Eneko Larrañaga: "Energia berezia du, eta entzun orduko erakarri ninduen korak"

Ainitze Agirrezabala 2017ko urr. 26a, 10:29

Ikus-entzunezko bat ardatz duen emanaldiarekin aurkeztuko du 'Maitatzea nahiago' lana Enekora taldeak bihar, Azpeitiko Soreasu antzokian, 20:00etan.

Enekora proiektuko kideak. (Enekora) Enekora taldeak bihar aurkeztuko du disko berria, eta lan hori "etxean eta etxekoen artean" ereindako hazia dela esan du Eneko Larrañagak (Zestoa, 1982). Izan ere, harekin batera oholtzan izango dira Idoia Larrañaga arreba eta azken horren bikotekide Andres Insua, eta beste hainbat musikariren laguntza ere izan dute diskoa ontzerakoan. Eneko Larrañagarekin hitz egin du UROLA KOSTAKO HITZAk. Nondik datorkizu musikarako zaletasuna? Gaztetxoa nintzela piztu zitzaidan pasioa, anaia zaharrenak, Aitorrek, gitarra elektrikoa erostean. Halako instrumentu bat etxean sartzea sekulakoa izan zen. 12 urterekin hasi nintzen saltseatzen eta hala ikasi nuen. Afrikar jatorria duen kora nola ezagutu duzu? Hari instrumentu desberdinak jo izan ditut, eta, gerora, perkusio ikastaroetara joaten ginen maisu afrikarrekin. Gironako (Katalunia) saio batean kora jotzen zuen maisu ginear bat ezagutu nuen, 2005ean. Instrumentu hark entzun orduko erakarri ninduen. Soinu berezia du, eta izugarri gustatu zitzaidan. Maisuak berak egiten zituen korak, eta bat egiteko eskatu nion. Afrikako kalabaza erdi batekin egiten da kora. Berezia da, ezta? Bai, oso konplexua eta sinplea da, aldi berean. Duen tamaina handiagatik, harrigarria da zuhaitzetan ateratzen den fruitua izatea. Malin oso ugaria da. Kalabaza erdiarekin erresonantzia kaxa egiten da, eta Afrikako ahuntzaren larruarekin estaltzen da. Egurrezko mastil bat du, eta nylonezko 21 soka. Zer berezitasun ditu korak? Arpa afrikarra da, eta soinu, harmonia eta energia oso goxoak sortzen ditu. Neure kabuz ikasi dut kora jotzen, eta jotzen ditudan instrumentuen artean konplexuena eta zailena da. Euskal Herrian ezagutzen duzu kora jotzen duen beste inor? Ez, bakarra naiz. Jendearen arreta pizten du, eta askok galdetu didate Indiako sitarra al den. Bisitatu duzu inoiz koraren sorterria? Bai, baina oso bitxia da nire ibilbidea. Kontzertuetan kantu batzuk Afrikako mandinga hizkuntzan abesten ditut, eta askok uste zuten hasi aurretik Afrikan egona nintzela. Borrokan aritu behar izan dut, ezin konbentzituta. Izan ere, Gironan ezagutu eta erosi nuen kora, Zestoan ikasi dut jotzen, eta abestiak sortu eta kontzertuak eskaini ondoren joan nintzen aurrenekoz Senegalera. Zer musika ibilbide egin duzu? 12 Tribu taldean urtebete egin nuen, gitarra jotzen eta koruak egiten. Ondoren, Ttakunpako hiru kidek Dugukolo sortu genuen, Senegalgo korarekin eta bi balafoirekin. Eta zerk bultzatu zintuen bakarlari ibilbidea hastera? Koran gero eta gehiago sakondu ahala, abestiak sortzen hasi nintzen. Gero, Dugukolo taldea desegin zen, eta bizitzak bakarkako bidea egitera eraman ninduen, 2007an. Sei urtera, Kora izpiak lehen lana argitaratu nuen. Bakarkako ibilbide hartaz balorazio oso positiboa egiten dut. Oso maitea dut garai hura. Koraren bidez, bat-batean, harreman berezi bat hasi nuen musikarekin. Ordura arte beste energia bateko musika egiten nuen, eta korak bihotzarekin eta energia oso goxoarekin lotu ninduen. Musikari bezala, zuhaixka txiki izatetik zuhaitz handi izatera igaro nintzela sentitu nuen. Maitatzea nahiago ikus-entzunezkoaren esentziaz zer diozu? Musika instrumentuei –perkusioa, saxoa, baxua, bateria– dantza eta proiekzioa gehituta, ikus-entzunezko borobila osatu dugu. Zentzumen desberdinak landu ditugu, eta indar eta dinamika desberdinak dituzten kanta jantziagoak eskainiko dizkiegu ikus-entzuleei. Hamabi abesti eskainiko ditugu guztira: hamar talde formatuan eta bi kora hutsean. Senegalera, Kubara, Tunisiara, Portugalera... egindako bidaietako irudiekin osatu dugu proiekzioa, kantuen energia indartzeko. Oso kontzertu bizia eskainiko dugu bihar, sorpresa eta guzti. Oso pozik nago emaitzarekin. Musika duzu ogibide. Izan ere, Enekora proiektuaz gain gitarra irakaslea zara, ezta? Bai, Azpeitian eta Elorrion irakasten dut gitarra. Elorrion aurrez aurreko eskolak ere ematen ditut korarekin, eta Internetez ere bai, Skype bidez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide