Badator hezkidetzaren festa

Ana Abarisketa 2015ko eka. 2a, 11:41

Helduen islada dira gazteak, hala diote Arremanitz-eko kideek. Hezkidetza lantzen dute zonaldeko ikastetxeetan, eta gizarte parekideagoa dute helburu. Ostiralean ikasturteko festa egingo da, Azkoitiko plazan.

Arremanitz-eko kide Haizea Egiguren eta Asier Baglietto (Ana Abarisketa/Hitza) Ez da ohikoena izan eskola klasikoaren estrukturetan emozioen kudeaketaz, zapalkuntzez, sexualitateaz edo harremanen kudeaketaz hitz egitea. Eta horixe da hain justu hezkidetzaren egitekoa: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea. "Gelan ez gara denok berdinak", dio Asier Baglietto Arremanitz kooperatibako kideak. "Guretzat oso garrantzitsua da pertsonak osotasunean hazi ahal izatea", eta, beraz, matematikaz gain, emozioen kudeaketaz ere hitz egin ahal izatea ikasgeletan. Hezkidetzak ibilbide luzea darama ikastetxeetan eta horretan dihardute Arremanitz kooperatibako hezitzaileek. Haizea Egigurenek eta Asier Bagliettok lau urte daramatzate, Harremonak programaren bidez, Azpeitiko ikastetxeetako ikasleekin emozioez hitz egiten. Ikasturte honetan sartu dira aurrenekoz Azkoitian, eta datorren ikasturtetik aurrea Zestoan hasiko dira burubelarri. Parekietasuna, sexu hezkuntza eta tratu onak ardatz hartuta, edozertaz hitz egiten dute ikasgeletan. Hala, beldurraz edo maitasun erromantikoaz aritu dira, parekidetasunaz eta sexuaz. Betiere, ikasleen autonomia bultzatzea izanik helburu. "Gure helburua da beraiek babestea, zaintzea eta laguntzea; eta hortik aurrera, erabakiak beraiek hartzen dituzte", diote. Autonomia horretatik jaio da, hain zuzen, ostiralean Azkoitiko plazan egingo den Tratu Onen festa, ikasleek beraiek proposatu baitzuten ikasturteari amaiera emateko festa egitea. Hala, Azkoitiko eta Azpeitiko ikasleak batuko dira herriko plazan, eta Hernanitik ere autobus bete gazte etorriko da.

Foroaren garrantzia

TO! festa urte osoko lanaren erakustokia izango da, egindako lana herritarrekin konpartitzeko. Denetarik egongo da ostiralean: jateko postuak, haur eta gazteentzako muralak, herritarren TO!paketak, Tiktara taldearen kontzertua eta DJ emanaldiak... Txikienentzako tailerrak ere egongo dira, hala nola, jolas kooperatiboak, ipuin kontalariak, marrazkiak... Denak dira ongietorriak, 16:00etatik aurrera. Lehen Hezkuntzako 6. mailatik hasi eta Batxilergora bitarteko ikasleekin lan egiten dute. Hezkidetza Foroak izandako emaitzarekin oso gustura daude, baztez ere, izandako hedapenarekin. Foroan parte hartu dute Azpeitiko, Azkoitiko, eta, orain, Zestoako Gazteria Zerbitzuetako arduradunek eta udaletako Berdintasun teknikariek; ikastetxeetako ordezkariek; eta Arremanitz-eko kideek. Bilera hauetatik jaio zen, esaterako, pasa den otsailean aurkeztutako Jolas Denbora proiektua. Hala, besteak beste, formazio praktikoa eta teorikoa eskaini zaie irakasleei, pixkanaka jolas denbora hezkidetzaileagoa lortzeko. Izan ere, eskoletako patioak mutilek okupatu izan ohi dituzte tradizioz, futbol zelaiek erdigunea hartuz. Arremanitz kooperatibak jorratzen duen Harremonak programaren helburuetako bat da hezkidetza lantzeko forma klasikoei buelta eman eta hezkidetza kalera ateratzea. "Gure ahalegina da gazteen inguruan dauden eragile guztiek hezkidetza beren gain hartzea", azaldu du Asier Bagliettok. Zentzu horretan, bi herrietako "gune ilunak" identifikatu eta buelta ematen ahalegindu dira ikasturtean zehar, herriko gune zehatz batzuetako paretak koloreztatuz. Zonaldeko ikastetxe batean eraberritze lanetan ari dira, eta aztertzen ari dira nesken eta mutilen bainugelak ez bereiztea. Beste pare bat ikastetxeetako jolastokietan ere aldaketak izango dira laster, eta jolastokiei zer forma eman eztabaidatzen ari dira. "Hori sekulako fruitua da guretzako", esan dute. Pixkanaka gauzak aldatzen ari diren seinale.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide