Amancay Gaztañaga. (Ainitze Agirrezabala)
Inor polifazetikoa bada, hori da Amancay Gaztañaga (Guayaquil, Ekuador, 1980). Grises taldeko abeslaria da, dantza irakaslea, ETBko
3txulo saioan Lauraren petsonaia hezurmamitzen du, Euskadi Irratiko
Faktorian kolaboratzailea da, eta duela gutxi arte egunkari honetako iritzi sailean idatzi du. Horiek guztiez gain, Zestoako Interpretazio Eskolaren zuzendaria ere bada; eta, ekainaren 26an hasita, antzerki hamabostaldia ari dira egiten Zestoan, bete-betean.
Zer moduz doa hamabostaldia?
Zoragarri! Zenbait obratan sarrera guztiak agortu dira, eta jendea kanpoan geratu da. Beste zenbait lanetan, berriz, bi-hiru sarrera geratu dira saldu gabe.
Seigarren edizio honen berrikuntzarik aipagarriena da, antzerki astea izan beharrean hamabostaldia dela. Zer dela eta?
Iaz, sarrerak salgai jarri eta bi egunetan guztiak agortu ziren. Ondorioz, jende asko geratu zen ikusi gabe. Aretoa betetzen genuen familiartekoekin, eta, noski, Zestoatik kanpoko jendea ere inguratzea nahi dugu. Aretoa oso txikia da, 80 lagun sartzen dira, eta kontuan izanda aurten obra gehiago ditugula, astebete luzatzea erabaki dugu.
Ohikoa duzu antzezlanak zuzentzea, baina aurten, lehenengo aldiz, obra bat idatzi duzu, Histerya. Zer moduzko esperientzia izan da?
Jende desberdina etorri da ikustera, Ander Lipus barne, eta, beraz, publiko nahiko zorrotza izan dugu. Egundoko harrera eta kritika oso-oso onak izan ditu, eta lan honekin hara eta hona mugitzeko intentzio osoa dut.
Zer da obraren muina?
Histeria femeninoa zen gaitz bat, XIX. mendera arte lau emakumetik batek sufritzen zuena. Garai hartan emakumeak sufritzen zuen errepresioaren ondorioz irudimenak sortutako buruko gaitza zela jabetu ziren, ordea. Lehen aldiz Grezian diagnostikatu zuten, eta, hain zuzen ere, histeria grezierako
hyster hitzetik dator, eta umetokia esan nahi du. Gero, Erdi Aroan, uste izan zen gaitz hura pairatzen zutenak sorginak zirela, eta Inkisizioak erre egin zituen. Ondoren, sorginak izatetik deabruak hartutako pertsonak izatera pasatu ziren, eta exorzismoa egiten zitzaien. Gero, garaiko medikuek adierazi zuten hura buruko gaixotasuna zela, eta gaitz hura tratatzeko sortu zen psikoanalisia. Gaitz hura tratatzeko sortu zen lehen bibragailua ere, eta haren historia ere jasotzen da obran.
Aurrenekoz eskaini duzue haurrentzako lan bat ere. Txikitatik hasi zarete harrobia lantzen?
Bai, horretan ari gara, eta datorren urtean hori nahi dugu pixka bat indartu. Mikel Ibarguren da arduraduna, eta zazpi neska-mutil dira taldean. Oso urduri zeuden, eta sei minutu iraun zuen obrak, baina oso-oso harrera ona izan zuten.
Eskainiko dituzuen sei obretan zenbat aktore ariko dira?
44 antzezle. Gehienak emakumeak dira. Zestoako ikasleez gain, Azpeitikoak, Zumaiakoak eta Zarauzkoak daude. Nik uste dut ikusi dutela antzerkia jorratzeko teknikari garrantzia ematen diogula hemen; eta, gainera, ematen diren ikastaroak luzeak dira, urritik ekainera.
20 euroren truke obra guztiak ikusteko bonoa jarri duzue aukeran. Zer harrera izan du?
Oso ona. Jendeak ez du bonoa erosi dirua aurrezteko, guztiak ikusteko gogoa zuelako baizik. Horrez gain, herriko dendariek diru laguntza eman digute, eta primerakoa izan da.
Huts Teatroaren Hozkailua ikusteko parada izango da larunbatean, Ander Lipusen eta Patricia Urrutiaren eskutik. Euskal Herrian halako indarra duen konpainia Zestoan izatea zer-nola baloratzen duzu?
Zoragarria da. Artedramak Aulestin antolatzen duen topaketetan izan ginen
Sweeneyrekin. Beraz, badugu hartu-emana, eta, noski, antzerkia euskara hutsean egiten dugunak oso gutxi gara. Zestoako Udalak hartu du bere gain
Hozkailuaren gastua.
Azpeitiko antzerki topaketetan publikoaren saria lortu zenuten iaz, Sweeney lanarekin. Zer bultzada eman dio zuen proiektuari halako aitortzak?
Oso gustura jaso genuen. Publikoaren saria beti da garrantzitsua; izan ere, epaimahaiarena dudazkoa izaten da. Egia esan, sariak indarra eman digu, eta harrezkero emanaldi piloa egin ditugu. Aurten ere topaketetan izango gara, eta saria eskuratzeko asmoarekin joango gara.
Sarritan salatu duzu aretoaren egoera tamalgarria dela…
Amaren etxea eskaintzen ari ginela, aretoko horma erortzen ari zela zirudien. Hurrengo egunean arkitektoa eta aparejadorea etorri ziren berrikustera, eta errealitatea da aretoko pareta mugitzen ari dela. Arkitektoak bermatu digu aurten, behintzat, ez dela eroriko, baina ezin dira besoak gurutzatuta geratu. Horrez gain, ez dugu aire egokiturik, geu arduratzen gara aretoa garbitzeaz, eta eserleku ilada bat izorratuta dago joan den bost urtean. Oholtza, berriz, lotsagarria da, oso txikia; altuera handia du, eta ikasturtean zehar gorputz ariketak egiterakoan bi lagun erori ziren. Argiteria ere geuk ordaindu dugu, aurreko urteetan ateratako diruarekin. Udalarekin bilera asko izan ditugu, hitz asko esan dira, baina, azkenean, toki guztietan bezala, kulturari ematen zaio ematen zaion pisua. Gauzak beti egiten dira gaizki, Azpeitian ere begira zer eraikintzar duten. Noski, herri bakoitzak behar ditu bere azpiegiturak, bestela betikoan gaude: topaketak egingo lirateke Donostian eta Azpeitian, eta Zestoa bezalako herri txikiak galtzen aterako lirateke.
Zer erronka dituzue?
Lanean jarraituko dugu, beti bezala. Ziurrenik, hazten joango da eskola. Gure obrak kanpora gehiago ateratzeko intentzioa ere badugu. Egia esan, niretzat, gure eskolakoak ez dira talde amateurrak. Dagoen maila eta egiten duten lana, askotan, talde profesionalena baino hobea da. Garrantzitsua da esatea, aktore horiek teknika baten ezagutza jaso dutela urte luzez.
Formatu txikiko 'Hozkailua' obra ikusgai, Zestoan
Dimentsio handiko antzezlanekin iristen ez diren herri eta espazio txikietara heltzea dute helburu formatu txikiko lanek. Horren adibide da Artedramak ekoiztutako Hozkailua, zapatuan Zestoan emango dutena. Patricia Urrutia eta Ander Lipus ariko dira oholtzan. Lipusen esanetan, "publikoaren gertutasuna" bilatzen duen lana Zestoan eskaintzea eta hango "antzerkizaletasuna bultzatzea eta partekatzea oso positiboa eta aberatsa" da. Azken sei urteetan, Zestoako Interpretazio Eskolan Amancay Gaztañagak lortu duena "izugarria" dela dio Lipusek. "Aurrekoan, Histerya ikusi nuen Zestoan, eta lana egiteko gure maneran, euskarazko antzerkian, hori ezinbestekotzat hartzen dugu. Izan ere, halako topaketak geuk ez baditugu bermatzen, gorago daudenek ez dituzte bermatuko".