Lotura zuzena du eskualdearekin. Aita zarauztarra eta ama azpeitiarra, eta bera Zestoan jaioa da. Dena dela, urtebete zuela Errenteriara joan zen bizitzera Esther Uria (Zestoa, 1970) aktorea. Bihar gauean Zumaian izango da, Itzurun tabernan,
Cada dia es solo una vez al dia bakarrizketa komikoarekin.
Bazkarrizketaren izenburuari erreparatuz gero, carpe diem mezua zabaldu nahi duela dirudi.
Denboraren iraganaren inguruko hausnarketa egiten dut ikuskizunean. Hausnarketa horretan nire bizitza errepasatzen dut; hau da, nola urteak aurrerantz egin duten eta urte horietan zer gertatu zaidan. Horrekin guztiarekin azaldu nahi dut ez dugula denbora galdu behar atzera begiratzen, edo pasatako garaiak egungoak baino hobeak izan zirela pentsatzen. Egunean egunekoa bizi eta aurrera jarraitu behar dugula, alegia. Gaur egun egoera tristea bizi dugu, eta ikuspegi positibo bat zabaldu nahian dator obra; betiere, umore giroan.
Gaia existentzial samarra den arren, taularatuko duzuna barre egiteko saioa izango da, ezta?
Barre egiteko lana da, bai. Hala ere, egitik sortuta dago: nire errealitatetik abiatzen da, nahiz eta gero desitxuratu egiten den. Azken finean, hori da umorea. Errealitatea ikuskatu ondoren, ondorio erreal batzuk ateratzen dituzu, baina horri jira-birak ematen dizkiozu umorera iristeko. Golden Apple Quartet taldeko kide Edu Errondosoro —Uriaren senarra — arduratu da bakarrizketaren gidoiaz. Nire hausnarketak hartu eta irauli egin ditu, barregarria bihurtzeko. Bakarrizketa honetan egiten dudan lehen gauza nire buruaz barre egitea da, eta hori inportantea da. Oso ariketa sanoa da, batik bat aurrerantz jarraitzeko.
Apunte biografikoetatik abiatzen zara. Kontagai duzun guztia zure bizitzan oinarrituta dago ala fikzioa oso presente dago?
Gertakari autobiografikoak badira ere, tartean fikzioa nahasten dut. Nolabait esateko, ideia erreal bati tiraka hasten zara, beste norabait iristeko. Horrela, benetakoak ez direnak kontatzen dituzu, asmatutako gauzak. Bakarrizketak bietatik du: benetakotik eta asmatutik. Saioa bukatu ondoren publikoa jakin-minez gerturatzen zait kontatutakoak ea benetan gertatu zitzaizkidan galdetzera. Oso dibertigarria egiten zait. Batzutan fikzioa dirudien arren, errealitatea izaten da.
Ama Birjinaren deiaren kontakizuna ez da egia izango bada?
Hori ez zait gertatu errealitatean, baina taula gainean, aldiz, bai. Horretarako gaitasuna dut! Misterio edo mirakulu hori bakarrizketan baino ez zait gertatzen. Beraz, zientzia fikzioaren osagaia ere badu ikuskizunak.
Jendea galdezka etortzen zaizula diozu. Publikoarekiko konplizitatea lortzen duzun seinale?
Horretan saiatzen naiz, konplizitate hori bilatzen, dela begiradarekin dela keinuekin. Ikuskizunean buruz ikasitako testu bat jarraitzen dut, baina zuzenekoan gauzak gertatzen dira, eta hori ezin duzu saihestu. Horrelakoetan inprobisaziotik jotzen ahalegintzen naiz. Publikoaren erreakzioen aurrean erreakzionatzen saiatzen naiz. Horrek ikuslegoarekiko konplizitatea areagotzen du. Niretzat oso garrantzitsua da haiekin loturak sortzea, agertokian bakarrik nagoelako eta ez dudalako beste inoren laguntzarik. Orduan, komunikazioa edo hartu-emana ikuslearekin egin behar dut. Publikoa bakarrizketa bateko oinarrizko elementua da.
Pasarteren batek ikuslea suspertzen duela ikusten baduzu, gaiari heltzen diozu, unea baliatuz?
Bai, ez dut beste bakarrizketa bat egiteraino luzatzen. Baina tesitura aprobetxatzen dut, eta gauzatxo berriak sartzen ditut, testuan agertzen ez direnak. Horretarako atentzio handia jarri behar duzu, baita adi-adi egon ere.
Hainbat telesailetan eta filmetan ikusi izan zaitugu, baina oraingo honetan formatu txikiko antzezlan batekin zabiltzan. Nolatan dator aldaketa hori?
Krisian gaudelako sortu zen bakarrizketaren ideia. Duela urte batzuk bakarrizketa bat egin nuen,
Urak dakarrena glu-glu, glu-glu izenburupean, eta, gainera, Zumaiako kultur etxean estreinatu nuen, harrera oso onarekin. Banuen Zumaiara itzultzeko gogoa, oroitzapen onak nituelako. Esperientzia horrekin eta lan gutxi dagoela ikusita, neure kasa ekitea erabaki nuen. Udan, Edu eta biok zer egin genezakeen pentsatzen hasi ginen, eta bakoitzaren dohainak baliatuz, formatu txikiko lana hau sortu dugu. Gainera, horrelako ikuskizun bat batetik bestera mugitzea errazagoa da. Lan egiteko gogoa duzunean norberak sortu behar du lana, telefonoaren deiari itxaron gabe.
Egindako apustua bere fruitua ematen ari da: hilabete osoan Bilbon izango zarete, esaterako.
Hori da. Gainera, larunbatean Zumaiako Itzurun tabernan ez ezik, Donostiako Ernest lluch kultur etxean izango naiz. Saio bikokitza dugu egun horretan; Donostian, 19:30ean, eta Zumaian, 23:00etan. Beraz, motorra ongi berotuta eramango dut Itzurunera.