Jon Ugarte: "Presoen arazoak ez dira espetxetik irtetean amaitzen"

Zestoako Hitza 2018ko mai. 22a, 09:42

Zazpigarren batzarra egin berritan, bi kezka nagusi ditu Harrera elkarte asistentzialak: pentsio osoa jasotzeko bezainbeste kotizatu ez dutenen egoera aztertu eta plazaratzea, eta elkartea bera indartzea. Jon Ugarte zestoarra Harrerako kidea da, eta harekin hitz egin du Berria.eus-ek.

Jon Ugarte Harrera elkarteko kidea. (Youtube) Zazpigarren batzarra egin zuen hilaren 12an Harrera elkarte asistentzialak, Gasteizen. Iazko balantzea egin, eta aurrera begirakoak zehaztu zituzten bertan elkartutakoek. 2012ko ekainean sortu zenetik, preso edota erbestean egon direnen lan integrazioan laguntzen aritu da elkartea sei urteotan, eta horren adierazle dira, esaterako, iazko datuak: 22 preso ohiri topatu zieten lanposturen bat; finkoa bederatziri, behin-behinekoa 11ri eta praktika kontratua biri. Zeregin horretan jarraitu ahal izateko eta hura indartzeko, elkartea bera sendotzea da orain Harreraren erronka. Hala diote Jon Ugarte (Zestoa, Gipuzkoa, 1958) eta Josu Amantes (Bilbo, 1960) elkarteko kideek. Balorazio ona egiten dute batzarraz, baina, aurrera begira, gai bat dute premiarik behinena: zein egoeratan iristen diren preso eta iheslari ohi asko erretiro garaira. "Konturatu gara datozen urteetan jende bat egongo dela espetxetik irtendakoa edo erbestetik itzulitakoa kotizaziorik izango ez duena jubilazio duin bat kobratzeko, eta beste askok jubilazio txikiena izango dute", Amantesen esanetan. Horregatik, ikerketa bat egiteko asmoa dute, "jakiteko jendea nola dagoen kokatuta jubilazioaren aurrean. Gure helburua da jakitea ea beharrak zeintzuk diren eta nola lagundu ahal izango ditugun". Jarraitu erreportajea irakurtzen, Berria.eus webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide