(Aizarnako Herri Elkartea)
Aizarnako Herri Elkarteak kezka agertu du azken urteetan egurrak garraiatzen dituzten hainbat kamioi herrigunetik pasatzen delako. Elkarteak argi utzi du ez daudela ez basoetatik egurrak ateratzearen aurka, ez egurzaleen aurka, baina segurtasuna bermatzeko eskaera egin dio Zestoako Udalari. Izan ere, duela hamabost bat hilabete "susto ikaragarria" izan zuen herritar batek trailer batekin Aizarnako errepidean: "Gertakari haren ostean, ibilgailu horiek Aizarnako errepidean sortzen dituzten arriskuen gaineko kezka agertu zion herri elkarteak Zestoako alkateari". Ordutik ere izan dute sustorik Aizarnako bizilagunek, eta elkarteak dioenez, hainbatetan agertu dio gaiaren gaineko kezka Zestoako Udalari, "ahoz nahiz idatziz".
Herri elkarteak argi utzi du ez daudela pinudiak ateratzearen eta egurzaleen aurka, baina azaldu du aspalditxon "etengabekoa" dela neurri handiko kamioien presentzia. "Udalaren arabera, pinudiak gaitza jota daude, eta gutxienez datozen bost urteetan ere presentzia horrelakoa izango dela jakiteak arduratzen egiten gaitu; izan ere, ez dugu herritarron –batez ere umeen– segurtasuna bermatuta ikusten, ez herrigunean, ez errepidean".
Gipuzkoako errepideen kudeaketa Gipuzkoako Foru Aldundiarena dela jakitun dira Aizarnako elkarteko kideak, eta haiek azaldu dute Zestoako Udala foru erakundearekin bilera bat antolatzekotan zela. "Herri elkartea ere bilera hartara gonbidatzekoak ziren, baina, gerora jakin dugunez, egin zuten bilera eta gu ez gintuzten deitu hitzordura. Horrenbestez, ez dakigu zeri buruz hitz egin zuten eta zer erabaki hartu zituzten". Bileraren berri izan zuenean, Zestoako Udalarekin jarri zen harremanetan Aizarnako Herri Elkartea, "garraiolariei lizentziak zer baldintzatan ematen zaizkien jakiteko". Udalak araudiaren kopia eman zion elkarteari, eta haren azterketa egin dute kideek: "Errepideen eskumena aldundiarena da, erakunde horrek ematen ditu lizentziak, beti ere, errepidearen ezaugarriak kontuan izanda". Elkarteak azaldu duenez, eta araudian jasota dagoenez, Iraeta eta Bentaberri arteko GI-3730 errepidearen hasieratik ezin dute igaro hamabost tonatik gorako ibilgailuek. Honako hau dio araudiak: "Baimena ematen da guztira, gehienez, 26 tonako pisua eta hiru ardatz dituzten ibilgailuak igarotzeko".
Arauak arau, elkarteak uste du garraiolariek ez dutela araudia betetzen eta erakundeek ez dutela hori betearazten, eta horregatik, Zestoako Udalaren esku-hartzea eskatu zuen. Udalarekin egindako azken bileran, proposamen bat jaso zuen elkarteak: hilabete eta erdiz, astean bost egunetan eta goizez, lau edo bost kamioikada egur ateratzen uztea trailerrei. Proposamen horri ezezkoa eman zion herri elkarteak, "lotsagarria" iruditu baitzitzaion udalak "legez kanpoko" proposamen bat egitea: "Lotsagarria da bost ardatz dituzten eta 40 tonako pisua duten ibilgailuei pasatzen uztea, araudiak hiru ardatz eta 26 tonako pisua duten kamioiak baimentzen dituenean".
Elkarteak adierazi duenez, azken egunetan trailerrik ez da pasatzen Aizarnatik eta inguruko errepideetatik, baina "araudia betetzen ez duten" beste ibilgailu batzuen presentziaz ohartarazi du. "Erremolkedunak erabiltzen dituzte orain. Bost edo sei ardatzeko ibilgailuak dira, eta 26 tonatik gorako karga garraiatzen dute". Aitzitik, elkarteak uste du ibilgailu horiek ez dutela GI-3730 errepidean ibiltzeko aldundiaren baimenik.
Elkarteko kideak "oso kezkatuta" daude; izan ere, haien arabera, ibilgailu horiek arriskuan jartzen dute herritarren segurtasuna, errepidean eta Aizarnako plazaren inguruan. Eta kezka horretatik abiatuta, herri elkarteak hainbat eskaera egin dio Zestoako Udalari. Batetik, GI-3730 errepidetik igarotzen diren garraiolariei araudia betearaztea; bestetik, herritarren segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea errepidean eta herrigunean; eta garraio astunak herrigunetik ez igarotzeko konponbidea aurkitzen saiatzea. Udalari elkarlanean aritzeko eskua luzatu dio Aizarnako herri elkarteak, eta esan du herritarren segurtasuna bermatzea baino ez dutela nahi.
Hona hemen Aizarnako Herri Elkarteak ateratako irudi batzuk: