Bi zestoar, bi websail

Ihintza Elustondo 2019ko eka. 28a, 10:38

'Pikuak' websaileko aktoreak; Miren Nogales, erdian. (Pikuak)

Lehen etxe askotan gaueroko ezinbesteko hitzordua bazen ere, orain gero eta gutxiago dira sofan eseri eta telebista ikusteko denbora hartzen dutenak. Egun, dela eskuko telefonoa, tableta edo ordenagailua, pantailadun edozerk balio dezake telebistako edukiak kontsumitzeko. Horren adibide dira gero eta entzutetsuagoak bilakatzen ari diren websailak. Zestoa herri txikia izanagatik, halako saioetan parte hartzen ari dira bi herritar: Miren Nogales (Zestoa, 1991) Pikuak websaileko protagonistetako bat da, eta Mikel Ibarguren (Zestoa, 1995) Puntu koma websailekoa. Biak bat datoz: trantsizio egoera bat bizitzen ari da fikzioa.

Maddi Castro zuzendariak Tabakalerako 2deo laborategiko deialdi batera aurkeztu zuen Pikuak proiektua, eta saritua izan zenez, hura garatzeko aukera izan du. Orduan hasi zen Castro lantaldea osatzen, eta hiru aktore protagonistak aukeratu zituen: Nogales, Amaia Ruiz de Galarreta eta Ainhoa Artetxe. Pornoa egin nahi duten hiru neska gazteren inguruko websail umoretsua da Pikuak. "Maddik esaten du pornoa baino gehiago, harremanen ingurukoa dela istorioa. Alegia, pornoak gure harremanetan duen eraginaz hausnartu eta hori kontatu nahi duela", azaldu du Nogalesek. Haren arabera, "porno heteronormatiboari kritika" egitea da asmoa.

Egungo gazte baten pentsamendua islatzen du Nogalesen pertsonaiak: "Marketinean lan egiten du eta independendizatuta dago. Tinderrean izan dituen esperientziak kontatzen ditu, oso librea da, gauza berriak probatzea gustatzen zaio...". Uneotan, posprodukzio prozesuan dago websaila, eta udazkenean estreinatuko dute; hamar minutuko hiru atal izango ditu. Youtuben emango dute, eta agian, beste plataformaren batean ere bai. Gainera, sare sozialetan ere hedatuko dituzte Pikuaken inguruko berriak.

Nogales emaitza ikusteko gogotsu dago. "Talde jatorra elkartu gara, eta oso ondo lan egin dugu. Itxura ona dauka websailak", dio. Dena den, urduri dago: "Gauza berri bat da, eta ez dakigu zer erantzun izango duen".

Berritasuna da Puntu Komaren ezaugarri nagusietako bat ere: izan ere, EITBren produkzioko lehen websaila da. Amaia Sorzabalbere eta Amaia Rojo gidoilarien proiektua da, eta Next Station egitasmoan saritu zuten. Ospitale batean kokatzen da telesailaren istorioa, eta hain justu, istripua izan ondoren koma egoeran dagoen pertsona baten rola jokatzen du Ibargurenek: Koldorena. "Koldo oso pertsona barnerakoia da, bere sentimenduak azaltzea asko kostatzen zaiona. Errealitate ezberdin asko bizi ditu, eta istripua izan ondoren, inguruko denak bera bisitatzera joango dira. Gertatzen dena da inork ez dakiela ezer Koldoren bizitzari buruz".

"Froga" moduko zerbait da EITB websailarekin egiten ari dena, sekula ez baitu antzeko ezer ekoitzi . Sei atal ditu websailak, eta haietako bakoitzak hamar bat minutuko iraupena izango du. Lehenik, EITBren webgunean ematen dituzte saioak, eta ondoren, telebistan. Dagoeneko eman dituzte hainbat atal bi euskarrietan. Formula berria da, nolanahi ere.

Nogalesek uste du bi arrazoi daudela halako planteamenduek indarra hartzeko: "Batetik, gizartearen gehiengoa eskuko telefonoarekin ibiltzen da beti, eta bestetik, ez dugu denborarik hartzen telesail edo film luze bat ikusteko". Horregatik, horrelako produktu motzek funtziona dezaketela uste du: "Metroan, autobusean... edozein lekutan ikus ditzakezu halako telesailak. Formatu polita eta erosoa iruditzen zait jendearengana iristeko".

'Puntu koma' websaileko une bat; ohean ageri dena da Mikel Ibarguren. (EITB)

Telebista desagertzear?

Fikzioa kontsumitzeko era plataforma berriak –HBO, Amazon, Netflix...– tarteko ari da aldatzen, Ibargurenen ustez. Are gehiago: telebistaren etorkizuna zalantzan jartzen du. "Duela gutxi, astean ordubeteko atalak ematen dituen telesail bat ikusten hasi nintzen, eta zaila egiten zitzaidan haria jarraitzea. Izan ere, plataforma berri horiekin, ohituta gaude atalak nahi ditugunean bata bestearen segidan ikustera". Puntu koma bezalako websailek arrisku hori izan dezaketela iruditzen zaio: "Astean 10-15 minutuko atalak eskainita, pentsa zer zaila egingo zaion jendeari haria jarraitzea".

Arriskuak arrisku, fikzioa aldatzen ari den honetan, frogak egiteko unea dela uste du Ibargurenek. "Ikusi beharko da nola funtzionatzen duen Puntu Komak, eta ekoizleek hortik aterako dituzte ondorioak".

Telebista kontsumitzeko era tradizionala agortzen ari da, eta bidea zein den zehaztea tokatzen da uneotan. Egoera "intrigarekin" bizi du Ibargurenek. "Aktoreok lan gehiago dugu orain, telesail pila bat daudelako. Ate asko daude irekita, baina non lur hartuko du honek guztiak? Berrikuntzak oso ondo daude, baina nora goaz? Uste dut ekoizleak gauzak nola egin tanteatzen ari direla. Eta gu hor gaude, zain".

Hori bai, gutxien-gutxienez, badirudi euskarazko fizkioa indarra hartzen ari dela. Baikorrak dira bi zestoarrak. "Nire inguruan gauzak egiteko gogo handia sumatzen dut", dio Nogalesek. "Espero dut egonkortasun egoera iritsiko dela", erantsi du Ibargurenek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide