Joseba Illarramendi eta bikotekidea, bi alabekin. (Argazkia: Joseba Illarramendik utzitakoa)
Joseba Illarramendi (Zestoa, 1974) lanbidez Zestoako San Juan Egoitza Fundazioko zuzendaria da. «Egoitza fundazioarena berarena da, baina horrez gain eguneko zentroa eta apartamentu tutelatuak ere kudeatzen ditugu». Lana hori badu ere, bere bizitzaren parte dira musika eta mendia ere. Lin Ton Taun taldeko kidea da, eta azkenaldian mendi proba luzeetan parte hartzen ari da, nahiz eta mendia «orokorrean» bizi duen.
Afizioetako bat musika duzu.
Musikarekiko lotura umetatik dut, eta ez dut inoiz utzi. Bederatzi urterekin esku soinu ikasten hasi nintzen Mardu zaharrarekin, Arroan10 urterekin Santa Eskean hasi, eta ordutik soinua ez dut utzi. Eskusoinua afizioa baino gehiago, nire bizitzako parte garrantzitsua izan da. Inoiz ez dut utzi. Hasieran lehengusuarekin (Jon Rezabal
Munatxo) trikitilari ibili nintzen. Trikitilari bikote bezala herriz herri eta plazaz plaza ibiltzen ginen, txapelketetan ere askotan parte hartu dugu. Gero, 17 bat urterekin-edo Lin Ton Taun taldea sortu genuen. Gero, herriko musika eskolan bost edo sei urtean trikitixa irakasle ere izan nintzen, trikiti eskolaren sorreratik. Beti jarraitu dut soinua jotzen, bai etxean, baita lanean ere, egoitzan. Orain astean behin erromeria egiten dugu egoitzan, eta egoiliarren baten urtebetzea denean ere soinua hartzen dut. Beraz, soinuarekiko lotura bizi osokoa da, afizioa baino gehiago da niretzako.
Lin Ton Taun urteak jo gabe egon ondoren, Patana Fest-en itzuli zen oholtza gainera. Ordutik, batetik bestera zabiltzate, kontzertuak emanez. Itzulerako esperientzia nolakoa izaten ari da?
Lin Ton Taun taldea 1999 inguruan utzi nuen. Ordutik Patana Fest-era 14 urte-edo pasa dira. Beste adin bat dugu, eta bizian hartutako konpromisoak ere gehiago dira: bi alabaren aita naiz, lana... 20 urterekin duzun ikuspuntua eta 40rekin duzuna ezberdinak dira. Bestelakoa da nire egoera pertsonala orain, baina ilusioa bera da. Oso-oso ondo ari naiz pasatzen.
Noiz duzu Lin Ton Taunekin hurrengo kontzertua?
Abenduaren 28an, Oñatin. Lin Ton Taun behin ere ez dugu esan desegin zenik, baina utzita egon gara. Patana Fest Zestoan antolatu zen. Aurretik beste gonbidapen batzuk jaso genituen, baina beti ezetz esan genuen. Zestoarako baiezkoa eman genuen, aurrera segi edo ez ikusteko, neurri batean. Patanakoa mugarria izan zen; oso ondo atera zen. Oso bizipen onak izan ziren, eta urtea bukatu bitartean beste kontzertu batzuk lotzea erabaki genuen. Datorren urtean jarraitzekotan gara, pixkanaka eta erritmo oso lasaian. Hasierako seiok gaude taldean, eta oso polita da.
Soinuarekiko lotura bizi osokoa da; afizioa baino gehiago da niretzako"
Mendia modu askotara gustatzen zait; mendia da nire pasioa"
Musikari lotuta zaude, baina mendiarekiko ere baduzu lotura.
Bai, mendizalea naiz oso; mendia era askotara gustatzen zait. Mendia nire pasioa da. Mendizaletasuna musika baino geroagokoa dut. 20 urte arte oso kirol gutxi egin nuen; beti musikaren aldetik jo nuen eta nire gaztaroan ez nuen kirol asko egin. Mendira bikotekideak bultzatuta hasi nintzen: oinez, elurretan asko eskiekin,
snowboard-arekin, mendiko eskiekin, eskalatzen pixka bat. Azkenengo hogei urteak mendiari oso lotuta egin ditugu. Guraso izan arte, aukera geneukan asteburu osoko irteerak egiteko Pirinioetara eta, baina haurrekin plan horiek zailagoak dira. Horregatik, beharrak eraginda neurri batean, biok irteera azkarragoak egiten hasi ginen, mendian lasterka egiten. Hori ere oso ederra da, sentsazio oso polita da, eta biok mendi lasterketekin katigatu egin gara.
Azkeneko mendi lasterka handia urrian egin duzu.
Bai, urriaren 19an Desafio Cantabria izeneko lasterketa egin nuen, 90 kilometrokoa, eta orotara 12.000 metroko desnibelarekin. 18 ordutan egin nuen. Aurretik, uztailean, Goierriko bi handiena egin nuen. Iaz hasi nintzen proba luzeetan; Hiru Handiak egin nituen, eta gustatu egin zitzaidan, nahiz eta asko sufritu. Orain, mendi lasterketa luzeak edo
ultrak egiten hasi naiz, baina tartean motzak ere egiten ditut. Motzetik hasi nintzen, eta pixka bat luzeagoak egitera pasatu naiz.
Adin kontua al da gero eta mendi lasterketa luzeagoak egiteko joera?
Ez dakit adin kontua den, baina luzeak egiten hasi aurretik prozesua igarotzea beharrezkoa da. Esperientzia eta heldutasuna behar dira horrelako proba luze bati aurre egiteko; nahiz eta jende gaztea ere ibili, gutxienekoa dira gazteak. Proba luze edo ultra bat egiteko buruz heldutasuna izan behar da; proba luzeak dira, ordu askokoak... Entrenatzeko ere disziplina dezentea izan behar da, nahiz eta ni pixka bat anarkikoa izan. Jarraitasuna behar da, eta ez hilabete batean edo hirutan ibiltzea. Prestatzeko denbora luzeko segida bat behar da; agian horrek berak adin jakin bat eskatzen du.
Fisikoaz gain burua ere behar delako?
Fisikoki prestatuta egon behar da, baina baita buruz ere. Ni astean hirutan entrenatzen naiz. Fisisikoaren eta buruaren artean oreka bat behar da. Horrelako probetan buruak ere asko jokatzen du. Hainbeste orduko lan batean buruak askotan esaten du: «utz ezak». Eta gorputzak ere bai asko egindakoan: «Geldi hadi». Gero horri zentzua aurkitu behar zaio. Neuk askotan galdetzen diot neure buruari zergatik egiten dudan, baina ez daukat oso garbi. Oso polita da, eta bukatzen denean sentitzen dena... Orain, proban bertan disfrutatzen ikasten ari naiz. Lehenengo proba luzea egin nuenetik azkengora arte ikasi egin dut: erritmo onak hartzen, tentsio gabe korrika egiten, eta gozatzen.
Burua kontrolatzen jakiteak eguneroko bizimodurako balioko du, ezta?
Nik uste dut baietz. Azkenean, dena bezala da. Mendiko esperientzia da hori, baina beste bizitzako zenbait esperientziatan bezalaxe, ikasi egiten da, eta justu proba hauetan bizitakoak gero bizitzarako balio du. Pazientzia izaten erakusten du, hotzean pentsatzen...
Hurrengo erronka zein duzu, elurretako probaren bat?
Alti Toyn lehiatzeko eman dugu izena, bikotekideak eta biok. Frantzian dago, Luz Ardidenen, Tourmalet-eta inguruan. Tradizio handia dago mendiko eskia egiteko, eta urte batzuk daramate proba antolatzen. Iaz egin genuen aurreneko aldiz, eta aurten berriro egitera goaz, otsailean. Bi eguneko proba da. Mendiko beste atal bat da, eta nik dena mendizaletasunaren baitan sartzen dut: mendian lasterka egitea, alabekin paseatzera ateratzea, elurretan ibiltzea... Dena da mendia, eta dena aurrera eramateko mendian ibili behar da. Mendian askotan bakarrik ibiltzen naiz, eta da neure buruarekin egoteko bilatzen ditudan momentu horietako bat. Niri oreka ematen dit, nire biziaren baitan (lana, familia, taldea...) denari oreka mendiak ematen dio, mendian bakarrik ibiltze horrek. Lagunartean-eta ibiltzen naiz mendian, baina bakarrik ibiltzea asko gustatzen zait. Naturan eta mendian bakardade horretan ibiltzeak lasaitasuna ematen dit, gauza asko pentsatzen ditut.