Hautsak harrotu ditu ETBk Zestoan adierazpenak gaztelaniaz jaso izanak

Zestoako Hitza 2017ko abe. 6a, 18:31

Zestoako Andre Mariaren Jaiokundearen parrokiako kanpandorrea bota zuen ostiralean tximista batek, eta gertaera hari lotuta ETB2ko Teleberri albistegietarako gaztelaniaz jasotako adierazpenek hautsak harrotu dituzte. Izan ere, hainbat herritar, Zestoako alkatea eta apaiza gaztelaniaz hizketan ageri dira albistearen bideoan. Albistegiaren ostean, Twitterreko erabiltzaile hainbatek agertu zuen kexa, gaztelaniazko adierazpenak zirela eta. Izan ere, ETB1erako euskaraz hitz egin zuten herritar berberak agertu ziren ETB2n gaztelaniaz. ETBko estilo liburuan jasota dagoenez, "euskara nagusi den herrien kasuan, herriko bizitza ukitzen duten gaietan, euskarazko testimonioei emango zaie lehentasuna". Soziolinguistika Klusterrak 2016an egindako euskararen kale neurketaren arabera, Zestoako euskararen kale erabilera %77,5ekoa da. Gaztelaniaren kale erabilera datua, berriz, %21,3 da –datu guztiak honako albiste honetan irakur daitezke–. Gainera, Zestoa Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide da, eta Uemako kide izateko ezinbestekoa da herritarren %70ek euskaraz jakitea. Datu horiek guztiak ikusita, beraz, ETBk bere estilo liburuan jasotako irizpideak eta herritarrek hizkuntz eskubideak urratzen jarraitzen du. Ez da ETBn halakoak gertatzen diren legen aldia; hain zuzen ere, joan zen martxoaren 29an egin zuten apustuaren negoziazioa Mikel Larrañaga aizkolariak eta Alex Txikon mendigoizaleak Azpeitiko Mendizabal erretegian, eta ETB2ko saio baterako adierazpenak gaztelaniaz eginarazi zizkieten biei. Apustuaren negoziazio guztia euskaraz egin zuten, eta adierazpenak gaztelaniaz egin behar izan zituzten gero. Gertaera hura salatu zuen Uztarria Azpeitiko herri aldizkariak maiatzeko zenbakian.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide