Atzo aurkeztu zuten ekimena Aldundiak eta Lurpea elkartea osatzen duten kobek. (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)
Zestoako Ekainberri erreplikak IV. Kobazuloen Eguna ospatuko du etzi, eta bisitariek gizakiaren iraganeko arrastoa bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute egun osoan. Zestoan ez ezik, Euskal Herriko beste sei leizetan ere ospatuko dute ekimena, laugarren aldiz, Lurpea elkarteak sustatuta.
Atzo aurkeztu zuten egitasmoa kobazuloetako arduradunek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bertan izan zen Juanjo Aranburu, Ekainberriko koordinatzailea ere. Adierazi zuten moduan, seigarren kontinentea delakoari so egingo diote etzi, eta lurpeko ondarea ezagutuko dute bertaratzen direnek, antolatzaileen ustez, «hurbil izan arren, baliabide ezezagunak» gordeta baitituzte leizeek. Horretarako, eskaintza bereziak prestatu dituzte Zestoan. Ekaingo koben erreplikara erdi prezioan sartzeko aukera izango dute bisitariek, esaterako. Halaber, bisita gidatuak egingo dituzte, eta horien bidez kobazuloen ezaugarriek bertan bizi ziren gizakiengan eta horien bizimoduan nola eragiten zuten ikusi ahal izango da.
Ekainberriren egunean,
Ekain abenturan egitasmoaren bidez, bisitariek sua egiten, ehizatzen edota margotzen ikasiko dute.
Euskal Herriko zazpi kobak
Zestoan ez ezik, Zugarramurdiko Sorginen Kobetan, Urdazubiko Leizean, Sarako Leizean, Pozalaguako Kobetan, Mendukiloko Kobetan eta Arrikrutz-Oñatiko Kobetan egingo dute ekimena, eta horietan ere askotariko ekintzak izango dituzte; guztiek osatzen dute Lurpea elkartea 2008az geroztik. Koba horietara joaten direnen artean, gainera, Zestoako Aizarnako Aranburu landaetxean asteburu bateko egonaldia eta zazpi leizetara sartzeko bono bat zozkatuko dute.
Aldundiko Turismo zuzendari Roke Akizuk jakinarazi zuen aurreko urteko Kobazuloen Egunean 2.000 pertsona baino gehiagok bisitatu zituztela Lurpean elkarteak batzen dituen zazpi kobazuloak. Halaber, leize horiek 2012an 280.000 bisitari izan zituztela gaineratu zuen. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari Garazi Lopez de Etxezarretak, berriz, herritarrak etzi haitzuloetara joatera animatu ditu: «Guztion ardura da gure ondarea zaintzea, eta, zalantzarik gabe, kobazuloetara joaten diren bisitariek lan horretan laguntzen digute. Kobazulo horiek zaintzen eta babesten laguntzen digute; baita ondare hori ezagutzera ematen ere».
Informazio gehiago eskuratu daiteke Lurpea elkartearen webgunean.