Arantzazu Maiz, eskubian. (Hitza)
Hiru azpeitiarrek helduei zuzendutako Japoniako rakugo emanaldia eskainiko dute gaur Aizarnako Kultur Etxean, 20:30ean hasita. Urola Kostan beste hainbat emanaldi ere eskainiko dituzte. Arantzazu Maiz (Azpeitia, 1976) da rakugolarietako bat.
Ez dakienari nola azalduko zenioke zer den rakugoa?
Japoniako ahozko tradizioko genero bat da. Ahoz aho trasmititu diren narrazio, ipuin edo kontaketa zaharrak dira. Barre eginarazten dute horiek, eta orain dela 400 bat urte sortu ziren. Rakugoka izeneko kontalari profesionalek eskaintzen dituzte kontakizunak. Gaur egun ere bizirik dagoen tradizioa da, eta antzoki berezi batzuetan egiten dira rakugo saioak.
Nolakoak dira emanaldiak?
Kontakizun xelebreak izaten dira rakugo emanaldietakoak. Istorioek bukaeran puntu graziosoa dute, eta kontaketa bakoitza 15-20 minutukoa izaten da. Normalean, hiru istorio kontatzen ditugu. Helduei zuzendutako kontakizunak dira izatez, baina 8-9 urteko gaztetxoek ere jarrai ditzakete.
Rakugolariak zer rol du oholtzan?
Kontalaria agertokiaren erdian egoten da kimonoa jantzita eta belauniko eserita, eta kontakizuneko pertsonaia guztiak berak antzezten ditu. Laguntzeko tresna bi izaten ditu: zapi bat eta abanikoa. Gainerako guztia ikusleek imajinatu behar dute.
Nolatan hurbildu zarete Japoniako kulturara?
Hiromi Yoshidaren bidez hasi ginen rakugoak kontatzen. Euskal Herriak gauza asko eman dizkiola dio hark, eta erabaki zuen Japoniako zerbait tipikoa ekartzea hona. Horregatik, rakugoak euskaratzen hasi zen. Hasieran liburu bat egiteko ideiari bueltaka ere ibili zen, baina kontaketak egitea hobe zela erabaki zuen. Axen Escalada hasi zen emanaldiak eskaintzen, eta gero Maider Ibarguren eta biok.
Afizio bitxi samarra ez al da?
Antzerki mundua gustuko genuenez, animatu egin ginen. Eta, egia esan, oso gustura aritzen gara. Ipuin kontaketa moduko zerbait da, eta oso ondo pasatzen dugu. Hasieran banuen kezka; izan ere, Japonia urrun dago, eta ez nekien rakugoek hemen graziarik egingo zuten. Ez nekien jendea aspertu egingo zen edo gustura egongo zen emanaldietan. Saiatu gara rakugoa benetan zer den erakusten, baina kontaketak euskaraz eginda. Eta erantzun ona jaso dugu orain arteko emanaldietan, barre eginarazi diegu ikusleei, eta tira!
Emanaldi ugari egin dituzue. Zabaltzen ari al da rakugoa?
Hiromi Euskal Herrian dagoenean egiten ditugu. Urtean bitan etortzen da normalean, eta urtean zehar dozena emanaldi inguru eskaintzen ditugu. Emanaldi asko ari gara egiten, eta datozen egunetan Zumaian, Orion eta Aizarnazabalen ere izango gara.