Euskararen gaia modu dibulgatzailean jorratzen zuen programa izan zen bere garaian Tribuaren berbak. Hamar urteren ondoren, zein dira edizio berriaren asmoak?
Helburuek lehen edizioko berak izaten jarraitzen dute. Ez da programa neutro bat, programa konprometitu bat baizik, euskararen biziberritzearen eta hizkuntzen aniztasunaren alde egiten duena. Gure asmoa ez da teoria eta inkesta soziolinguistiko mardulen inguruan hitz egitea, jendearen hizkuntza esperientziak kontatzea baizik. Programaren helburuak izango lirateke jendearengan jakin-mina piztea eta jada badutenengan asetzea, ikusleak informatzea eta irakurketa errealista bat egitea. Errealitatea den bezalaxe kontatzen dugu, baina beti jarrera baikor batekin. Izan ere, programaren bitartez hiztunak aktibatzea ere bada gure asmoa, eta hizkuntza gutxituen aurrean jarrera proaktiboa izan dezaten lortu nahi dugu.
Berrikuntzarik ba al dakar?
Lehenengo berrikuntza nabarmena da: alegia, duela hamar urte Kike Amonarrizek bakarrik aurkezten zuen Tribuaren berbak, eta orain ni izango naiz bere ondoan, bi izango gara. Horrez aparte, edizio berri honetan, euskaraz ez ezik, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez ere egingo ditugu elkarrizketak. Saioek eduki ezberdinak izango dituzte, eta Kikek eta biok lan horiek banatu egin ditugu. Esaterako, beste hizkuntzetan egindako elkarrizketez ni neu arduratu naiz, baita saioak osatzeko egin ditugun off-ez eta sare sozialez ere. Horrez gainera, edizio berri honetan sare sozial gehiagotan izango dugu presentzia. Duela hamar urte X sare soziala soilik erabili zuten, eta aldi honetan Tiktoken eta Instagramen ere aurkitu ahal izango gaituzte. Azken denbora honetan jendeari lehen baino gehiago kostatzen zaio telebista ikustea, eta horregatik egin dugu apustu sare sozialengatik. Plataforma horietarako eduki bereziak sortu ditugu, ahalik eta publiko zabalenarengana heltzeko. Ildo beretik, saioa hizkera erraz batean egin dugu, euskararen maila ezberdinak dituzten pertsonek ulertzeko gisan.
Zergatik erabili ingelesa, frantsesa eta gaztelera euskararen inguruko programa batean?
Gai zentrala euskara da beti, baina beste hizkuntzak erabili ditugu kanpoko jendearekin komunikatzeko, eta euskaraz eta hizkuntzaren biziberritzeaz dituen iritziak jasotzeko. Horrez aparte, Euskal Herritik atera gara beste hizkuntza gutxitu batean hitz egiten duen jendearekin egoteko eta haren egoera zein den ezagutzeko. Astero gai ezberdin bat jorratuko dugu, eta horietako batzuk Euskal Herriko zonalde zehatzen inguruan izango dira, hala nola Nafarroaren eta Iparraldearen inguruan.
Hamabi atal izango ditu edizio berri honek, eta lehenengoa Londresen grabatu duzue. Non gehiago ibili zarete?
Nazioartera atera gara, baina gehienbat, noski, Euskal Herrian ibili gara, zazpi probintziak zeharkatu baititugu. Londresen eta Herrialde Katalanetan ibili gara, eta, gero, Australiako, Mexikoko eta Marokoko hizkuntza gutxitu batzuetako hiztunekin eta aktibistekin izan gara, Garabide elkarteak antolatuko formakuntzaren baitan. Londresen hasi dugu bidaia, eta Herrialde Katalanetan amaituko dugu ibilbidea.
Nola egiten da horrelako programa bat erakargarri?
Tribuaren berbak bere sorreratik izan da entretenimendu programa bat, baina dibulgatzailea. Hortik abiatuta, erakargarria izateko gakoetako bat hizkuntzaren maila izango litzateke. Horrez gain, bitxikeriak kontatuko ditugu saioetan, eta elkarrizketak zertxobait zuzenagoak izango diren arren, beti bilatu dugu gertukotasuna. Elkarrizketa guztiak kalean egin ditugu, albo batera utzi nahi izan baititugu barrualdean egon daitezkeen eremu serioak. Transmititu nahi duguna da tribua plurala eta elkarrizketatzen ari garen jendea erabat ezberdina dela. Gaiak ere egunerokotasunari lotutakoak dira, kalekoak, eta animazioekin zein efektu bereziekin ere jokatu nahi izan dugu.
Euskararen biziberritzearekin lotuta dagoen programa bat berreskuratzeko beharra ikusi duzue. Poztekoa ala kezkatzekoa da hori?
Orain izan dugu aukera programa hau berriro ere egiteko, telebistak berak apustu egin duelako proiektuarengatik. Hori horrela izanik, uste dut horrelako gaiak lantzea gaurkotasunekoa dela, eta beti dela beharrezkoa. Elkarrizketak egin ditugunean sumatu dugu jendea oso-oso ilusionatuta dagoela, baita kezkatuta ere, badakigulako ez gaudela euskararen sasoi osasuntsuenean. Azken denboran asko entzuten da euskararen aurkako oldarraldiaz, eta epaitegietan ere izan dira zenbait kasu hizkuntzaren aurka. Hau da, jendea kezkatuta dago euskararen egoerarekin, baina horren gainetik, kalean sumatu duguna da herritarrak ilusionatuta eta gogotsu daudela, baita itxaropentsu ere. Asko eta asko gara normaltasunez gure hizkuntzan bizi nahi dugunok. Ikusi dugu, baita ere, norbanako eta eragile ugari daudela hor kanpoan, hizkuntzaren alde lan asko egiten dutenak. Oso argi dut hizkuntzaren biziberritzea bizipen positiboekin lotuta dagoela, eta horretan ari naiz lanean.
Zer moduz sentitu zara lehen aldiz kameraren aurrean eta aurkezle lanetan?
Niretzat Tribuaren berbak programako edukia beti izan da fantasia bat. Uste dut jendea harrapatzen duela bertako edukiak, herritarrak identifikatuta sentitzen direla, ilusioa pizten duela, entretenitzeko ahalmena duela, eta baita irakastekoa ere. Betidanik gertutik jarraitu izan ditut programa eta Kike Amonarrizen lana, eta horrexegatik niretzat opari bat izan da edizio berri honetan parte hartzeko aukera izatea. Telebistak barrutik nola funtzionatzen duen ikusteko balio izan dit, jendea ezagutzeko...
Nolakoa izan da urteetan zehar jarraitu duzun aurkezle batekin lan egitea?
Gozamena izan da, pila-pila bat ikasi dut. Gidoiak denen gustukoak izan daitezen nola egin, entretenigarritasuna nola bilatu, hizkera ulergarria izan dadin zer egin... hori guztia eta gehiago irakatsi dit. Gainera, lantalde osoak du sentsibilitate bat gaiarekiko, eta hori ere nabaria izan da emaitzan.
Atsotitzak dio bigarren aukerak inoiz ez direla onak izaten. Errespetua ematen al dizue esaera horrek?
Oso-oso ilusionatuta nago proiektuarekin, txoratzen kontsumituko nukeen eduki bat da. Jakitun naiz jendeak ez duela hizkuntzekiko nik dudan interes bera, baina uste dut formatua oso interesgarria dela eta ondo funtziona dezakeela. Euskararen gaiarekiko sentibera izan daiteke jendea, eta horregatik saiatu gara elkarrizketatuak askotarikoak izaten, bai generoari, jatorriari edota adinari dagokionez. Eztabaida ere sortu nahi dugu, eztabaida polita, zein egoeratan gauden gogoeta egiteko. Beraz, beldurrik ez dut batere.