Hirurogei establezimendutik gora biltzen dituen merkataritza eta ostalaritza gida aurkeztu dute Zestoan

Ainitze Agirrezabala 2017ko eka. 16a, 16:00

Merkataritza eta ostalaritza gida aurkeztu dute gaur, Zestoako udaletxean. (Argazkia: Ainitze Agirrezabala) Zestoarrentzat eta kanpotik herrira datozen bisitarientzat bideratuta, merkataritza eta ostalaritza gida argitaratu du Zestoan Merkatarien Elkarteak, Zestoako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Liburuxkak herriko 60 establezimendu baino gehiagoren informazioa jasotzen du, eta Vicente Davila zestoar diseinatzaile grafikoak osatu du lana. Gida sektoreka banatuta dago: janariak eta Euskal Herriko produktuak; ogiak eta gozokiak; etxerako produktuak; zerbitzuak; moda eta osagarriak; estetika; osasuna; ostatuak, eta tabernak eta jatetxeak. Davilaren esanetan, herrigunetik kanpo dauden saltokiak ez dituzte gidan jaso, "Zestoan bertan kontzentratzen diren horien informazioa ematera mugatu" direla argudiatuta. Hala, gidatik kanpo geratu dira, esaterako, Arroabeheko estankoa eta fruta-denda edo Aizarnako Konpitteko denda. Tabernei eta jatetxeei dagokienez, berriz, bi ataletan banatu du sektorea diseinatzaile grafikoak: "Alde batetik, Zestoako erdigunean daudenak jaso ditut, eta, bestalde, herrigunetik kanpo daudenak, eta azken horietan bai agertzen da, esaterako, Aizarnako Konpitteko taberna". Kontrazalean, berriz, herriko bederatzi tabernariren pintxo eskaintza jaso dute, herritarrak zein bisitariak "pintxo-potera gonbidatzeko" helburuarekin. Negozioen informazio osatua Merkataritza eta ostalaritza gida osatzeko garaian, herriko saltoki, taberna, jatetxe eta ostatu guztietako ordezkariekin jarri dira harremanetan, eta Siadeco ikerketa elkarteko kide Juanjo Allurrek adierazi du, "guztien harridurarako", 60 establezimendutik gora jaso dituztela. "Ahalegin berezia egin da Zestoako negozioen ahalik eta informaziorik osatuena eskaintzeko. Modu oso txukunean antolatu eta diseinatu du Vicentek gida, saltoki bakoitzaren izena, argazkia, telefono zenbakia eta informazio praktikoa argitaratuta". Allurrek gaineratu du kanpotik Zestoara bisitan datorrenak zer aurkitu nahi duen "ongi ezagutzen" duen profesionalaren esku jarri dutela gida egitearen betebeharra. Izan ere, han eta hemen jendeari txoko desberdinak erakusteaz ere arduratzen da Davila. Gida komertzialaren 5.000 ale kaleratu dituzte guztira, eta orain horiek "modu egokian banatzea garrantzitsua" dela dio Siadeco ikerketa elkarteko kideak. "Kontua ez da tabernetako edo saltokietako mostradoreetan hogei ale uztea. Gutako bakoitzak, Zestoako saltokietako, jatetxeetako, tabernetako eta ostatuetako ordezkari bakoitzak gida honen saltzaile bihurtu behar dugu. Gidak azaleko izenburuan dioen bezala, lehenbizi guk sinestu behar dugu Zestoan uste baino gehiago dagoela eskaintzeko, ondoren ideia hori herritarrei eta bisitariei transmititzeko". Merkataritza eta ostalaritza informazioa jasotzen duen gida gaurtik eskuragarri izango da Zestoako saltokietan, tabernetan, jatetxeetan, ostatuetan eta bainuetxean. "Saltoki bakoitzari hamar ale banatuko dizkiegu; tabernei hogeina, eta bainuetxean 100 ale izango dituzte interesa duten bezeroen artean banatzeko. Ale horiek agortutakoan, eskatu eta berriz emango dizkiegu". Eskaintza borobila Zestoako alkate Josetxo Mendizabalek gaurko aurkezpenean adierazi du herriko ostalaritza eta merkataritza zerbitzuak jasotzen dituen "triptiko sinple" bat argitaratu zutela duela lau urte. Era berean, gaineratu du herriko turismoaren eta ibilbideen inguruko informazio sakona biltzen duen eskuorriak kaleratu zituztela duela urtebete inguru. Eta, orain, "herriko saltokien eskaerari" erantzunez, "eskaintza borobiltzeko" helburuarekin, herritarrentzat zein bisitarientzat "oso erabilgarria" izango den gida argitaratu dutela.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide