Ortzi Alberdi, Mikel Illarramendi eta Beñat Subinas, Rodeo taldeko kideak. (Maialen Etxaniz)
Rodeoren bigarren lana da kaleratu berri duzuena: Dilmun. Zerk egiten du berezi?
Bigarren diskoa, soinu aldetik, aurrenekoa baino rockeroagoa dela uste dugu, gure gustuetara gehiago ekarri baitugu. Abestietan bateriaren soinua naturalagoa da, eta ahotsen melodiak landuagoak dira. Musika estudioko edizio eta produkzio lana ere nabarmentzen da. Aurreneko diskoa norabide zehatzik gabe sortutako zerbait izan zen, gutako inork ez zuen aurrez ezer grabatu musika estudio batean. Oraingo honetan, abestiak landuta eta gauza guztiak lotuago eraman ditugu grabazio estudiora. Aurreneko diskoan ez bezala, grabaketan pentsatuta konposatu ditugu abestiak. Estudioko lanean Eñaut Gaztañaga izan dugu lagun. Hark dagoeneko ezagutzen du gure musika, eta zenbait gauza aurrez pentsatuta zituen grabatzera sartu ginenerako.
Diskoari play emandakoan, zer entzungo dute herritarrek?
Argi esanda, Rodeo. Pertsona batek baino gehiagok esan digu dagoeneko gure musika abestiak entzunda soilik bereizten duela. Badirudi lortu dugula entzuleek gure abestiak identifikatzea, bereizgarri jakin batzuengatik edo. Hori ez da erraza, eta pozik gaude.
Dilmunen lehen diskoan erabili genituen elementuak erabili ditugu. Esan daiteke bigarren lan hau aurreko lanaren garapena dela.
Bigarren diskoa sortzerakoan zuen musika bidea bilatu duzuela aipatu izan duzue. Zer esan nahi duzue horrekin?
Sortutako abesti bat edo lan bat amaitzean, hura behin eta berriro entzutea da ohikoena; nazkatu ere egiten da bat. Baina horrenbeste jo, entseatu eta entzun ostean ohartzen zara egiten duzun horretatik zer den gehien atsegin duzuna eta zer nahi duzun hobetu. Aurreneko disko hura sortzeak hainbat ezagutza eman dizkigu, eta horrek bigarrengoaren garapena hobetu du. Ohartu gara guk gustuko ditugun zenbait gauzek ez dutela horrenbeste funtzionatzen zuzenekoetan. Hori dela eta, kontzertuetara begira ere jarri gara bigarren diskorako abestiak konposatzerakoan. Orain arte egin duguna ikasketa prozesu bat izan dela esan dezakegu.
Zer gairi egiten diozue erreferentzia abestietan?
Gehien bat sistemaren aurkako abestiak sortu ditugu, feminismoaren inguruko kanta bat ere egin dugu, eta beste pare bat abestik ez dute zentzu jakinik. Norberak bere interpretazioa egiteko aukera eskaintzen duten abestiak dira horiek; gustatzen zaizkigu horrelakoak. Sarritan, badirudi abestien letrek gai jakin baten ingurukoak izan behar dutela, baina gure ustez, hori ez da horrela; pertsona bakoitzak nahi duen erara uler dezake abesti bat. Nahiz eta denetarik landu dugun, salaketa soziala da abestietan nagusitzen den gaia.
Abesti baten bertsioa jaso duzue diskoan, Benito Lertxundiren Gure bide galduak abestiarena, hain zuzen. Zer dela-eta aukeratu duzue abesti hori?
Ortzik asko atsegin duen abestia da, eta bere burutapena izan zen bertsioa egitea. Gehienbat abestiaren letrak dioenagatik du gustuko. Ortziren aburuz, abesti hura idatzi zenean Euskal Herrian zegoen egoerak badu gaur egungo egoerarekin antzekotasunik, batez ere kantuan aipatzen diren gaiei erreparatuz gero. Letrak dioenarekin identifikatuta sentitzen gara, eta hortik etorri da bertsioa sortzearen ideia.
Zenbait abestiri jarritako izenek arreta deitzen dute, ez baitira euskarazko hitzak edo esaldiak. Nondik datoz?
Badute istorio bat. Bi abesti instrumental sortu genituen, eta haiei izena jarri behar genien. Baina nola jartzen zaie izena abesti instrumentalei? Ortzik proposamen bat ekarri zuen. Abesti bati
Marduk izena eman genion, eta besteari
Tiamat. Azken hori kaosaren eta ur gaziaren jainkosa da. Abesti instrumentaletako bat nahiko iluna da, eta hari jarri genion
Tiamat izena. Beste kantuaren melodia alaiagoa da. Beraz, hari arrazionalismoaren jainkoaren izena jarri genion:
Marduk. Bi jainko horien artean lotura bat zegoela jakin genuen, sumertar mitologian borroka bat baitzuten beren artean.
Disko berriaren izenak ere badu loturarik sumertar mitologiarekin. Zer ezkutatzen da Dilmun izenaren atzean?
Diskoaren izena nahiko berandu zehaztu genuen, diskoa kaleratzeko hilabeteren faltan ez genuen izenik. Harrituta geunden izenaz galdetzen zigun pertsona kopuruarekin.
Dilmun izena daraman abestia
Askatasunaren erresuman deitzen zen hasieran. Ortziri asko gustatzen zitzaion izen hori diskoarentzat, egindako lan guztia barnebiltzen zuelako. Baina ez gintuen guztiz konbentzitzen, eta paradisuaren kontzeptuaren inguruan hasi ginen arakatzen. Ohartu ginen sumertar mitologian paradisuak
dilmun izena hartzen duela; ezin hobeto etorri zitzaigun hori jakitea. Finean, gaur egungo gizartearen eta demokraziaren zein giza eskubideen "paradisuaren" atzean ezkutatzen dena erakusteko metafora bat da. Ingurukoek harriduraz hartu zuten izena, eta orain azalpenak eman eta eman gabiltza.
Italian egon zineten orain dela ez asko kultur jaialdi batean. Zerk eraman zintuzten hara?
Hizkuntza gutxituen alde egiten den jaialdi batean izan ginen. Gure lagun Oier Arregik izan zuen jaialdiaren berri, eta hark eman zuen gure izena. Berez, Hazparneko Falta taldekoak ziren jaialdira joatekoak, baina haietako batek eskua hautsi zuela eta, guri iritsi zitzaigun lekukoa. Dena ordainduta genuen, eta ezin genuen ezetzik esan. Gala nagusia antzoki erraldoi batean izan zen. Pentsa, milatik gora lagun gure aurrean eserita, finean abesti bat jotzeko. Izugarrizko esperientzia izan zen, ez baitzen jaialdi arrun bat. Hizkuntza gutxituen alde egiteko ez ezik, lurralde ezberdinetako musikariek eta norbanakoek elkarren berri izateko parada izan genuen. Esperientzia izugarria izan zen, eta harreman ugari egin genituen.
Gaur gauean Matadeixe eraberrituan izango zarete. Nola dago Rodeo hitzordu horren atarian?
Laugarren kidea, Oroitz [Urbieta], gaixorik egon da, eta ea zer irteten den. Eskainiko ditugun abesti gehienak disko berrikoak izango dira. Gogotsu gaude, eta zuzenekoan gozatzea espero dugu.