Luis Txapartegi lanean, joan den igandean, Iurretako finalean. (Ibon Errazu)
Aizkoraren lehen mailara itzuli zara. Espero al zenuen?
Urte dezente egin nituen lehen mailan, lau final ere jokatu nituen, baina badira urte batzuk maila galdu nuela. Igandean baneukan esperantza. Denok minutu baten edo pare bat minuturen barruan ibiliko ginela aurreikusten nuen, eta ikusten nituen aukerak.
Bigarren sailkatu zinen, azkenean, Luis Mari Mujikaren atzetik. Zer moduzko finala izan zen?
Neu ez nintzen oso ondo hasi. Aurreneko egurra nahikoa gogorra egokitu zitzaidan eta azken samar bukatu nuen. Pixka bat atzeratu egin nintzen han, beste guztiek aurrea hartu zidaten. Lanak bete ahala, poliki-poliki joan nintzen besteak harrapatzen, oinbikoetan pasatu nituen ia denak. Mugertza izan nuen ia bukaerara arte atzetik, borroka pixka bat izan genuen biok; azken egurrean atera nion abantailatxoa hari. Mujika, berriz, hasieratik jarri zen buruan eta horrelaxe jarraitu zuen bukaerara arte.
Lehen enborrean hainbeste trabatu izan ez bazina, Mujika estutzeko moduan izango zinela uste al duzu?
Ezin da hori jakin. Nik aurreneko egurrean arazoa izan nuen bezala, akaso berak besteren batean izango zuen. Egia da, hala ere, aurrenetik ondo abiatzea ona izaten dela, nork bere burua animatzeko eta. Igandean ez zitzaidan halakorik egokitu, baina gustura bukatu nuen.
Zer esan nahi du zuretzat 48 urterekin berriro lehen mailara ailegatzeak?
Ez da espero ez nuen kontu bat ere. Aurreko hiruzpalau urteetan ez nintzen hain serio jardun aizkoran. Azken urte honetan, aldiz, apustu bat edo beste jokatu dut, nahikoa serio ibili naiz, eta maila onean aritzeko esperantza baneukan. Poz hartu dut mailaz igotzearekin, noski, baina ez pentsatu halako zera izan denik ere. Ez dugu hortik jaten, eta, azken batean, hobby gisara daukagu aizkora. Bere poza ematen du, bai, baina gutxi gehiago.
Mieltxo Mindegiari apustua irabazi zenion martxoan, irailean bigarren izan zinen Euskal Pentatloi Txapelketan eta orain, berriz, mailaz igo zara. 2018. urtea zuretzat borobila izaten ari dela esan al daiteke?
Esan bezala, pasatu ditut urte batzuk aizkora alde batera utzita ez, baina bai serioegi hartu gabe. Bigarren mailara jaitsi nintzenean, gogorik gabe bezala gelditu nintzen, motibazioa galduta bezala. Gero, beste urte txar bat izan nuen eta hirugarren mailara jaitsi nintzen. Datorren asteburu honetan izango da urtebete hirugarren mailako finala jokatu eta irabazi nuela. Beraz, urtebeteren barruan igo naiz hirugarren mailatik bigarrenera eta bigarrenetik maila gorenera. Bi koska gora egin ditut urtebetean, tartean apustu bat irabazi dut; eta pentatloian, nahikoa presaka eta prestatzeko denbora gutxirekin ibili arren, lan txu-kuna egin nuela esan daiteke. Aurtengoa urte polita joan da, bai.
Lehen mailan aritzeak aldaketa handia ekarriko al dizu prestaketa aldetik ala berdintsu jarraituko duzu lanean?
Dudarik ez dago aurreneko mailan beste maila bat dagoela. Hor, mantentzeko bakarrik, igandean egin genuena baino lan hobea egin beharko da. Baina, ikusiko dugu. Oraindik ia urte osoa daukagu aurretik, uda bukaeran edo udazken hasieran izaten dira-eta kanporaketak. Adinean banoa aurrera, gorputza ere ez da beti ondo egoten... Garaia etortzen denean, bi-hiru hilabete lehenago ondo gaudela ikusten badugu, saiatuko gara. Mantentzen saiatuko gara, esango nuke, hortik aurrera ez dut uste-eta
askoz gehiago egin dezakegunik.
2011n jokatu zenuen azken aldiz lehen mailako finala. Orduan aurkari izan zenituenetatik gutxik jarraitzen dute lehian gaur egun. Zer adierazten du horrek?
Nazabal ez horrenbeste, ni baino urtebete zaharragoa da eta, baina garai hartan lehiakide izaten nituen beste gehienak ni baino dezentez zaharragoak ziren, eta normala da ez jarraitzea. Horrek esan nahi du hurrena niri tokatuko zaidala hortik ezkutatzea, gainontzekoak gazteagoak dira-eta orain. Hori bai, momentuz hor segituko dugu.
Lehen mailako lehiakide beteranoena izango zara, agian, datorren urtean?
Ba igoal bai, ez dut uste ni baino zaharragoa den besterik ibiliko denik hor. Azurmendi da adinez gerturatzen zaidana, baina hura ere pare bat urte gazteagoa da. Beraz, bai, uste dut neu izango naizela zaharrena datorren urtean lehen mailan.
Zer eskatzen diozu 2019ari?
Momentuan momentukoari begiratzen diot, ez dut helbururik jarri nahi. Osasunak lagundu egin behar du, kirol gogorra da gurea; ondo-ondo zaudenean, hor nonbait, baina puntuan ez bazaude... Ikusi egin behar da, era berean, lan aldetik-eta nola zabiltzan. Gauza asko egon daitezke hor tartean; ez gara horretatik bizi, lana ere egin beharra dago. Saiatuko gara berriro urte txukuna egiten.