Oinezko eta txirrindulariek gurutzatu behar duten errepidea. (E. Albizu Lizaso)
Azpeitiko eta Zestoako udalek eta Lasaoko bizilagunek gogorarazi dute "lotura segururik gabe" jarraitzen dutela bidegorri eta berdeek, Lasao auzoaren parean. Nabarmendu dute urtebete igaro dela pasabide bat eskatu zutenetik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ez duela aurreikusten halakorik egiterik.
Gaur egun, auzoaren alde batetik bestera igarotzeko, beharrezkoa da errepidea gurutzatzea, baita Azpeitia eta Zestoa arteko ibilbidean jarraitzeko ere. 2015eko abuztua artean, trenbide ondoko bidexkatik pasatzen ziren oinezko eta txirrindulariak, errepidearen azpitik; baina Gipuzkoako Foru Aldundiak itxi egin zuen pusketa hori. Orain, errepidea gurutzatu behar da. Hori dela-eta, bi seinale jarri ditu bertan aldundiak: 50 kilometro orduko gehienezko abiaduraren seinalea eta oinezkoak eta txirrindulariak dabiltzala ohartarazten duena. 2016rako edo 2017rako aurreikusi du erakundeak zebrabide bat jartzea.
Auzoa bitan zatituta
Marijo Azkue Lasaoko auzo-alkateak esan du "arazo handia" dela beraientzat gaur egungo egoera. Azaldu du errepidearen bi aldeetan bizi direla lasaotarrak, eta alde batekoek ez dutela aukerarik herrigunera "modu seguruan" sartzeko: "Lau urte daramatzagu bide seguru bat eskatzen, gure auzoa bi gunetan dagoelako banatuta, eta derrigorrezkoa delako alde batetik bestera pasatzeko bide bat izatea". Dena dela, auzo-alkateak nabarmendu du joan den urtean okertu zela beraientzat egoera, trenbide ondoko pasabidea itxi zutenean; izan ere, errepidea gurutzatzea da, gaur gaurkoz, haien aukera bakarra. "Lasaotarrek beti esan izan dugu prest gaudela bidexka hori auzolanean konpontzeko edo behar den guztian laguntzeko, baina ez digute eman aukera hori", adierazi du.
Auzotarren arazoaz gain, Azkuek esan du jende ugari ibiltzen dela Azpeitia eta Zestoa arteko bidegorri eta berdeetan, eta haientzat ere "oso arriskutsua" dela gune hori. Azpeitiko eta Zestoako udalek eta Lasaoko auzotarrek bat egin zuten, beraz, aldundari
egoera hori konpontzeko eskatzeko. Lasaoko bizilagunek sinadura bilketa bat hasi zuten
change.org webgunean, eta pankartak ere jarri zituzten San Inazio jaietan. Azkuek azaldu duenez, hiru egunera kendu zizkieten pankartak.
Alternatiba berriak
Estitxu Elduaien Azpeitiko udal ordezkariak ere nabarmendu du pasabidea behetik egitea nahi dutela: "Duela urtebete esan genuen; ondoren, gutuna bidali genuen aldundira, eta gauza bera esaten dugu orain ere". Trenbidearen ondoko bidexka hori Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoa da, Euskal Trenbide Sarekoa; eta, Elduaienen hitzetan, "segurtasunarengatik" eta bidea "estuegia" delako esan zion ezetz eskaerari erakundeak. Halere, udal ordezkariak azaldu du bidexka hori baino "arriskutsuagoa" dela errepide horretan oinezkoak eta txirrindulariak ibiltzea: "Bestela ere nahikoa istripu izan dira zati horretan, eta ez dugu halako gehiago nahi".
Josetxo Mendizabal Zestoako alkateak adierazi du aldundiaren proposamenak ez lukeela konponduko gaur egun duten arazoa. Hau da, errepidean zebrabidea jarrita ere, ez litzatekeela segurua izango lotura hori. Beraiek beheko pasabidea egokitzeko eskatu arren, Mendizabalen arabera, Euskal Trenbide Sarekoek ez dute iritziz aldatuko, trenbide ondoko bidexkak ez dituelako segurtasun neurriak betetzen. "Irudipena dut elkarri ardurak pasatzen ari garela, eta kontua geldirik dagoela", adierazi du alkateak. Hala ere, aipatu du bi udalak "alternatiba berriak" aztertzen ari direla, eta ez daudela "ahaztuta" arazo horrekin.