Ekainberriko, Sastarrain Baserri Eskolako, Pottoka Haztaileen Elkarteko eta Zestoako Udaleko ordezkariak, gaur, agerraldian. (Ane Olaizola)
Zestoako Ekainberrik, Satarrain Baserri Eskolak eta Gipuzkoako Pottoka Haztaileen Elkarteak ekimen berri bat jarri dute martxan elkarlanean, Sastarrain harana eta ingurua hobeto ezagutu eta pottokak balioan jartzeko asmoz. Ekain kobetan dauden zaldien margolanetatik abiatuta, pottokekin irteerak egingo dituzte Sastarrain haranean, udan zehar.
Gaur eman dute ekimenaren berri Zestoako Udaleko, Ekainberriko, Sastarraingo eta Pottoka Haztaileen Elkarteko kideek. Ekainberriko koordinatzaile Eneko Calvok adierazi duenez, Ekaingo kobetan margotuta dauden zaldiak Przewalski arrazakoak dira, baina pottokak "haien oinordekoak" izanik, haiekin egingo dituzte jarduerak. "Sastarrain haraneko biztanle historikoentzat pottokak esanahi ia magikoa izan zezakeen, animalia sakratutzat hartzen zen. Babesten zituzten
totem bat zen. Etnografia mailan, kultur erreferentzia bat izan da, gure baserrietan nekazaritza eta karga animaliak izateaz gain", esan dute.
Ekainberriren aurreko zelaia pottokentzat egokitu dute. Horien helburua da "Historiaurrea bere osotasunean" bizitzeko aukera ematea bisitariei.
Ekain abentura jardueraren bidez, garai hartan bezala margotzen, sua egiten eta ehizatzen ikasten dute bertaratzen direnek, eta programa horren barruan txertatu dituzte pottoken irteerak. Hala, Sastarrain bailaran eta Idiakaitz eta Erlaitz inguruan txango gidatu bat antolatuko dute pottokekin. Sei laguneko taldeak egingo dituzte, eta nagusiki umeentzat zuzendu dute ekimena. Horiek gurasoekin lagunduta egongo dira, baina jakinarazi dute 70 kilo baino gutxiago pisatzen dituen edonor ibili daitekeela pottoka gainean. Parte hartzeko aurrez erreserba egin behar da, 943-14 81 15 telefonora deituz.
Ekainberri ondoko zelaitik txango gidatuak egingo dituzte. (Ekainberri)
Sastarrain Baserri Eskolako jarduerekin osatu nahi dute eskaintza, eta, horretarako,
Etxalde tailerra ere prestatu dute. Inguruko baserritara egingo dituzte bisitak, eta bi ordu eta erdiz etxabereak ezagutu, zaindu eta beraiekin lan egiteko aukera izango dute. Sei laguneko taldeentzako eskaintza izango da hori, eta taldea handiagoa bada, baserrian bertan jatordua ere egingo dute. Interesa duenak 943-14 81 15 zenbakira deitu dezake.
Sastarrain Baserri Eskolako Leire Martijak adierazi duenez, egitasmoaren bidez bisitariek esperientzia bat gehiago jaso ahal izango dute. Aitor Iraeta Gipuzkoako Pottoka Haztaileen Elkarteko lehendakariak gogoratu du pottokak desagertzeko arriskuan daudela, eta, beraz, elkartearen lanik nagusienetarikoa da horiek ez galtzea. "Pottokak ezagutzeko erakusleiho bat behar da, eta hau aukera positiboa da horretarako". Marije Aizpurua Zestoako zinegotziaren hitzetan, berriz, abian jarri duten jarduera "interesgarria" da eskaintza turistikoa indartzeko.
Ekainberriren asmoetako bat da kobetan margotuta dauden animaliekin jarduerak antolatzen joatea. Iaz, esaterako, oreinak jarri zituzten kanpoaldean.