Zestoako antzerki hamabostaldiaren aurkezpena. (Argazkia: Ainitze Agirrezabala)
Orain arte, Euskal Herri osoan euskara hutsean egiten diren antzerki topaketa bakarren habia Azpeitia izan bada ere, urtetik urtera indar hartuz doaz Zestoako antzerki jardunaldiak, eta, beraz, aurrerantzean eskualdean antzerkiaz gozatzeko bi hitzordu nagusi izango dira: udan Zestoan, eta udazkenean Azpeitian. Aurten, hilaren 26an hasi eta uztailaren 8ra arte luzatuko dira ate joka diren Zestoako antzerki topaketak. Zestoako Interpretazio Eskolako zuzendari Amancay Gaztañagak gaur aurkeztu du egitaraua udaletxearen aurreko plazan antzezlanetako eszenografiarekin muntatu duten txokoan. Gaztañagak adierazi duenez, aurtengoa seigarren edizioa da, eta "berrikuntza ugari" izango dira. Potoloena, noski, Zestoako antzerki astea "hamabostaldia izatera pasatu" dela. "Guretzat egundoko ahalegina dakar antzerki astea hamabostaldi izatera pasatzeak. Hori guztia antolatzeak izugarrizko lana du atzetik, eta herritar eta antzerkizale guztiak hamabostaldi honetaz gozatzera animatu nahi ditugu".
Antzerki jardunaldia astebetez luzatzeko arrazoia ere argitu du zuzendariak: "Iaz, esaterako,
Sweeney lana lau egunetan eskaini genuen; lauretan sarrera guztiak agortu ziren, eta jende askok kanpoan geratu behar izan zuen. Aurten, guztira, sei antzezlan ikusteko aukera izango da, baina horiek guztiak astebetean eskaintzeko edukierarik ez duenez antzokiak, astebetez luzatzea erabaki dugu". Izan ere, 80 lagunentzako lekua du Kultur Etxeko aretoak, eta antolaketa berriari esker, aretoan sartzeko arazoa ekidin nahi izan dute antolatzaileek. Zentzu horretan, gaurko agerraldia baliatu du Gaztañagak herriko aretoaren "egoera tamalgarria" salatzeko. Eta herriko politikariei jakinarazi die Zestoak "diziplina anitzeko espazioa behar" duela, "edukiera egokiarekin".
Haurren antzerkia, lehen aldiz
Guztira sei antzerki obra eskainiko dituzte aurtengoan, eta Zestoako Antzerki Eskolako bigarren mailako ikasleek inauguratuko dute Antzerki Astea astelehenean, Federico Garcia Lorcaren
Amaren etxea moldaketarekin. Berrikuntza bezala, aipatzekoa da Gaztañagak zuzentzeaz gain berak idatzitako
Histerya lana oholtzan ikusi ahalko dela. Gaztañagak aurreratu duenez, "komedia gazi-gozoa da, eta histeria femeninoa delako gaitz ezagunaren nondik-norakaoak bizi ahal izango ditugu". Ekainaren 30ean, gainera, antzezlana bukatu ondoren, Zestoako Musika Bandak filmetako soinu banden inguruko kontzertua eskainiko du. Bestalde, aurten lehen aldiz, gainera, haurrek haurrentzat egindako lana izango da, Mikel Ibarguren zestoar aktorearen gidaritzapean. Ibargurenen esanetan, iaz hasi ziren Zestoako Antzerki Eskolan haurrekin lanean. "6 eta 11 urte bitarteko zazpi mutil eta neska bat ditut taldean, eta ikasturte bukaeran ikasleek beraiek izandako ideia batetik sortutako ordu laurdeneko iraupena duen
Jo aurretik obra eskainiko dugu, 17:30ean". Haurren antzerki emanaldiaren ondoren, txaranga eta tortilla lehiaketa izango dira Astinduk antolatuta. Aipatutako obra horiez gain, Gaztañagak gaineratu du "gerraren alderik gogorrenak eta gordinenak umore beltz makurrenarekin nahasten dituen
Kruzadak antzezlana eta
Hamlet gorroto dut "komedia zoragarria" ere eskainiko dituzte. Antzerki hamabostaldia borobiltzeko, Artedramak ekoiztutako
Hozkailua izango da ikusgai, Huts Teatroaren eskutik. "Patricia Urrutiak eta Ander Lipusek eskainiko duten antzezlana Zestoan ikusi ahal izatea oso garrantzitsua da. Gure helburuetako bat da, hain zuzen ere, Euskal Herri osoan hainbeste indar duen konpainia baten antzezlanaz gozatu ahal izatea Zestoako antzerki topaketetan". Huts teatroaren antzezlana herrira ekartzeko "Zestoako Udalaren babesa ezinbestekoa" izan dela esan du Gaztañagak.
Bonoa, aukeran
Sarrerak salgai izango dira Zestoako Mairi dendan (estankoan). Antzerki saio bakoitza ikusteko txartelak bost euroko prezioa dauka, baina zuzendariak adierazi duenez, antzezlan guztiak ikusi nahi dituztenentzat "bonu berezia" jarri dute eskuragarri. "20 euro ordaindu eta obra guztiak ikusi ahalko dira. Kontuan izan, Hozkailua lana ikusteagatik 15 euro inguru ordaindu behar direla beste edozein tokitan". Beti bezala, Zestoako Kultur Etxeko aretoan izango dira antzerki guztiak, 20:30ean hasita. Umeen antzerkia 17:30ean hasiko da, ondoren tortilla lehiaketa egin ahal izateko. Azken antzezlan hori doan izango da, baina aurrez sarrera eskuratu beharko da estankoan, aretoaren edukiera kontrolatzeko.
Hona hemen Zestoako antzerki hamabostaldiaren egitaraua:
Ekainak 26 eta 27, astelehena eta asteartea
Bigarren mailako ikasleek Federico Garcia Lorcaren
La casa de Bernarda Alba obra ezagunaren moldaketa eskainiko dute:
Amaren etxea.
Ekainak 28, 29 eta 30, asteazkena, osteguna eta ostirala
Amancay Gaztañagak idatzitako eta zuzendutako
Histerya antzezlana. Ekainaren 30ean, antzerki emanaldiaren ondoren, Zestoako Musika Bandak filmetako soinu banden inguruko kontzertua eskainiko du.
Uztailak 1, larunbata
Mikel Ibargurenen gidaritzapean, haurrentzako
Jo aurretik antzezlana ikusi ahalko da.
Uztailak 2, 3 eta 4, igandea, astelehena eta asteartea
Michel Azama antzerkigile frantziarraren poema dramatikoan oinarrituta
Kruzadak obra eskainiko dute.
Uztailak 5, 6 eta 7, asteazkena, osteguna eta ostirala
Hamlet gorroto dut komedia izango da ikusgai. Paul Rudnicken antzezlan honetan Andy telebistako aktore ospetsuaren nondik-norakoak izango dira hizpide.
Uztailak 8, larunbata
Artedramak ekoiztutako
Hozkailua izango da, Huts Teatroaren eskutik.