Miren Nogales (Zestoa, 1991) Donostiako La Farandula mikroantzerkien proiektuan murgilduta dabil buru-belarri. Han egiten du lan, eta gaur beste urrats bat egingo du; izan ere, antzerki obrekin lan egiten aritzen den gazteak antzerki obra baten barrura egingo du saltoa. Tacones enanos 15 bat minutuko antzerkia estreinatuko dute Nogalesek eta Naiara Arnedok gaur, osteguna. Datozen lau asteetan eskainiko du obra, ostegunetik igandera bitartean: ostegunetan eta igandeetan, 19:00etan, 19:30ean, 20:00etan, 20:30ean eta 21:00etan oholtzaratuko dute antzezlana; ostiraletan eta igandeetan, berriz, 19:30ean, 20:00etan, 20:30ean, 21:00etan, 21:30ean, 23:00etan eta 23:30ean.
Gaur aurkeztuko duzue Tacones enanos antzezlana La Farandulan. Etxean arituko zarela esan daiteke?
Bai hala da, La Farandulan etxean baino ordu gehiago pasatzen ditut. Gauza bat ez bada beste bat izaten dut egiteko, egunero.
Urduri al zaude?
Oso urduri nago. Izan ere, etxetik gertu antzeztuko dudan lehenengo aldia da, eta ezagun askoren aurrean ariko naiz. Denbora dezente daramat oholtzen atzean, eta agertokira berriro igotzea erronka da niretzat.
Zeuek sortu al duzue obra?
Ez, ez dugu guk sortu, Madrildik etorri zaigu gidoia; hain zuzen ere, Microteatro Madridek eskaini digu. Aqui no hay quien viva telesaileko gidoilari batek idatzitako obra da, Araceli Alvarez de Sotomaiorrek.
Nolakoa izan da gidoia oholtzaratzeko prozesua?
Antzezlan asko irakurri ondoren, erabakia hartu, aktoreekin harremanetan jarri eta entseguetan hasi ginen. Madrildik antzezlan asko iristen zaizkigu, eta zaila izaten da gidoiak hautatzea. Antzezlan hau gidoia irakurri orduko gustatu zitzaigun.
Entseguak-eta zer moduz?
Bata bestearen atzetik egin ditugu. Lehenengo, gidoia geure egin genuen, eta gero buruz ikasi. Harrezkero, probak egin ditugu, antzezlana gustuko bilakatu arte.
Naiara Arnedorekin izango zara oholtzan. Zer moduz moldatu zarete?
Naiararekin topo egitea plazera izan da. Lehen aldiz elkartu gara, eta zorioneko neska sentitzen naiz. Lankide bezala eta lagun bezala asko estimatzen dut, profesional hutsa da eta asko ikasi dut bere ondoan.
La Farandulako ekoizpena da Tacones enanos. Zer esan nahi du horrek?
Bi eratako ekoizpenak egiten ditugu La Farandulan: batzuetan, kanpoko ekoizpenak ekartzen ditugu; eta besteetan, La Farandulan osatzen da proiektua hasieratik bukaerara. Halakoetan guk hautatzen ditugu gidoia, aktoreak eta zuzendaria. Tacones enanosen prozesu guztia etxean egin dugu.
Obraren izenburuari erreparatuta, Almodovarren Tacones lejanos filmarekin gogoratuko da bat baino gehiago. Filmari erreferentzia egin nahi izan diozue, hitz joko bat da edo zerbait gehiago?
Jende askok galdetu digu filmarekin zer ikusirik ba al duen lanak, baina hitz joko bat besterik ez da. Almodovarren kartelarekin jolastu dugu, eta, egia esan, horrexekin du antzekotasun gehien.
Ikusleak zerekin egingo du topo antzezlanean?
Diruarekin, armekin eta bi emakumerekin. Besterik ezin dut esan, baina ziur nago barre algara batzuk eginda irtengo direla ikusleak aretotik.