Lapatx ixtea denen ahotan

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko ots. 3a, 12:37

GHK-k Urola Erdiko Mankomunitatearen erabakia errespetatzen ez badu, Azpeitiko Udalak iragarri du herri galdeketa egingo duela azpeitiarren iritzia ezagutzeko.

Urola Erdiko Mankomunitateak erabaki zuen astelehenean Azpeitiko Lapatx zabortegia bete bitartean Gipuzkoa osotik jarraituko zuela hondakinak jasotzen. Ezezkoa eman zioten, ordea, zabortegia handitzeko GHK-k egin zien eskaerari. Horren aurrean, Azpeitiko Udalak adierazi du, GHK-k ez badu errespetatzen mankomunitatearen erabakia, herri-galdeketa egingo duela Azpeitian, udalak horren aurrean zer jarrera hartu behar duen jakin dezan. Beraz, Lapatx ixtea nahi al duten galdetuko die azpeitiarrei erakundeak, herri galdeketa baten bidez. Kasu horretan, honakoa litzateke galdera: Lapatx ixtea nahi duzu?. Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, GHK-k eskatzen du 175.000 metro kubikoko beste zabortegi bat egitea Lapatxen bertan, eta horrek, gutxienez, beste urtebeteko bizitza emango lioke azpiegiturari. Hala ere, Kantabriako zabortegiarekin akordio batera iritsi direla ikusita, positibotzat jo dute egoera. Dena den, Aitor Bereziartua mankomunitateko lehendakariak azken batzarraren ostean esandakoa berretsi du: "Azpeitiak izango du azken hitza". Bihar egingo du ezohiko batzarra GHK-k, eta bi punturen inguruan hitz egingo dute. Batetik, zaborra Kantabriara (Espainia) eramateko egin duten aurreakordioa izango dute hizpide. Bestetik, izaera juridikoko pertsona edo erakunderen bat epaitegira eramatea eztabaidatuko dute. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak adierazi du Urola Erdiko Mankomunitatea izan daitekeela epaitegietara eraman nahi dutena, Lapatx zabortegia ez handitzea erabaki duelako.

Jose Ignacio Asensio

Gipuzkoako Ingurumen diputatua

"Erabakiak aukera emango du behar den logistika antolatzeko"

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak adierazi du "lasaitasun apur bat" eman diela Urola Erdiko Mankomunitateak hartutako erabakiak: "GHK-k aukera izango du behar den logistika antolatzeko eta Kantabriara bidali behar den hondakin kopurua modulatzeko". Asensiok esan du "azken unera arte" mankomunitatearen aldetik erantzunik jaso ez zutenez, aurreakordioa sinatuta dutela Kantabriako zabortegiarekin, eta, gutxienez, 50.000 tona errefus eraman daitekeela jada hara. Hala ere, beraien proposamena berretsi du: "Proposatu genuen zabortegia irekita mantentzea urtebetean, teknika eta diru aldetik posible zelako handitzea; eta, horregatik, azken egun hauetan, gipuzkoarrekiko dugun konpromisoa betetzeko deialdia egin dugu, interes orokorreko eta osasun publikoko gaia delako".

Aitor Bereziartua

Mankomunitateko lehendakaria

"Erantzukizunak eskatzen hasita, denei eskatu behar zaizkie"

Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak esan du oraindik ez direla "parez pare" jarri GHK-koekin asteleheneko erabakiaz hitz egiteko. Prentsatik izan dute azken albisteen berri, eta Bereziartuak ondo hartu du kontsortzioa "alternatiba berriak" bilatzen ari dela jakitea. Halere, gogorarazi du 2009an hitzarmen bat egin zutela GHK-rekin, eta kontsortzioak ez duela hori bete: "Erantzukizunak eskatzerakoan, denei eskatu behar zaizkie". Hitzarmeneko puntuen artean, bat nabarmendu du: "Tranferentzia zentro bat egingo zutela agindu zuen GHK-k, Lapatx ixten zenerako, baina oraindik ez dira hasi". Transferentzia zentro horri esker aukera legoke zabortegia itxi ostean ere, kamioiak han betetzeko; eta "merkeagoa" litzateke hondakinen garraioa, Bereziartuaren arabera. Oraindik ez dute egin, eta Lapatx itxi aurretik egitea eskatu dute. Bestalde, San Marko zabortegiaren kasua gogorarazi du: "Guri elkartasuna eskatzen digute, baina badirudi ahaztu zaiela San Markos itxi zutenean, oraindik 20 edo 30 urtez zaborra jasotzen jarraitzeko lekua zuela".

Igor Iturain

Urola Kostako Udal Elkartekoa

"Ulertzen dut Urola Erdiko Mankomunitateak hartu duen erabakia"

Igor Iturain Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak esan du gipuzkoar guztien zaborra jasotzeko "ahalegina" egin duela Azpeitiak azken urteetan. Hori dela-eta, ontzat hartu du erabakia: "Ulertzen dut Urola Erdiko Mankomunitateak hartu duen erabakia". Hala ere, gaiari "irtenbide bat" aurkitu behar zaiola esan du Iturainek, Gipuzkoako arazoa delako. "Bien bitartean, behin-behineko irtenbide moduan zaborra Kantabriara eramatea egokiena dela ikusi badute, agintzen daudenen eta gaia ezagutzen dutenengan konfiantza izan behar dugula uste dut", esan du. Azken urteetan hartu diren erabakiak "partxeak" direla esan du Iturainek, eta nabarmendu du "pena" ematen diola zaborren gaiarekin "oraindik horrela ibili beharrak".

Maria Pilar Arruti

Azpeitiko Elosiaga auzoko bizilaguna

"Harrituta nago jarrera pasiboa sumatzen dudalako herritarrengan"

Maria Pilar Arruti Azpeitiko Elosiaga auzoko bizilaguna da, eta gertutik jarraitu ditu gaia zein haren ondorioak. Urteak dira Lapatx itxiko dutela entzuten ari direla, baina egun hori ez zaie iristen. Hori dela-eta, "ezkor" dago, "kolore batekoek zein bestekoek" agindu dutelako itxiera, eta ez delako sekula iritsi. "Oraindik gogoan dut nola esan zidaten 2009an itxiko zutela, zin egin zidaten, baina ezer ez". Arrutik argi du azpiegitura arazoak konpontzeko «beharrezkoa» dela etxetik hastea: "Norberak hasi behar du birziklatzen, gauzak ondo banatzen eta ahalik eta gutxien gastatzen, azpiegitura eta zabortegi gutxiago behar ditzagun". "Arazo gogorra" da Lapatxena Elosiagako bizilagunarentzat, eta politikariei eskatzen die "elkarri entzun" eta "ados jarri" daitezen. "Informazioa" eta "heziketa" dira ardatz berarentzat: "Herriari iritzia galdetzea ondo dago, baina informatu ostean". "Harrituta nago jarrera pasiboa sumatzen dudalako herritarren aldetik", azaldu du. Horren aurrean gogorarazi du osasunarentzat "txarra" dela zabortegi hori: "Medikuari ere galdetu nion errekurtsoren bat jartzea izango ote nuken, eta hark ez zidan ukatu".

Eneko Etxeberria

Azpeitiko alkatea

"Gure helburua Lapatx ixtea da, esan dezala GHK-k bere eskaintza zein den"

Gipuzkoako zabortegi guztiak erabaki politikoen ondorioz itxi direla gogorarazi du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak. "Lapatx bere bukaera naturalera iritsi da, eta azken zati hori ere gipuzkoar guztien artean betetzea erabaki dugu: ezin dugu erakutsi elkartasun gehiago", nabarmendu du. Hala ere, ez du ontzat ematen zabortegia handitzea: "Beraiek proposatzen dutena da Lapatxen beste zabortegi bat egitea trukean herritarrei ezer eskaini gabe, konpentsaziorik gabe". Alkateak azaldu du 75 euro ordaintzen dituztela Lapatxen isurtzen duten tonako; Kantabrian, berriz, 96 euro, BEZa salbu, pagatu behar dute: "Lapatxekin jarraitu nahi dute aukera merkeena delako, ez gipuzkoar edo azpeitiarrentzat onena delako". Berari "azpeitiarren ongizatea defenditzea" egokitzen zaiola esan du Etxeberriak. Konpentsazioak agintzen badituzte ere, osasunaren eta ekonomiaren artean, "oso argi" du zer aukeratuko duen, bere hitzetan. Hala ere, uste du erabaki horiek ez direla "bulego itxi batean" hartzekoak. "Gure helburua Lapatx ixtea da, esan dezala GHK-k bere eskaintza zein den", esan du.

Aitor Gorrotxategi

Azpeitiko Udaleko EAJko bozeramailea

"Nahikoa solidario izan gara jada, horretan ados gaude EH Bildu eta EAJ"

Aitor Gorrotxategi Azpeitiko Udaleko EAJko taldeko bozeramaileak esan du Lapatx ixtearen aldekoak direla beraiek. "Horretan ados gaude EH Bildu eta EAJ: nahikoa solidario izan gara, nahikoa da", nabarmendu du. "Lapatx handitzea onartzeko, ziurtatu beharko ligukete alternatiba landu bitartean izango lizatekeela, data eta konpromisoekin beharko nuke dokumentu bat", esan du. Gogorarazi du 1988tik dabiltzala borrokan, eta "bukaerarik ez" duela jarraipen horrek. "Itxiera ordenatuaren" alde dagoela esan du Gorrotxategik, baina "berehala" behar duela soluzioa. Gorrotxategiren arabera, politikari bezala baino, herritar bezala begiratzen dio gaiari. "Dagoeneko nazkatu dira guztiak Lapatx ixtera doala entzuteaz, eta herritar bezala ikusten dut hori", esan du. Horregatik, baieztatu du lanean jarraituko dutela, itxieraren alde.

Kronologia

Hastapenak

1981. Gipuzkoako Foru Aldundiak ikerketa bat egin zuen kontrolatutako zabortegia non jarri zitekeen ikusteko. Hemezortzi guneren artean, Lapatx aukeratu zuten, eta lanak hasteko baimena eman zuen. 125 milioiko aurrekontua aurreikusi zuten. Hasiera batean, honako lau udalerrientzat zen: Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa. 1981. Azpeitiko Udalak lurrak desjabetu zituen; eta, Azkoitiko Udalarekin batera, Estanislao Narbaiza Guridi ingeniariari eman zion zabortegi berria egiteko proiektua.

Irekiera

1988. Lapatx inauguratu zuten Jose Mari Bastida (EAJ) alkatearen eskutik. Zabortegiak 20 urteko bizitza zuela esan zuten. 1999. Lapatx Zabortegia S.A. sortu zuten, zabortegia kudeatzeko. Urola Erdiko Mankomunitatea izendatu zuten, ordea, zerbitzuaren titular gisa. - Martxoan, lankidetza hitzarmena sinatu zuten mankomunitateak eta Azpeitiko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Zer hondakin jaso behar zituzten zehaztu zuten: Urola Erdikoak, Urola Kostakoak eta Debabarrenakoak. - Zabortegia ixteko lehen aurreikuspena egin zuten: 2009a. 2005. Desagertu egin zen Azpeitiko Udalak sortutako Lapatx Zabortegia S.A. enpresa, eta Urola Erdiko Lapatx Zabortegia S.A. sortu zuten, mankomunitatearen jabetzakoa.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren sorrera

2007. Gipuzkoako mankomunitate guztiek lankidetza hitzarmena sinatu zuten —Txingudikoak izan ezik—, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa sor zedin. Hitzarmen horretan 2009an Lapatx itxiko zutela jaso zuten. 2008. Errenteriako San Marko zabortegia itxi zuten. 2009. Hitzarmena sinatu zuten GHK-k eta Urola Erdiko Lapatx Zabortegia S.A.-k. Hitzarmen horretan, besteak beste, jaso zuten transferentzia zentroaz eta konpostajea egiteko baliabideez hornituko zutela zabortegia. - GHK-k ez zuen bete Lapatx ixteko emandako hitza, eta handitu egin behar izan zuten zabortegia. 375.000 tona gehiago hartzeko moldatu zuten Lapatx. 2011. Ingurumen Baimen Bateratua eskuratu zuen Urola Erdiko Lapatx Zabortegia S.A.-k.

Gipuzkoako itxierak

2014. Gipuzkoako zabortegietako itxiera epeak iragarri zituen aldundiak, eta 2015eko apirilean jarri zioten itxiera data Lapatxi. - 2014ko abenduan itxi zuten Zarauzko Urteta zabortegia. 2015. Beasaingo Sasieta zabortegia itxi zuten urte hasieran. - Azaroaren 3an Urola Erdiko Mankomunitateak gehiengo osoz onartu zuen 2016ko otsailaren 3tik aurrera bailaratik kanpoko zaborrik ez jasotzea. lapatx soilik gelditu da 2016. GHK-k epea luzatzea eta eremua handitzea eskatu zion Urola Erdiko Mankomunitateari, eta herenegun, otsailaren 1ean, ezohiko batzarra egin zuen mankomunitateko zuzendaritzak: Gipuzkoako zaborrak jasotzen jarraitzeko epea luzatzea erabaki zuten, zabortegia guztiz bete bitartean. Zabortegia handitzeari, berriz, ezezkoa eman zioten, gehiengo osoz. Beizamako Aurrena Beizama Bai plataformako kidea soilik abstenitu zen. - Azpeitiko Udalak atzo erabaki zuen, ohiko udalbatzan, GHK-k mankomunitatearen erabakia errespetatzen ez badu, Azpeitian herri-galdeketa egitea.  
   

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide