maskara polit bati; gehiagok ere erakusleiho horixe aukeratu zuten, baina... Argazkiak koloretan zein zuri-beltzean aurkeztu zitezkeen lehiaketara, eta nik denak zuri-beltzean aurkeztea erabaki nuen.

Zertan asmatu zenuela uste duzu, epaimahaikideek zure lana hain ondo baloratzeko?

Uste dut aurkeztutako bost argazkiak egon behar direla ondo, gutxieneko maila baten barruan edo. Sari banaketaren eguneko proiekzioan ikusi nituen nireak baino argazki hobeak, baina bilduma saritzen dute, eta alferrik izaten da argazki bat oso ona izatea, beste laurak erdipurdikoak badira. Bosten arteko oreka mantendu behar da.

Ba al duzu argazkietan bereziki lantzen duzun gairen edo teknikaren bat?

Denetik pixka bat egiten saiatzen naiz. Kaleko argazkiak, esaterako, asko gustatzen zaizkit eta horrelakoak ateratzeko baliatzen ditut bidaiak. Rallyetan, berriz, argazkietan lantzeko gai jakinak izaten dituzu, horien arabera egin behar dituzu, eta saiatzen naiz horrelakoetan ere ahalik eta ondoen egiten. Alde horretatik, gauza berriak ikasten jarraitzeko aukera ona dira argazki rallyak, eta horixe da gure asmoa, argazkiekin jolasean ibiltzea eta gozatzen jarraitzea.

Zestoako F11 argazki elkarteko kidea zara. Osasuntsu al dago taldea?

Ez ba, oso baxu gabiltza. Gero eta jende gutxiago elkartzen gara. Desegiteak pena ematen digu eta aurrera jarraituko dugu, baina nahikoa pattal gaude.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide