Maia Ossa eta Tapio Koivukari 'Ariasman. Euskal baleazaleen istorio bat’ liburuaren aurkezpenean. (Erein)
Aita euskalduna eta ama finlandiarra ditu Maia Ossa Rissanenek (Donostia, 1991); eta euskara eta finlandiera, biak, jaso eta hitz egin ditu etxean arroarrak. Itzultzailea da ikasketaz, eta finlandieratik euskarara ekarri du
Ariasman. Euskal baleazaleen istorio bat eleberria (Erein, 2017). "Bi ama hizkuntzekin lan egitea oso polita" dela aitortu du Ossak. "Ez da gaztelaniatik edo ingelesetik egitea bezala. Hurbiltasuna sentitzen dut finlandierarekiko, askoz ere gertuagokoa egiten zait. Gainera, bi hizkuntzek badituzte antzekotasunak, gramatikari dagokionez".
Tapio Koivukarik 2011n argitaratu zuen finlandieraz orain Ossak euskaratu duen eleberri historikoa. Islandian 1615ean hil zituzten 31 euskal baleazaleen istoriotik abiatuta osatu zuen lana Koivukarik. Finlandian argitaratu eta hurrengo urtean itzuli zuten nobela islandierara, baina urte batzuk gehiago behar izan dira euskarara itzultzeko.
Hau da Maia Ossak bakarka itzuli duen lehen literatur lana; aurretik, Joseba Ossa eta Mia Rissanen gurasoekin batera, beste idazle finlandiar baten nobela itzuli zuen: Sofi Oksanenen
Garbiketa (Alberdania-Erein, 2011).
Ariasman. Euskal baleazaleen istorio baten kasuan, liburuarekin eta egilearekin harreman hirukoitza izan duela esan daiteke. "Tapio [Koivukari] Euskal Herrira etorri zen 2010ean, liburua idazten ari zela, dokumentazio lana egitera eta girotzera. Hemen bizi ziren finlandiarrekin harremanetan jarri zen, eta horrela ezagutu zituen nire gurasoak", azaldu du. 2015ean, berriz, Islandiako euskal baleazaleen sarraskiaren 400. urteurrenean, Nafarroako Ikastolen Elkarteak eskatu zion Koivukariri eleberriaren bertsio laburtu bat egiteko, ikasleentzat egokitua; eta hura euskaratzearen ardura izan zuen Ossak. Eleberri osoa euskaratzearen asmoa, azkenik, aitaren eta egilearen interesak bultzatuta iritsi zela kontatu du. "Erein prest zegoen argitaratzeko, eta horrela jarri zen martxan kontua, kontaktu pertsonalaren bidez".
Euskara irakasle Finlandian
2016ko udaberrian gauzatu zen nobela euskaratzearen asmoa, eta iazko irailean hasi eta joan den otsailean bukatu zuen itzulpena Ossak, Finlandian. 2013an joan zen bizitzera amaren jaioterrira, "han bizitzea zer zen probatzeko gogoa betidanik" zuelako, eta han jarraitzen du. Hainbat lanetan aritu eta Frantses Filologia eta Antropologiako irakasgai batzuk ikasi ostean, euskara irakasten du gaur egun, unibertsitatean, Etxepare Institutuaren irakurle postu bati esker.
Oraingoz ez dauka finlandieratik beste libururik itzultzeko proposamenik, "baina etortzen bazait gustura egingo dut", dio.