Baratza Ikaslab proiektuko kideak batu dira Orokietan

Mireia Galarza Bastida 2025eko abenduaren 18a

Duela hamar urte baino gehiago eman zioten hasiera proiektuari. Eragile guztiek egitasmoaren inguruko balorazio positiboa egin dute Zarauzko ekitaldian

Goiz berezia izan zuten atzo Orokieta herri eskolan. Izan ere, urte luzez landutako Baratza Ikaslab proiektuaren aurkezpena egin zuten, eta abagunea aprobetxatu zuten ibilbidean zehar egitasmoan parte hartu duten eragileei eskerrak emateko. Orokietako ordezkaritzaz gain, bertan izan ziren Zarauzko Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako, EHUko, Aranzadi zientzia elkarteko, Hazi Sarea elkarteko, Balurdin guraso elkarteko eta Kimu Bat taldeko ordezkariak ere. 

Denak ikastetxe aurrean agurtu ostean, hainbat ikaslek eman zieten ongietorria gonbidatuei, eta beraiek gidatu zituzten baratzea kokatuta dagoen lekuraino. Proiektuaren bueltan egindako lan guztiei buruz hitz egiteaz gain, hausnarketak partekatzeko nahiz etorkizunari keinu egiteko ere aprobetxatu zuten bertaratutako kide guztiek atzoko goiza. Maider Cachon ikastetxeko zuzendariaren hitzetan, "ezinbestekoa" zen zuzenean banaka-banaka hainbeste urtetan lanean aritutako eragile guztiak elkartzea. 

Bide luzea

2010ean hasi ziren Orokietan eskuliburuak kendu eta proiektuzka lan egiten, eta 2019an, behar ez zituzten informatika gela pare bat kendu ostean, sortu zuten Ikaslab gela, gerora iritsitako guztiaren lehen hazia. Paraleloki, garai horretan zegoen baratzea txukuntzen hasi ziren ikastetxeko kideak, "denentzako mesedegarri" izango zen espazio bat sortzeko asmoz, Agenda 2030eko helburuekin lerrokatuta. Eskola Jasangarria ziurtagiriaren titulua lortzeko aukera sortu zitzaion orduan Orokietari, eta hori eskuratzeak, aurrera jarraitzeko indarra eman zion ikastetxeari. Baratzea atontzeaz gain, Urmael Sarera ere batu zen Orokieta, garaiko putzua urmael bihurtu ostean. 

Cachonen esanetan, puntu horretan hasi zen Orokieta egun osatzen duen sare handi horretako zati txikia sortzen. Eragile horietaz gain, guraso boluntarioen lana ere azpimarratu zuen Orokietako zuzendariak: "Ikasturtean egiten ditugun proiektu guztiak egin ahal izateko, 25 familia boluntario etortzen dira uda bakoitzean. Beraz, nabarmen esan dezakegu boluntario sare indartsua duela gure eskolak". 

Euskal Herritik haratago ere izan dira Europako beste ikastetxe batzuetako ereduak ezagutzen, eta leku horietatik "eskulanaren garrantziaren ideia" ekarri dute. Horri erantzunez lortu zuen iaz Orokietak Ikaslab proiektua osatzea, sukaldea, laborategia eta sorkuntzarako beste gune batzuk txertatuz. "Inoiz ez dugu ahaztu, ordea, barruko horrekin lotuta egon behar zuela kanpokoak ere, proiektuetatik zentzumenetara ekarrita. Ikasleek egunerokotasuneko ekintzak nola gertatzen diren ezagutzea ezinbestekoa da, eta hori Ikaslabek zuzen-zuzenean ahalbidetzen du", kontatu zuen Cachonek.

Txikitatik hasita

Ikaskuntza esperientzia horrek ikasle txikienetatik hasi behar duela ere nabarmendu zuen atzo Orokietako zuzendariak. "Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntza amaierara bitartean proposatzen ditugun proiektuak lotuta daude, elkar zapaldu gabe. Egun 24 proiektu ditugu martxan ikasturte osoan, eta horietan ekarpenak egiten dizkigute EHUko hainbat proiektutako kideek", gehitu zuen. 

Oro har, ordea, denen laguntza behar dutela ere azpimarratu zuen Cachonek, haren esanetan ez dagoelako eskola publikoan "egiteko beste modurik". "Jasangarritasunaren inguruan  sortu dugun sare honek erdigunean du ikaslea, eta umiltasun osoz, beste eskola publikoentzako eredu izan daitekeela iruditzen zaigu", esan zuen. 

Balioen sustapena

Erakunde publikoetako ordezkariek nabarmendu zutenez, beraiek prest daude horrelako proiektuak etorkizunean ere laguntzen jarraitzeko, hain zuzen ere, "hitzetatik haratago, ekintzekin irakasteko". Horregatik, "beharrezkotzat" jo zuten erakunde publikoak eskola publikoen balioekin "guztiz lerrokatzea". 

Gainera, egun eskolak pareten artetik ateratzea "erabat garrantzizkoa" dela gehitu zuten, horrek "ikasketa esperientziala" ahalbidetzen duelako, eta horrela, ikasleak beraiek "ikertzaileak" bihurtzen direlako. Haien esanetan, ikasleek espazio horietan galderak egiten dituzte, eta "galderak egitea ikastea da, hipotesiak planteatzea eta ondoren erantzunak bilatzea". Aldi berean, horrelako proiektuek natura balioen sustapena areagotzen dutela azpimarratu zuten, baita urmelarekin ekosistema naturalen zaintzan Orokietak egiten duen ekarpena balioetsi ere. 

Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkariek ere egin zituzten ekarpenak. Haien ustez, transferentziaren atalak pisu handia du zientzialarien artean, eta EHU ez litzateke izango dena beraiek egiten dutena komunitatera helaraziko ez balute. Zentzu horretan, poza adierazi zuten duela urte batzuk martxan jarritako ideia eta ereduak martxan eta praktikan ikusi dituztelako.

Ikastetxeak jasangarriak izatearen garrantziari buruz ere mintzatu ziren atzoko hitzorduan. Izan ere, hizlarien esanetan, larrialdi klimatikoari edo desoreka sozialari erantzutea dira gaur egungo erronka nagusietako batzuk. 

Esandako guztia jasota eta gonbidatuen bihotz oneko hitzak eskertuta, Oriokietako kideek gaineratu zuten aurrera begira "ausartak" izaten jarraitzeko konpromisioa hartzen dutela, eta elkarlanerako prest egongo direla etorkizunean ere. Parte hartzaile guztiei Orokietako baratzetik ateratako landare txiki bana oparituz amaitu zuten ekitaldia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide