Unai Mendizabal: "Nabari da Azpeitia eta inguruak bertsolarien habi direla"

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko mar. 8a, 12:06

VIII. Erniarraitz bertso sariketa irabazi du Zizurkilgoak, baita bertso onenaren saria ere. Gurrutxaga azpeitiarra hirugarrena izan da; Salegi zestoarra, seigarrena.

German Zelaiak jantzi dio txapela Unai Mendizabali (E. Albizu Lizaso) "Saio orekatua" eginda irabazi du Unai Mendizabalek VIII. Erniarraitz bertso sariketa. Hiru kanporaketaren ostean, ostiralean jokatu zuten azken proba, Azpeitiko Gaztetxean, eta ia 200 lagun bildu ziren han. Mendizabalen ostean, Oihana Iguaran sailkatu zen; eta hirugarrena, Jon Gurrutxaga azpeitiarra izan zen. Amaia Iturriotz, Gemma Urteaga eta Aitor Salegi zestoarra izan ziren hurrenak. "Erori gabe, baina goia ere jo gabe" jardun zen bertsotan Unai Mendizabal, bere hitzetan. Uste du oreka horri eusteak eman ziola txapela. "Egia da bertsotan ari denak eta entzuleak oso desberdin ikusten dutela saioa, baina ez nuen bikain jardun. Ideia onak otu zitzaizkidan, baina bertsoetara eramatea kostatu zitzaidan", azaldu du irabazleak. Dena den, behin lanak eginda, "konforme" gelditu zen eginiko saioarekin Zizurkilgoa. Bigarren aldia zuen Mendizabalek Erniarraitz bertso sariketan; eta bi sarirekin joan zen etxera, bigarren saiakeran. Izan ere, bertsorik onenaren oroigarria ere berari eman zion Azpeitiko Gaztetxeak. Esperotakoa zen aitorpen hori: "Bertsoa bota eta segituan pentsatu nuen sari hori lor nezakeela. Jendeari asko gustatu zitzaion, bat-batekoa eta freskoa zen, eta giroa berotu zuen". Jon Gurrutxagarekin abestutako zortziko txikian egin zuen Mendizabalek ostiraleko saioko bertso onena. Hain zuzen, zortziko txikian eta hamarreko txikian sentitu zen erosoen txapelketako irabazlea. "Zortziko handian denok eman genuen maila ona, eta ikusi nuen indarrez zeudela besteak ere", azaldu du. Puntukako lanak izan ziren "eskasenak", Mendizabalen arabera. "Ez gaude ohituta txapelketetan ariketa hori egitera, eta nahiko nahastuta ibili ginen denok", esan du. Saioko uneren bat nabarmentzekotan, Amaia Iturriotzek kartzelakoan eginiko bertsoak aukeratu ditu.

Arantza kenduta

Giro "ederra" aurkitu zuen Azpeitiko Gaztetxean Mendizabalek, "bertsotan lasai egiteko modukoa": "Nabari da Azpeitia eta inguruak bertsolarien habi direla". Dena den, Erniarraitz bertsozale elkarteak "lan handia" egiten duela nabarmendu du, eta horri ere badagokiola afizioa izatearen zati bat: "Sariketak izena hartu du, eta bertsolari gazte guztientzat da plaza ona". Erniarraitz izan zen Mendizabalen lehen bertso sariketa, duela bi urte. Bere burua "gehitxo estututa" joan zela gogoratzen du: "Egin beharraren egin beharrarekin, ez nuen txukun abestu, eta banuen arantza bat". Aurten kendu du, ordea, arantza. Sanagustinen jokatutako kanporaketan "lasai" gelditu zen, "egindakoarekin gustura". Ostiralean txapela janztea, berriz, arantza kentzea baino zertxobait gehiago izan zen. "Deitzen badidate, behintzat, Erniarraitz sariketan abestuko dut berriro", azaldu du. Bitartean, Osinalde txapelketan izango da aste honetan Mendizabal, Goierrin. Datorren astean, berriz, Zestoan abestuko du, gazteen bertso saioan.

Puntuak

  1. Unai Mendizabal. 279 puntu.
  2. Oihana Iguaran. 278,5 puntu.
  3. Jon Gurrutxaga. 269,5 puntu.
  4. Amaia Iturriotz. 267,5 puntu.
  5. Gemma Urteaga. 265,5 puntu.
  6. Aitor Salegi. 261,5 puntu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide